Etiopiaz
Jon Kortazar
Esploradore nekatu baten antzo, estilistikaz arduratzen dan giza bakanaren zeregina, bere indarren mugetan baino harago dagoen helburu eskifaia eroak, emakume soineko laranjatsuez eguzkitan eserita haren bila abiatzea da.
Intuizioaz baliatuz, testuaren mudapen amaiezinaren aurrean sentiturikoa tresna metodologikoakaz azaltzea. Desbardintasuna batzea eta laukiaren borobiltasuna agertzea. Eta benetan Accab-en ametsak baino harago dagoan balea zuria dala hau!
Zelan idazten dauan B. Atxagak? Hona hemen nire balea zuria. Zerk esaten deusku testuaren atzean dagoan karatula espiluaren bertze aldean multiplikatzen dan memoria batean (eta ez beste guztian) aztarna usaintsua B. Atxagagaz aldatu zan idaz-tankera dala?
Hauxe nahi neuke. Nire saiakeraren metro kuadratuaren mugetan, Aleph bat balitz bezala, sentsazio eta oihartzun eta frustrazio gorriak bildu. Jakinik, agian, saiakera honen helburua hutsa dala. Poesiaren definizio izan nahi daben saiakera guztien hilobia ondarreta zabalean galtzen dan lainoan bait datza.
Etiopiako estilorantza garoazan lehen pausoa irudiaren indarra da. Edozein poesia sinbolistaren antzera, poemaren esanahia ez da argi esaten, deskribitzen, begi aurrean jartzen. Irudiaren metaforaren hegal azpiaz inguraturik, erregalu bat balitz, zinta eta guzti. Irudia giltza biuhurtzen da. Bere balioa ez dagoalako irudiaren atrebimentuan. Irudi horregaz ospatzen jakuzan sentsazio balioetan baino. Ikutuzko, ikusteko, entzuteko sentsazioetan baino.
herdoilaren trsiteziarekin batera
ziutate honen soinekoa udazkenetan lanbroa da
eta irudia egin zan. Baina irudiaren metaforarekin batera aliterazioaren bitartez musika. Bokalak hor zaituet soinulari, koloreak argi tziko deuskue inpresio bat begi ninietan, ameslari.
Eta adibide honen bitartez goazen hurrengo pauso emoten. Eufonia, eta aliterazioak dira poesia honen bigarren giltza. Ez dago poesiarik, musika barik, erritmo barik. Eta musikaltasunaren pean aliterazioa eta errepetizioa ezkutatzen dira.
Baina musikaltasunak gure belarriak, gure sentsazioak lotu baldin baditu, kontrasteak lotzen dau gure jakin nahia.
Euskal erromantzeei buruz aspaldi idatziriko artikulu baten ikutu neban gai hau. Kontrasteak ikaragarrizko garrantzia dauka irakurleagan, tentsio interesa sortu eta lotzen daualako.
B. Atxagarengan (ez dok esan behar «brodatzen» Bernardo, «bordatzen» dok, ikasiko al dok!) erromantzeen aztarna nabari baino nabariago bada ere, kontrasteen jokoa maila ondo definituriko bitan erabilia zian da Etiopian. Maila nagusian poemak egituratzeko balio izango dau. Irakurri daigun:
bere memoria liburuan
sandalo lore batek sei-
nalatzen du zubien eta la-
pur zahartuen orrialdea
eta on derizkiete teilatu pitzatuei ere
merkatu alboko hondakinei.
eta ohartu «Sandalo loreak» eragiten dauan fintasun eta aristokratismo oharra, zelan apurtzen dan bizitzako saztarren aurka.
Maila honetako kontrasterik handiena, agian, «Begira egien berriro masustei» izeneko poeman aurkitu daikegu. Beraz Ainhoaren antzeko osotasuna «gela hutsetako etxean» ez da aurkitu. Betiko hausiko da eguzkiz eta masustaz egindako ispilu ttipia.
