Eder abaildu zen hitza

 

Eder abaildu zen hitza

zure ezpainetatik,

kultur premiarik gabeko,

musu truk.

 

Ez nuen hitz hura espero,

ez nekien hitz hura

nahi nuenik ere,

babes epel hura behar.

 

Dena neukalako uste ziurra

dardaratu eta suntsitu zuen,

eta bide berriak zabaldu

ezinegonaren lurralde ustez ahantzietan.

 

Baina ez nuen jakin zer egin

hitz eder abailduarekin,

eta nire barren hautsietan

ez zen inorentzako hitz osorik geratzen.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus