|
Poema liburu honen prozesoa aski luzea izan da, oso lantsua eta azken hilabetetan, batez ere oso nekosoa neretzat. Bi urtetik gora kostatu zait poemak eta beste lan literarioak osatzea (denbora honetan, lau forma desberdin hartu izan ditu liburuak, gutxinez) eta gaur imini ditudanak, definitiboak, ez dira selekzio bat baizik.
Baina honetaz gain, artisau moduan egin da liburua bera, gauzak dauden bezala daudela ez baitut beste soluziorik aurkitu. Hemen bilatu behar dira akats edo huts askoren arrazoiak; apenas egin diodan zuzenketarik inprimagai zen testoari, garizuma bat izango zatekeen.
Gustatzen zaidan euskara erabili dut, eta norbaitek gaizki baderitzo honi, bada hor konpon, maria anton. Kalatxori (kaiu moeta bat izendatzeko) eta desohizko beste zenbait hitz enplegatu badut ere, ez dut uste hizkuntzaren aldetik eragozpen handirik egongo denik. Pundu batetan, halere, gratuitoa izan naiz: berα imini dut, «bera» izenordearen femeninoa adierazteko.
Azala eta beste fotoak JM Susperregirenak dira. Berea ere ez da askotan lan gozoa izan, eta eskertzen diot.
bernardo atxaga |