Orain joko dugun kantua Hautsia natza deitzen da. Aspaldi egin genuen kantu hau, taldearen hasierako garaian. Oharkabean sortu zitzaigun, zertan ari ginen, zer nahi genuen, zeren bila genbiltzan jakin gabe, bizitzan gauzarik onenak sortzen diren moduan, bat-bateko argitasun misteriotsu batez, ezinezkoa ezinbesteko bihurtzen duen naturaltasun magiko samurrez. Nahi izan gabe, genituen indar guztiak kantu honetara joaten ari zitzaizkigula sentitu genuen, kantuak zurrupatu egiten gintuela, bere haustura inharmonikoaren azare poetikoak (inharmonia hautsiaren poesia azarezkoak) gure erraietako zoko-moko bihurriak garbitzen zizkigula, zintzotu eta adiskidetu egiten gintuela, aitortza sakoneko otoitz egiati baten gisara. Kantu honek gure soinuaren eta gure adierazpidearen ertzean kokatu gintuen, amildegi ilun izareztatuari begira. Gutxi izan dira kantu honen indarra geure antzera sentitu dutenak, eta sentitu dutenen artean ez da izan, noski, musika kritikari bat bera ere. Eta izan balitz, berdin-berdin izango zen. Gauak jango zuen, nolanahi ere, ezinbestean, hala kantua nola bere arima hautsia, oraintxe bertan, areto honetako egurats kez betean.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus