Aterrune

 

Hitzek bustitzen gaituzte lanbro etegabean,

mezuzko hitzak, tantoka hizketan, H2O;

aterpe eskasa, goardasol nekatuak,

hezetasunaren propaganda laino lerden dotoreetatik eskegita.

 

Ez da zaila, bestalde,

ohituraren beheranzko aldapan,

larrosaren bat edo beste aitorturik ere,

gabardinarik gabe bizitzea

eta arrapaladaren zorabioan

ikuspen busti guztiak bateratu eta nahastea.

 

Batzuetan, ordea, atertu egiten du erabat.

Noizbait ere baitako galmendietariko ahotsa dantzut

busti nauten tantoen arteko aldeak konparatzen:

«hidrogeno gehiegi, oxigeno gutxi», izan ohi da kexu,

hala dio behintzat gehienetan.

 

Gogoetaren lautada mugagabean,

atseden, indarberritze, begien bake,

iragan euriak errepasatzen ditut nahasketarik gabe:

galmendiei zer ur komeni zaien jakiten dudan heinean

aiseago asmatuko dut nondik irten.       

 

Behintzat eta bederen, besterik ez bada ere,

behinik behin, ez da gutxi, deus baino hobe.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus