Abenturak

 

Aldez aurretik daude eginda

bidaia guztiak.

Berenganatu egin gaituzte mapek

eta ezin diogu utzi

bidaiari zaharren arrastoek

ehundutako amaraun hauetan endredatzeari.

 

Arrats girotan blaitua,

berun-herdoilez betea dugu arima,

simaurtegira amildutako kamioia iduri.

Aldez aurretik daude idatziak

negar honi darizkion lerroak.

 

Errepasa ditzagun, ordea,

hildakoen patxadaz,

gure iraungitze-dataz haraindian,

bat hautatzean gainerakoak ahazteko beldurrik gabe,

betean emanak izate hutsari,

antzinako bidaiari eta poeten moduan.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus