Nik badakit, nik badut,
nik badaukat, ni banago,
ni banaiz

 

Dardarka sentitzen dut hiria neure baitan.

Kaleak pitzatu egiten dira,

autoak eta autobusak arrakala

izugarrietan behera amiltzen.

Erakusleihoak ikaratan dislokatuak,

etxeak okerka, kolokan.

Zigarroa ezpainetan,

zutik iraun, lasai ibili,

hori da nirea, besterik ez,

neure burua txukun erakutsi, dotore.

Eta ikusgarria da benetan, ederra.

 

Dardarka sentitzen dut hiria neure baitan,

etengabe erortzen ariko balitz bezala.

Ni zuzen noa ordea,

nik badakit, nik badut, nik badaukat, ni banago, ni banaiz.

Edozertarako.

Askatasuna hau da.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus