ERROSE BUSTiNTZA «MAÑARiKO»
1899an jaio eta 1953an hil zen Errose Bustintzaren bizitzaz ez dago datu askorik. Xabier Kaltzakortak Bidegileak bilduman prestaturiko liburuan aurkituko dituzu bere bizitzari eta obrari buruzko berriak. Euskera aldizkarian ere egin zuen artikulua, haren jaiotzaren mendeurrenean, Jose Luis Lizundiak.
Euzkadi aldizkarian kronikalari gisa idazten hasia, aldizkaria itxi zuten arte jardun zuen lanean, hala-nola beste aldizkari batzuetan ere. Bertan eman zituen argitara, halaber, bere lehen ipuinak.
Zenbait aldizkaritan argitaratu ziren ipuinak, eta Jaime Kerexetak bildu zituen Jesus'en Biotzaren deia eta Anaitasuna aldizkarietan Euskalerriko ipuiñak izenburupean. Aldizkarietako publikazioak jarraitu zuten, eta bere ipuinik irakur dezakegu Gernika aldizkariko 14. eta 15. zenbakietan, eta baita Aranzazu aldizkarian ere (azken hauen berri, adibidez, Andima Ibiñagabeitiak ematen du Euzko Gogoa aldizkarian egindako aldizkarien komentarioetan).
Gero-Mensajero argitaletxeak kaleratu zituen ipuinok, liburu formatuan, 1990ean, Jaime Kerexetak berak antolatutako edizioan, Ipuiñak izenburuarekin (2000. urtean ere berrargitaratu dute liburuak, ipuinak "euskara baturantz" ekarriak). Santi Onaindiaren hitzaurrea darama liburuak. Hain zuzen, Milla euskal olerki eder liburuan jaso zituen Santi Onaindiak Errose Bustintzaren hiru poema. Kronikaz eta ipuinez gain, poemak eta kantu-letrak ere egin baitzituen mañariarrak.