Erakusketa
Burdina urtuzko erakusketa huts bat bezala sentitzen naiz.
LEONARD COHEN
Hiri barruko autobusetik jaisteak
bat-bateko esaldi deskriptiboa eragin du ni baitan:
«Kolpeka bizi gara eta hautsia dugu barrena.»
Hitzak nahasten hasi zaizkit gero, etxerako bidean.
«Arte abstraktuaren antza hartu dute gure barne-muinek»,
hasi naiz neure artean,
«etengabeko erakusketa abangoardista mugikorra osatzen du gurekin hiriak,
XX. mendeko arte plastikoaren emaitza ausartak biltzen dituena.»
«Beste egun bat hil dugu gaur»,
etorri zait gogora kantu zaharra gogoetaren harira,
«eta bihar kolpeka jarraitu beharko da,
geure barneko hausturari bazka eta asea ematen, eguneroko jatena.»
Alderantzizko autobusak eramango nauela pentsatu dut,
eta beste joera bateko beste artista baten lan berria izango naizela orduan.
Gaitz honek ez du osabiderik.
Ez dago puska hautsiak batzerik.
Ez dago erakusketa hau itxiko duen kristaurik. |
© Juan Luis Zabala