Arkitektura

 

Etxeak kanpotik puskatuta eraikitzen dira,

argazkilariak arkitektoaren erretratua ezezik

autoerretratua ere egin ahal izan dezan,

angelurik hautsienak harrapatuz.

 

Etxeak barrutik puskatuta eraikitzen dira,

arbasoen argazki zaharrek eta erlijiozko irudiek

utzitako hutsuneen izu atabikoari aurre egiteko,

idolo berri askotarikoak jarrerarik hautsienetan gurtuz.       

 

Ez zaizkigu etxe puskatuak erortzen,

ez gara erortzen etxe-barru puskatuetan.

Geure barrenetan amiltzen gara,

komuneko zulotik behera doan urari

haurrideminez begira.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus