Bilkura
Denak elkartu ziren
gauzaki hautsiak batera,
eta asanblada irregularra eratu
independentzia aldarrikapenerako.
Erretako kamioi kabina batek
artea eta herdoila aipatu zituen,
komun eta konketek pitzadura ederretsi,
lohia eta errautsak laudatu ziren goraki,
erlojuetako orratzak noranahi begira.
Hantxe geratzea zen dena,
goi mailako ikasketa amairik gabea,
egote eta bategite unibertsala.
Haustura bizitza berri bat zen
asanblada betierekoa,
elkartasun erabatekoa,
errai-erraietatik bizi beharrekoa,
eta etorkizuna deika senti zitekeen
traste tarteetatik trakets tranbalaka,
teleaparatu hondatu baten itxura hartuta. |
© Juan Luis Zabala