Eskuen higienea
Eskuak garbitzera noa
lasterka orduerdiro,
eta horrela ezin da.
Horrela, egon gabe nago,
horrela, izan gabe naiz.
Lehortutako lohiak estaliak
behar nituzke eskuak,
olio eta errautsez jantziak,
arrastada gorri-beltzez apain,
Hori gutxien-gutxienez,
elkartasunerako duin.
Haien minarekin kantatzeko
lorik gabeko gau zartatuetan,
uluka, orroaka, marruka, ai ene, ai ene,
zintzo, zabal, zuzen, gertu, laztan, eme,
«hemen nago, ni naiz»,
«hemen nago, ni naiz»,
Historiaren mendi eta kale hezeetan
marrantatutako eztarriek zaildu zuten
harako kantu zahar hark
aspaldidanik dioen moduan. |
© Juan Luis Zabala