Hondeamakinak ene baitan

 

Hondeamakina koadrila eroa dabil, zital,

ene baitan lurra iraultzen;

ez naiz trenbide ertzeko

etxe txiki apala;

ez beheko su, ez tximinia,

ez lorategi, ataririk ere ez.

 

Egitasmoen planoak

lokatz beltzetan galduak dira.

Ingeniariak haserre daude,

elkarrekin eta hondeamakinekin,

lur jabeekin eta agintariekin.

 

Lur irauliaren barne hezetasun fresko eta biziak

hondeamakinen lilura frenetikoa aztoratu eta zoratu du,

eta ingeniarien profesionaltasuna

dotoreziaz eta goi asmoz jantzi,

lur jabe eta agintariak zerura begira harrapatu dituen

eta dagoeneko geldiarazterik ez dagoen joko kontradiktorio eta paradoxikoan.

 

Ederrak dira nire gauak,

lan egunaren ondoko paraje abailduen

argazki zuri-beltz sakonak.

Trenbide ertzeko etxe txikietan

expresoak dardaratzen dituen

argi apalez betetzen dira leihoak, ilunsentitik aurrera.

Ni hondeamakina nekatuen lo sakonak

inguratu eta bereganatzen nau, laztandu.

Beldar-gurpilen artean babesten ditut

erraietako lohi barnebilduak,

gasolio usain sarkorra zurrupatuz, gozo-gozo.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus