Sekula ikusterik izango ez duzuena

 

Sekula ikusterik izango ez duzuena

erakutsi nahi dizuet,

barne-urradura ustez zintzoz:

inon laketzen ez den haustura petral hau;

berez badenik ere ziur ez dakidana,

neronek ere ezin ikusi, ezin atzemana;

izatekotan ere, justifikaziorik eta baimen moralik gabea,

izenez ere, «haustura» hitzarekin aliritzira deitua.

Haustura bere osotasun trinkoan hautsi ezina,

poema kozkor batzuk idazteko iruzur hutsa, agian.

 

Osorik ikusten nauzue, osorik ukitzen,

baina ni zizareen geroan ez bezain hautsia natza

katabut betaurrekodun honen barruan.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus