Bi deskafeinatu

 

Bi deskafeinatu eskatu genituen,

haien babesean egiteko,

mahai garbi baten inguruan,

bizitzak egindako zaurien errepasoa.

 

Lasaitu egin gintuen, epel,

hauts marroiaren desegite mantsoak.

Arriskurik gabeko mundu geldo hartan

jainko ttiki izan ginen azukrearekin jolasean.

 

Zurrupaka hasi baino lehen,

eskuak laztandu genizkion elkarri

katilutxoen ingurune lurruneztatuan.

 

Dena ondo zegoen, ados geunden, prest.

Kristalaz bestaldeko espaloia ukatuko zuen

bizitza kafegabetu osoa genuen gure aurrean.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus