Aurkibidea


Claudia Cardinaleren dezepzioa

 

Claudiaren misterioa behingoz deskubritzeko eskatu digute diskretuki. Guk badakigu gure eskrupuloak, zenbait egia ez baitira hor barrena zabaltzekoak, eta herri tontoari ezin esan baitzaio egia osoa. Baina gure irakurle zintzoei plazer egitearren, kontatu egingo dugu.

        Kontatzen hasita, Claudia Donostian plantatu zela. Nola aguantatuko zuen ba bere ezinezko amodioaren aberria berriro bisitatu gabe; ezin. Fellini bertan behera utzi eta Bilboraino heganaldi txarter batetan.

        — Hi, Claudiak deitu zidak eta Zazpikaletako Mikeldirenean itxoiten digula.

        Sinetsiko ahal diguzue ordu erdian iritsi ginela.

        — Paolo, Brunello, ma vita amorosa e una calamitá.

        — Tranquilitá, Claudia, tranquilitá. Euskadi ti ama.

        — Baciama molto forte Paolo.

        Gau hartakoak guk bestek ez daki.

        Hurrengo egunetan Euskal Herrian barrena paseatu genuen Claudia, erdi izkutuan eta kontu handiarekin. EGINekoak jakinaren gainean baitzeuden Claudiaren etorreraz. Ez genuen publizitaterik nahi, are gutxiago murmurazio txatxurik.

        Guztiok buruan generabilen kezka noizbait azaldu egin behar ordea.

        — Zer egin zenuten Urte Zahar gauean sekuestratu nahi ninduten gizon haiekin? Zertarako nahi ninduten?

        Soufflé gainetik topatu zuten elkar gure begiradek, Claudiaren ingenuitateaz hunkiturik. Gu ez gara etxeko gauzen aireatzaileak, batez ere egoera preautonomiko honek eskatzen duen diskrezio politikoa kontutan harturik. Baina Claudiak behin baino gehiagotan demostratu ohi digu bere diskrezioa. Jakinaren gainean jartzea erabaki genuen, eta modurik onena interfektoen ahoz jakin zezala iduritu zitzaigun.

        Betikoa, Florentinoren tasisa rekisatu behar, bueno, irakurle azkarrak imajinatu du honez gero Florentino ez du berezko izena, baina guk ez dugu inor inplikatu nahi izaten.

        — Eskuak bolantean! —esan genion herraminta EGIN baten pean izkutaturik.

        — Joder, ez ahal dago beste tasisarik! Azkenekoan, delkoaren konponketarekin mila duro!

        Gure borrokak tasisten gremioari (burgesia txikia halegia) egiten dion publizitatea eta gure biltzarraren azken ponentzia esplikatu ondoren, Florentino, erdi marmarrean baina, giltzak eman eta kapotan sartu zen.

        — Filmetan bezala egiten duzue —zion Claudiak, abentura bat bizi ahal izateko posibilitateaz liluraturik. Betaurreko beltzak ipini genizkion eta aurrera.

        Ohizko bueltak eta despistatzearren egin ondoren, irakurle azkarrak ongi dakien hori guztia, etxera.

        — Ama, gu gara!

        — Noiz eraman behar duzue pareja hau hemendik, praileek baino gehiago jaten dute hauek! —beti bezala erritan, San Sebastianak pasatzera estudiante lagunen kontu txinoaz ez oso konbentzitua.

        Ama Alderdi Eder-era bidali transistore ea Operación Ogrorekin eta bainera urez betetzen hasi ginen. Claudia autorizatu egin genuen antiojuak kentzeko.

        — Benga, aspertu gara, ez dezagun denborarik gal! Aitor ezazue Claudiaren aurrean nortzuk zareten eta zer zabiltzaten! Agudo!

        Claudiak ez gintuen plan biolentoan ezagutzen (egia esan, jende gutxik ezagutzen gaitu plan horretan, baina jartzen garenean gure biolentzia bazterrik gabekoa da).

        — Firma ezazue urduri jar gaitezen baino lehen! Hobe duzue!

        Galtzarik ere ez genien kendu baineran sartu genituenean. Betiko komediak eta betiko deklarapenak. Otitis bat zutela, ultzerarena, eta fededunak baginen ez erabiltzeko halako metodorik. Aipatuko ez dugun orden erlijioso batetakoak zirela (egia bakarra). Torrealday eta Intxausti bistaz besterik ez zituztela ezagutzen, beraiek ez zutela zer ikusirik Monforteren agresioarekin... Eta Claudia gaxoak ez ote zebiltzaten autografo bila esaten zigun!

        Baina gure eskuetan superagenterik gogorrenak ere etsi egin behar. Eta azkenean kantatu: sekuestroa PSOEko korrente minoritariaren izenean erreibindikatzeko agindua zutela, barneko korrente abertzale hori desprestijiatzearren.

        — Baina nola egin zenezakete halako bilaukeria antieuskalduna? —galdetzen zien Claudiak inuzenteki.

        — Hori abade nagusiaren agindua izan zen, eta guk obedientziazko botoa egin genuen.

        Eta Claudia, egia esan piska bat dezepzionaturik geratu zen euskal praileez.

        Claudia desengainatua, ama beti bezala erritan, Florentino oraingoan ere kexu. Eta berriz ere kanpokoen aurrean lotsagarri geratu garela.

 


 

Gure eskola nazionaletako euskara sartzearen roilo malditoa dela eta Josean Agirrek, Azpeitiarra jaiotzez eta Donostiarra bizitzez eta eskola publikoaetako langintza hortan sarturik dabiltzenetako bat, ba ez du uste guk esandako hura ondoegi esana zegoenik eta bataz beste berak ere badakiela euskaraz ordubete bakarrik emanez ere eta gai kulturalak sartuta ere ez dagoela haur bat euskalduntzerik. Horretarako egun guztia ikasten diren gauza guztietan haurraren ingurua erreferentzia bezala hartuz, Euskalerria, alegia, jardun behar dela ez bakarrik jeografiaren heziketari hemengo hibaitetatik eta bere etxe ondoko baratzetik hasiz baizik, eta heziketa guztia hemen kuadratuz. Badakizue Raulito fue al colmado a comprar coles para su mama esaten hasiz planteatzen diren matematika prolemak eta hori guztia. Gero esaten zuen beren esperientzia ikastolaren osagarri dela, hark betetzen ez duen leku bat betetzen duenez. Orain arte, zion gutxigora behera —amak erosiko ote digu azkenerako magnetofoi bat— administrazioak euskara espazio batetan hertsirik mantendu du. Mugak jarri dizkio euskararen prolemari beroien edo bere iritzi personalean behintzat mugarik behar ez lukeenean. Beroiek egin dutena eta hau ia testualki transkribitzen dugu, zera da, muga hoiek hautsi eta ministerioa langintza hortan eta haren diruz, ministerioak pagatzen baititu maixu maistrak —batzuetan ez maixu eta ez maixtra izan gabe gainera, Euskaitzaindiaren titulu bakarrarekin— langintza horretan beraz konprometituz.

        Beraren ustez esperientziak euskararen eta ikastolaren onerako behar luke, gauzak ondo ateratzen bazaizkie. Nolanahi ere zihur dena beroiek beren eskabideetan beti beti —eta oso zorrrotz begiratu digu— bota dute aurretik ikastolek debaldekoak behar zutela izan, eskola publikoen mailan jarriz, alegia. Ergo ministerioak pagatuz.

        Gu oso pozik, norbaitek behintzak desapasionatuki gauzak diskutitzeko planean jarri zaigunean.

        Diskusioarekin jarraitu nahi duenak badaki. Beharbada ez litzateke denbora galtzea.

 


 

«ETA herria zurekin» oihuak inoiz baino indar handiagoa hartu du, itxuraz behintzat. Lehen isilean gordetzen zena kalean aldarrikatzen da gaur. Borroka harmatuak, inanizioz hiltzera zihoala zirudienean, laudorio eta txalo gehiago sor erazten. Fenomenoa ez da bi lerrotan likidatzekoa, baina bai esan dezakegula askoren kontzientzian Euskal Herriaren arazoa hil ala bizikoa dela. Edo herriaren osasun moralaren seinalea ote berpizte hau?

        Hala ere, borroka harmatuaren aldeko azaltzen zaizkigunen artera heldu berria den sektore bat, eta ez hain urria, igual igual hasten da «PNV fascistas» edo «EIA traidores» builaka, besterik gabe. Ez dakigu ba ez ote diren katastrofisten taldekoak, ETA mugimendu natural bezala ikusirik «aupa jaleo jaleo» dioten hoietakoak. Gu ere, aitortu behar da, katastrofistak sentitu gara behin baino gehiagotan, eta desiratu ere izan dugu itsasoak Paseo Nuevo Santo Kristo eta guzti eramatea. Baina. «Mogimendu natural» horrek iturri jakin bat, ideologia bat duela halegia. Osea, itsasoak ez bezala. ETA desideologizatu dutela sospetsatzen dugu, batez ere orain lau urte borroka harmatua kondenatzen zutenetakoak zirela jakinik; eta gogoan daukagu beraiekin aztarrika ibilitako garaiak arazo nazionala zela eta ez zela. Noski orduan polimiliak herrian bertan baitzebiltzan, txikiteoan eta elkarteetan infiltratuak.

        Orain ETA ez da hain molestoa, ez da kalean ikusten, profesionalagoa, misteriotsuagoa da, eta borroka harmatuak beti berekin daraman alderdi espektakularra baino ez dute ikusten zenbaitzuek.

        Eta betidanik kondenatu izan dutenei ostera, zer esango diegu. Beste soluzio mota batetako esperantza piztuko baligute behintzat. Beste soluzio baten aztarrena erakutsiko baligute sikiera!

 


 

Batek baino gehiagok esango du, baina berriz ere Monzonekin bueltaka. Espainolak jeneral gorri Paracuellosekoaren erresponsablearekin armonia eder askoan elkarri losintxa eginez, eta bitartean gure Monzon lau juzgatutan erdi erreklamatua. Politiko gutxi egongo dira ba jelkide etazalea bezain kristau zintzo, gizon fin eta persona leialak. Baina Estatuak baditu bere arrazoinak.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
770. zenbakia
1978-01-22

  Zenbaki hartako
beste artikuluak