Orain dena ulertzen dut

 

Orain dena ulertzen dut.

Futbolaren balio soziologikoa,

eztei arranditsuen xarma hunkigarria,

motiborik gabeko alaitasun berbeneroaren arrakasta.

Material berdinez zamatutako kamioiak

autobidearen bi norabideetan.

 

Orain badakit zer den asteburua,

ezagutzen ditut absurduaren moldatzeko bere gela askotarikoak.

Badakit zergatik biltzen diren jendetzak.

Badakit, azkar eta zakar esateko, zertarako den Polizia.

 

Orain dena ulertzen dut.

Zubien gainean zeharkatzen ditut ibaiak.

Zabalik ditut edozer sentitzeko bideak.

 

Orain denak bat datoz

puzzle prosaiko honetako piezak oro.

Baina beti-beti hunkituko nau

beren bakarkako moldagaiztasun herrenari begira geratzeak.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus