Literatur Emailuak
44 zenbakia: 2002ko azaroaren 7an
Susa literatura argitaletxea

Victor Hugo Euskal Herrian gaindi

Koldo Izagirrek, Victor Hugoren bidaietako oharretan eta idazkietan zein amoranteari igorritako gutunetan arakatu ondoren, Idi orgaren karranka (Euskal Herrian gaindi, 1843) liburua apailatu eta euskaraz eman du estilo kriket batez. Victor Hugoren jaiotzaren mendeurrena 2002ko otsailean izan zela estakuru, Elkar argitaletxeak aurkeztu berri du liburua, Joxe Azurmendiren hitzaurre batekin. Hemen eskaintzen dizkizugu liburuko kroniketatik sei.

Oteizak txorradak esateko makinie inbentau

1977ko azaroaren 6ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak bi zati izan zituen: Catalunya for you II eta Oteizak txorradak esateko makinie inbentau. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: langabeziaz. Barruan: ETArekin elkarrizketa, Joxe Mari Aranalderen artikulua Xalbadorren heriotzaren urteurrenean, Durangoko Azokaz J.S.k, Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa Alfonso Sastreri, Eduardo Txillidaren irudi bat. Datorren asteko artikulua: "Tarzan Tarzandegian".

Kriselu sortu zela 35 urte

1967ko azaroaren 8an Euskal Harria poema liburuarekin abiatu zuen Gabriel Arestik Kriselu bilduma. Aldez aurretik Zentsurak liburu erdia moztu zion, Itxaropena argitaletxeak ez zuen inprimatu nahi izan, eta azkenean editore bilakatuko zela erabaki zuen idazleak. Urte eta erdi geroago Kriselu eta Lur argitaletxeek bat egin zuten, Gabriel Arestiri halaxe proposatuta Urnietako taberna batean Rikardo Arregik, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Biktor Suinagak eta Enrike Villarrek. Adoste hark pasadizoa ekarri zuen: Arestiri Suinagaren autoa oparituko zioten, Arestik inprimatu berri zuen Txillardegiren "Elsa Scheelen" nobelaren edizioaren truke; eta 1969ko uztailaren 19an, autoa Bilbora eramatera zihoazela, Mendaron istripua izanda bizia galdu zuen Rikardo Arregik. Kriselu bildumari zor dizkiogu, besteak beste, liburu hauek ere: Ramon Saizarbitoriaren "Egunero hasten delako", Ibon Sarasolaren "Poemagintza", Anjel Lertxundiren "Hunik arrats artean", Jon Miranderen "Haur besoetakoa", Gabriel Arestiren "Harrizko herri hau".

Efemerideak

1976 azaroak 7: Fernando Aire Xalbador hil zen Urepelen.

1879 azaroak 8: Sebero Altube jaio zen Arrasaten.

1951 azaroak 9: R. M. Azkue hil zen Bilbon.

1885 azaroak 10: Abelino Barriola jaio zen Donostian.

1925 azaroak 10: Jon Mirande jaio zen Parisen.

1921 azaroak 11: Martin Ugalde jaio zen Andoainen.

1927 azaroak 11: Juan Mari Lekuona jaio zen Oiartzunen.

1909 azaroak 13: Estanis Urruzola "Uxola" jaio zen Tolosan.

1922 azaroak 13: Ernest Bidegain jaio zen.

Galeusca itzulpengintzaz

Azaroaren 7tik 10era bitartean Balear uharteetako Palman egingo da Galeusca. Itzulpengintza hautatu dute gai nagusi, Rompre fronteres (Mugak hausten) izenburua emanda. Azaroaren 8an hiru mahai-inguru izango dira, eta idazle katalan eta gailegoekin solastatuko dira Tere Irastortza, Markos Zapiain eta Xabier Mendiguren Elizegi. Aurtengo topaketetan Ramon Llull idazle eta itzultzailea (1232-1316) oroituko dute bere omenezko ekitaldiez. Datorren urtean Euskal Herrian izango da Galeusca.

Agenda

Alberdania argitaletxeak bi liburu aurkeztu ditu azaroaren 6an (asteazkena) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean; Pedro Alberdiren "Kafka Bilbon" ipuin liburua eta Juan Kruz Igerabideren "Mailu isila" poema liburua.

Euskal Idazleen Elkarteak antolatutako Oratoriari buruz jardunaldietan azaroaren 6an (asteazkena) 19:30etan "Oratoria ipuin kontalaritzan" hitzaldia eskainiko du Koldo Ameztoi ipuin kontalariak. Ander Lipus antzezleak "Oratoria eskenatokian: aktore baten bizipenak" gaiaren inguruan berba egingo du, 20:00etan. Biharamunean, azaroaren 7an (osteguna) 19:30etan "Oratoriaren itzalak: argudiatze okerrak, falaziak eta gaur egungo adibide batzuk" izango ditu hizpide Arantxa Ozaetak. Azkenik 20:00etan Bingen Zupiria kazetariak "Oratoria politikagintzan eta komunikabideetan" hartuko du solasgai. Jardunaldietako aurkezlea: Laura Mintegi.

Joxe Azurmendik eta Koldo Izagirrek hitzaldia eskainiko dute azaroaren 6an (asteazkena) 20:30etan Pasai Donibaneko Victor Hugo etxean, "Idi orgaren karranka" liburuaren argitalpenaren karietara.

Felipe Juaristik "Itzarri nahi ez zuen printzesa" nobela aurkeztuko du azaroaren 7an (osteguna) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Argitaratzaileak: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta Alberdania.

Galeuscako jardunaldien baitan Ibilaldi literarioa eta testu-irakurketa egingo dute azaroaren 9an (larunbata) Jon Benito eta Jon Iñaki Lasak (poesia) eta prosa irakurketa berriz Andolin Eguzkitza eta Aritz Gorrotxategik.

Xabier Mendiguren Elizegik "16 ipuin amodiozko" aurkeztuko du azaroaren 14an (osteguna) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Gonbidatua: Markos Zapiain. Argitaldaria: Susa.

Victor Hugori buruzko erakusketa paratu du Bilbao Bizkaia Kutxak Bilboko Gran Via kaleko aretoan azaroaren 30 arte. Victor Hugoren liburuez gain, berak egindako margolanak ere badaude.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: