Erlojua eskuturrean bezala
Erlojua eskuturrean bezala,
bere eremuan geldi,
ordua zuzen adierazi eta egon.
Egon, izan, ia-ia ezer ez.
Eskuturra eremu baketsua da,
xalo eta abegikorra.
Erlojua eskuturrean bezala
ederki egoten da,
atsedenean,
denbora neutral eginik,
ez lagun, ez adiskide,
izate huts, ñabardura,
ezereza inguratzen duen
eskuturreko agiri.
Baina amildegiak sentitzen dira deika,
orratzak zorabiatu nahi dituzten imanak,
mailuak kristala hautsi nahian.
Denborari orratzetatik eutsi nahia,
eskuturra atzamarkatu,
izateari egote berriak zabaldu bat-batean.
Eskuturreko erlojuaren garrasia
desdenboraren erresuman betikotu
beharbada.
Erlojua eskuturrean bezala,
egon, izan, ia-ia ezer ez,
isiltasunaren leize hutsetan sakondu,
indar berriak hartu
galdu baizik ezin egin den borrokarako. |
© Juan Luis Zabala