Lauaxeta hil zutela 65 urte
1937ko ekainaren 25ean Gasteizen fusilatuta hil zuten Estepan Urkiaga, Lauaxeta. Hilabete batzuk lehenago Gernikan atxilotua izan zen, Bordeleko kazetari batzuei Gernikako sarraskia erakusten ari zela. Ajuriagerrak jarri zuen Lauaxeta langintza horretan. Kronika hau idatzi zuen Iñigo Aranbarrik honi buruz Gure Mendea liburuan.
Xabier Mendiguren Elizegik Lau haizetara antzerki obra argitaratu zuen Gernikako bonbardaketaren karietara egindako Susa aldizkari berezian (1987ko apirila). Ibon Sarasolak Lauaxeta paredoian poema argitaratu zuen Oh! Euzkadin (1980ko maiatza). Xabier Montoiak "Anfetamiña" bere lehen liburuan idatziriko poema aurkituko duzu Korrok aldizkariaren lehen zenbakian (1984).
"Agur, Euzkadi" nobela osorik Interneten
Lauaxeta Gernikan berpiztu da 1997ko irailean, eta Julen Lamarain kazetaria ezagutuko du. Biek elkarrekin ibilbide luze bat egingo dute egungo Euskal Herrian barna. Agur, Euzkadi nobelan berpiztu zuen Lauxeta Juan Luis Zabala idazleak. Eta orain nobelaren bost kapituluak (Arrats Beheran, Mendietara, Bide Berriak, Ontzi-puntan soinutsik eta Hil ginenon hatsa) osorik irakur daitezke Susaren webgunean.
Bart irakurtzeko gaur izkiriatua
Xabier Izaga idazlea Gasteizen da 21 urteko erbestealdiaren ondoren. Poema liburu baten egilea da: Bart irakurtzeko gaur izkiriatua (Susa, 1998). Sun Tzu txinatarraren "Gerraren Antzea" euskaratu zuen (Txalaparta, 1995). Izagaren literatur artikuluak Gara egunkariaren Mugalari kultur gehigarrian irakurtzen ditugu.
Efemerideak
1922 ekainak 23: Juan San Martin jaio zen Eibarren.
1894 ekainak 24: Bedita Larrakoetxea jaio zen Zeanurin.
Agenda
Hiria argitaletxeak Anjel Unanuaren "Gizon-emakumezko hauek" saiakera, Joxean Agirre Begiristainek itzulitako "Divina Commedia"ren euskarazko bertsio berri bat eta Luis Mari Mujikaren "Mirakontxako solasak" eleberria aurkeztu zituen ekainaren 17an (astelehena) Donostian.
Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik poesia errezitala egingo du ekainaren 20an (osteguna) 22:00etan Elorrioko Parra tabernan. Antolatzailea: Barriketan euskara elkartea.
Bihotz bakartien klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna (poemak eta musika) eskainiko du ekainaren 21ean (ostirala) 20:30etan Larrabetzuko gaztetxean. Rabelais, Bertold Brecht, Xabier Lizardi, Lauaxeta, Federico Garcia Lorca, Manuel Bandeira, Celso E. Ferreiro, Gabriel Aresti, Silvia Plath, Bitoriano Gandiaga, Bukowski, Jon Mirande eta Vladimir Maiakovskiren testuak irakurriko dituzte. Antolatzaile: Arrekikili euskara elkartea eta Hori Bai gazte elkartea.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.