Bigarren mailako kontrasteak izen sintagmaren mailan gertatzen diranak ditugu. «Herdoilaren tristezia», «esploradore nekatua» sintagmek balio deuste esan nahi dodanaren adibidetzat. Beraz, normalez, izen sintagmak zeharkako edo zuzeneko modifikatzailez lagundurik agertzen dira. Eta besteak beste, gune eta modifikatzaileen zentzuen artean biolentziazko kontrasteak sortzen dira. Esploradorea ezin izan inoiz nekatua. Ilusioa eta mugez haranzko heldu nahiaren sinbolo bat dugu.
Bian «besteak beste» esan dogu bai eta azaldu beharko. Argi dagoanez, ezin honelako artikulu baten izenlaguntasunak hartzen dituan matizazio guztiak azaldu. Baina «herdoilaren tristezia»ren kasuan «besteak beste» hori gauza bi izan leiteke: lehenengoz esaldiak dauan pertsonifikazioa, beraz, herdoilaren zentzu, sinbolo barria. «Herdoil» hitzaren konnotazino behinenekoa, zatarkeri eta lohikeriaz lotzen dauana da. Ez da hori, ostera, sintagma honen kasua; tristeziaren bitartez, herdoila ez da bakarrik pertsonifikatu egin, bere sinbologia ere deuseztatu egin dau Bernardok. Melankoliaren kutsu edo sunda hori agertzen daualarik, herdoila Bernardoren beste pertsonai fatal bat bihurtu da: Bere destinoaren aurrean sufritu baino besterik ezin egin daikeana.
Jo daigun, bada, aurrera, hirugarren pausura, eta fatalismoa eta dramatikotasunaren itsasertzak ageri jakuz.
Fatalismoa, besterik ezina, esanahi mailean poemak mantenitzen daben kontrastea indartzeko balio izan arren ere, esan beharra dago Fatalismo hau, patu ezinbesteko hau, Etiopia-ko pertsonai guztietan agertzen dela:
fas fatum ene lagunek
fadoa zein tristea den.
Baina fatalismo honen izakera beste joeraz indartzen da (eta barriro kontraste argigarri hori intuizio guztien giltz). Konturatu gaitezan pertsonaion izaeraz. Gizonak arruntak ditugu bere gizatasun estupidoaz inguraturik:
bus txofer bozeolari hilaz mintzatzen.
Eta gizakituz agertzen jakuzan animaliak, hegaztiak izaki fin eta debilak ditugu:
bere maitasunak errepasatzeko
hiriko kalatxoriak...
baina bere ekilibrista bihotzek
ameslari eta delikatuak. Eurengan fatalitatearen kodainea zorrotzago eta baltzago dager.
Fatalitatea, baina, ez da pertsonarena bakarrik. Liburuaren sinbolismoari esker, geu gara izan, arearen itsaso horretan burua galdu behar dogunak. Liburuaren apelazio bideak zabalik geratu beitez.
Laugarren pausua, izen sintagmaren luzera aitatu nahi neuke, eta bide batez joera estilistiko honek lortzen dauan atenporalizazioa. Beraz, ondo fijatuz, konturatu gaitezan poesia honetan ez dagoala aditz askorik. Izen sintagmak gehiago dira, dudarik gabe. Ruperren diskoan honela aldatuta agertzen danetik hasi:
egunen mudapen amaiezina infinitoa da.
eta aditz laguntzailea ahaztuz, Ainhoa betirako bere uleak orrazten itzi dauan
Ainhoa ile beilegi
ispilu ttipiaz orrazten
amaitu arte testua uneen atenporalizazioaz mintzatzen jaku. Eta atenporalizazioa lortzeko dagoan bide bakarra memoria da. Behin eta barriro, borobil eta esferikoa dana.
bere memoria liburuan
«Maitasunak errepasatzeko» balio deuskun memoria, gu geu garela geure buruari esateko balio deuskuna, geure buruak gure izanagaz, izenagaz batzen giatuen ber hori, horixe, bera.
Honaino, bada, Etiopiari buruzko ohar hau. Dana dala, amaiera guzti hau zarrabete zatar eta arrabita baldarrek nik baino hobeto esan daikeezan gauzak dira.
Idatz & Mintz, 7 zkia, 1984