Igandea errepide bazterrean
Hau errepide bazterra da,
eta gaur igandea.
Oinak asfalto gainean, autorik gabe.
Ederki.
Beste ikuspuntu bat da,
beste egoera bat,
bizitza laztantzeko beste era bat.
Zibilizazioaren basamortu hutsa irudikatzen du
igande-kolore aniztun autoz betetako zuzengune luzeak.
Inor ez dago.
Inon egoteko, oinak gainean behar dira,
lurra zapaldu eta sentitu behar da.
Ibilbidearen tunelean ezereztuak dira iragaten diren bidaiariak, errepidezaleak.
Transitoan dira bizi orain.
Zer adierazten dut nik hemen?
Ze eratako trafiko seinalea naiz?
Ala eskultura abangoardista bat ote naiz?
Ba ote da nire esanahiari, nire hausturari, nire barne-muinen kanpo isuri zintzo
eta bortitzari antzematen dion txoferrik?
Ba ote da, haizetakotik zehar oinezko arraro honi begiratu ostean, autoa gelditu
eta haren ondoan geratzeko gogorik sentitzen duenik?
Ez nau, ordea, horrek kezkatu behar.
Orain asfaltoari lotzea da kontua, horixe da dena, besterik ezer ez.
Ez dut zuzengunea amaitzerik nahi.
Gozoa da bizitza laztantzeko era hau.
Zuzengunearen osteko ortzimuga gero eta urrunago da ageri.
Gero eta urrunago astelehena ere. |
© Juan Luis Zabala