Etiopia

 

Andolin Eguzkitza

 

        Herodotok lehenbizikoz aipatu zuenetik, Afrikako partetik aurkitzen zen herrialde ezezagun eta misteriotsua izan zen europarrontzat denbora luzez Etiopia, desertuetako harren ostetik erdi beltz erdi zuri ziren gizakiek populatua. Eta izen hori darama Bernardo Atxagaren, Joseba Irazuren azken obra argitaratuak, inolaz ere «sakrifizio patriotikoz» irakurtzen ez dena, gustura baizik, baina ahaleginez, eskuartean erabiltzen den liburua baita. Poemez eta prosalan laburrez osatua dago, eta egilearen bigarren liburuan legez, lehenengoa antzerki bat izan zen, bi mailen artean tankera diferentzia ikaragarria soma daiteke, eta honako honetan «Ziutateaz» delakoan baino askozaz gehiago, hura ez bezala, kopuruz eta nahikundez poemaliburu bat idaztea delako, antza, liburu honen helburua.

        Sei dira prosalanak, Bernardok duen herrikondalari trebearen tankeraz idatziak, xume eta laino, hizkuntza zuzen eta adierazkorraz, ezelako nahasmendu eta korapilorik gabeak, baina hala ere ironia ikaragarriaz hornituak, askotan gure gorputzean zirara bat eragiten duen indarraz, dela Kainen aldeko beraren manifestuan:

 

Kainen jatorrikoa izan zen Jubal: hau izan zen arrabita eta maniura jotzen duten aita. Gu ere bere hegalpean babesten gara letra hauk izkribatzerakoan. Eta hauxe da, hain zuzen ere,  gure fede artikulua bakarra udaberri berankor honetan.

 

        edo eta Caryl Chesman-en biografian:

 

Bera baino zaharragoa nintzen arren, hitz hauk esan zizkidan antiajuak (sic) tximeletak bailiran begietatik kenduz, emaro, neurriz gain emaro esan nahi dut: a, ene biografo ttikia, oraindik gazteegia haiz zenbait gauza konprenitzearren. Begiratu nion peto, aurpegi hura harri hutsa zen.

 

        Eta ez du horregatio sendikortasuna galtzen:

 

Atsedenaldiko argiak biztu egin ziren. Ene alboko amoñaren begiak malkotan zeuden.

 

        Egileak daukan irudimen ikaragarriaren ekoizpen politak, alegia.

        Arras bestelakoak dira olerkiak lehenago esan dugunez, prosan zuzentasun, argi eta xalotasuna dena, ilun eta beltz bihurtzen baita poesian, lan askoren produktua baitira poemok, eta horregatik maiz, irakurtzean horrenbeste ahalegin eskatzen dutenak. Labur esanda, prosa guztiz da herritarra, poesia, berriz, oso intelektuala. Hor dago hain zuzen idazkera diferentzia, on ala txar den, egoki ala desegoki, esan gabe, bertan dagoena.

        Marcel Schwob-i jarraituz nonbait bederatzi zirkulutan antolatu ditu Bernardok olerkiak; halako aipamen literari ederrez, batzu egileak berak asmatuak, hasiera duten zirkuluak:

 

Lehen zirkulua: Negar egin nahi nuke itsutu arte jaiki deneko hondoratzen den bizitza honegatik (Kabila poema).

 

        Amaigabeko dira erabilitako baliabideak, dela ahots berbera egiten duen hitzen asmatzea (Amaren bularrak... ere, dere, begere olerki politean), dela izen eta izenlagunen konbinapen arraroa (Larunbat honetan ekia ez da 220-60V gorbatadun tigre funtzionala poema atseginean), edo irudi exotikoak (Enaun emaro amarguraren..., baina orain Arreba sugeraen zuhurtziaz..., taxi anonimoan erne deuseztatu diren poema ulergaitzean). Lantzean behin surrealismoaren garai berri batetan ote gaudekeen, euskaraz behintzat, otutzen zaio irakurleari, eta hau bezalako lerroak igarotzean:

 

                Eta trenek arrain bigunak ekarri zituzten abenidak

                Zilarreztatzekjo arratsaldean pozoina eman zieten

                Kalatxoriei dantzaldia amaitzerako leihotan

                Emakume jelatuak esnea zeriela eta gizon

                B akartiak beirazko betsein horiekin

                B urua botatzen natazko

                P astelak janez.

 

        ezin burutik ken daiteke García Lorcaren harako «Poeta en Nueva York»en agertzen ziren haik:

 

                Debajo de la multiplicaciones

                hay una gota de sangre de pato;

                debajo de las divisiones

                hay una gota de sangre de marinero;

                debajo de las sumas, un río de sangre tierna.

                Un río que viene cantando

                por los dormitorios de los arrabales

                y es plata, cemento o brisa

                en el alba mentida de Nueva York.

 

        Pozik egondaitezke literaturzaleak, euskaraz zerbaiten esperoan «patriotikoki» itxaroten duen literaturaren maitaleok, liburu hau, gustuak gustu eta merezimendu eta akatsak akats eta merezimendu, horixe baita, literatura, hots, sorkuntza, beste edozein helburu eta karia albora uzten dituen diazlan interesgarri eta atsegina.

 

Anaitasuna, 1978ko abenduaren 15a, 374. zkia, 27-28 orr.

 

 

"Etiopia-k 25 urte" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus