Aurkibidea




Urteberri on

 

Zeharka etzanik bi eskuak izterren arteko epeltasunean gurutzatuz urteko azken gauean ere bakarrik oheratu zinetenoi.

        Eta amari ilusioa ez kentzearren hamabi mahatsale azal gogor komedoreko erlojoaren ezkilak markatutako ritmoan jan ondoren, tutean egiteko karten bila altxatu zinetenoi. Urte berri on zoriontsu, bidaia aprobetxatuz pasiloan ezkerrera sartu, eta ezer konkreturik madarikatu gabe, deposito zuriari begira luze eta sakon egin zenutenoi.

        Eta erregeen tradizioa hautsiz Olentzaro egunez jostailuak ekartzearekin ondo egin ote duen pentsatu zuen ama gazteari. Eta egun haundietan lana egiten dutenez —¿como paso la noche vieja?— periodistek entrebistatzen dituzten panadero bombero eta poliziari.

        Urte berri on.

        Aurreautonomiak poztu dituenei eta poztu ez dituenei eta aurreautonomia berari. Urte berri on, ikusiko badute, oxijeno tuboaren, muturrean asfixiaren angustia jasan behar izan zutenei, eta agonia forma ez hain dramatikoak suertatu zitzaizkienei, zorionak.

        Eta lehendabiziko aldiz nagusien mahaiean eseritzeko aukera izan zuten neskato mutikoei.

        Urte berri on maioritarioei eta minoritarioei eta Monforteri —zer gertatu zen azkenean Monforteren zango zaurituarekin?— eta langile desindikatuak sindikatuko dituen sindikalistari. Urte berri on roiloan belarririk garbitzeko denborarik gabe, liburu bat begiztatzeko denborarik gabe, beti borrokan dabiltzan guztiei, hamarretan Bidasoan, bazkaltzeko Barranquesan, lauretan Ormazabalen, seiretan Izkinan a por todos los jaialdis, billeras y asambleas. Aberria ala hil.

        Zorionak zuri, zorionak zuri...

        Eta hiri, nundik nora habil heure edadearekin oraindik ere material angustiaduna Peine de los Vientosera eramaten. Hire kareziak, eskuen ukitze furtiboak ibileraren kadentzia aprobetxatuz eginak. Prevert zaharraren frantsesez dakizkiken bi bertso bakarrak Cet amour si violent si fragile si tendre si desesperé etc. ohizko plan taktiko, estudiatu eta mila aldiz ensaiatua, errepertorio luze eta desmemoriatu batetatik kasualidadez atereak bezala, peineak, itsasoak edo bere begiek ebokatu balute bezala errezitatuak.

        Urte berri on Bergarako X.X. eta behin gehiago, gure konprensio alperrikakoa. Urte berri on prensa libre berriari, eta zorionak goizeroko kafesnearen eta titularrek darioten saporea alsatu ez badigute ere, aurretioko prensak bezainbat ez dituelako zikintzen tintaz eskuak.

        Urte berri on Joxe Mari, heure hirugarren delirium tremens horrek eta sekaderoan pasatako denborak ez ote dik behintzat mundu honetan bizitzeko behar den eta hik betidanik izan dekan ilusiorik kenduko.

        Urte berri on Ruth, zauden lekuan urte berri on zoriontsu.

 


 

18 urtetik gorakoentzat edo
heziketa sufizientea dutenentzat

 

Berehala ezagutu genuen, nolaz ez genuen ba ezagutuko. Traje sastre diskreto bat urdin iluna dibujo fin batekin linea zuri bertikaletan, brusa lepo camiseroan zabaldua, urrezko kate fin bat kolganterik gabe inguruan, renard argenté baten guritasun leuna besoan. Perfume penetrante baina freskoa. Kolonia normal baten itxuraz oharkabean pasa nahi duten Balenciagaren bat. Oinetako takoi luzeetan altxatzen den figura luzea. Blue jean, campera eta Indiako trapoen gainetik gure gizontasunaren alderik ustelenak adoratzen duen charme diskretoa, baina xarmanta. Gal gaitzakeela dakien begirada nagia, bekain luzeen tartetik, irtetzeko ere nagiegia. «Lui» debekaturen baten orrialde satinatuetan, hanka kurboetako mueble artean, lanpara laranja koloredunen argitasun epelean, begiak nirrotuz piano baten gainean abandonaturik legokeen bezala sexoa erdizkutatzeko erabiltzen zenuen eskuari begira, deskubritu zinugun imajina, geroztik gauero ametsetan berriztatu duguna.

        Besoak gorputzaren luzaroan zintzilik, pozaren, tristeziaren eta batez ere gogaitasunaren mugan ezartzen dakizun irrifarraren zai geratzen gara. Gure ondamena izango zarela badakigu ere, zure jostailuak izateaz pozik.

        Zure begi nabarrak.

        Zure azal leuna makilajea ez deskonpontzeagatik masaila eskaintzen diguzunean ezpainekin laztan baten keinua eginez. Gure besoak zure gerriaren bila zure kadera gainetan gero, beige kolorez adibinatzen dugun zetazko barren gonan irriztatuz, zure berna bat atzera altxatzeko mugimendu estudiatua Paramountheko filmetan mila aldiz ikusia. Zure iztarraren karezia esaktoa bizkarrean jarriz murmurio beroa, mila eratan interpretatu daitekeen doinuz jantzia gure izenak esaten dituzunean.

        — Ramon... Koldo...

        — Aurreautonomia... etorri zara azkenean, we love you, we love you —esatea lortzen dugu geure negarra bere bular artean izkutatuz eta atzeko patrikan karnetak eta diruak segitzen zuten konprobatuz Aurreautonomia bezalako emakumeen besoetan prekauzio guztiak gutxi baitira.

 


 

Claudia Cardinale sekuestratzeko plan izkutua

 

Betiko kioskoan egin genuen topo:

        — Aspertuta negok astea gaizki bukatzez.

        — Neroni ere halaxe negok.

        Urtea behintzat ongi bukatzea erabaki genuen. Barcelonaraino stopez. Marinelak konturatu gabe kolatu, eta bodegetan izkutatu ginen polizonak bezala. Ontziak peregrinazio bat zeraman Erromara. Ahaleginak egin genituen neskazahar aflijituren batek kamarotea konpartitzeko faborea egin ziezagun, baina alferrik.

        Eta Venecia (Benetzia) jo genuen. Marco plazan, kafetegi batetan genuen zita, badakizue, Historia del Arteko apunte guztietan izendatzen den Piazza San Marco, usoena eta hori. Ba horretan. Campari bana hartu eta terrazan eseri ginen. Hamar minutu barru, Giancarlo eta Guido ageri ziren, eta santo y seña egin ziguten.

        — Calabria e un bello pais.

        — Con tuto il respeto, Euskadi e piu bella.

        Alfa Romeo sport batetan sartu gintuzten karabinierien begirada zorrotzen pean eta hantxe abiatu ginen zoramenezko abiadan. Ordu erdian iritsi ginen: txalet zuria, ondartza partirkularra, eta han, terrazan, zetazko soineko hestu eskotedunarekin eskuak gureganantza luzatuz, Claudia, Claudia Cardinale.

        — Caro Brunello! Paolo, il mio amore!

        Irakurle azkarrak somatu ahal izan duenez, hoiek dira gure izen gerrakoak, zenbait erreportai egiteko eta leku berezitan infiltratzeko guztiz beharrezkoak. Musuka ito gintuen ia, eta ondartzan barrena pasiatuz Euskadin elkarrekin pasatako garaiak gogoratu genituen. Claudia oso interesatua eta kezkatua ageri zen euskal zinemaz eta aurreautonomi estatutoaz. Claudiak gu ezagutu gintueneko pasadizoa oroiterazi zigun, eta negar piska bat ere egin zuen.

        — Non posso oblidar la vostra imagine!

        Claudia exajeratu xamarra da, odol mediterraneoaren eraginez beharbada: Gu kantari hasi ginen bikote molto koherentean.

        — Sapore di mare, sapore di te...

        Eta urreneko eguzkiari begira geratu zen; haren begi handiek Euskadin maiteminez utzitako amodio ezinezkoa edaten zuten. «Ah, l'amore» murmuriatu zuen. Etxeratu ginen eta afariari azken ukituak egin genizkion. Gonbidatuak etortzen hasiak ziren.

        — Notte caldìssima izango diagu, Brunello.

        — Kontuz Paolo, bihar martxa egin behar diagu eta.

        Hasi zen kotilona, irentsi genituen mahatsak, larru gorritan mainatu ginen ondartzan... Hernaniko erromerietako entrenamenduak ez zuen asko laguntzen bakanal hartan. Aberriaren pabeloia ez genuen oso gora utzi akelarre demostrazio bat egitera behartu gintuztenean. Baina itxuraz juergan bagenbiltzan ere, ez genuen Claudia beti bistatik kentzen. Ederra dela Claudia. Ordubiak aldera bi tipo arraro inguratu zitzaizkion, eta ez zutela pakean uzten. Oso maña zatarrak erabiltzen zituzten, «Bella ragazza», «segnorina Claudia» eta antzekoak.

        Halako batetan Claudiak berak deitu gintuen. Joan ginen prekauzio osoarekin eta edozer kontinjentziarako prest.

        — Begira, hemen presentatzen dizkizuet zeuen bi herritar.

        Bueno, han harmatu zena ez da xamurra kontatzen, pelea egundokoa izan zen, eta errekurtso guztiak erabili behar izan genituen pareja hura menderatzearren, baina azkenean nagusitu ginen. Eskuak lotu eta goiko gela batetara eraman genituen interrogatzeko.

        Lehen peskisetatik atera ahal izan genuenez eta beraiek konfesatu zutenez (bortxa piska bat egin ondoren), Claudia Cardinale sekuestratzeko agindua zeukaten, eta horretara joanak ziren. Euskadira ekartzeko asmoa omen zuten.

        Baina, nortzuk ote dira personai hauek, galdetuko du irakurle azkarrak. Ba, izenak badakizkigu, haien identitatea frogatua dugu, eta Zeruko Argiako zuzendaritzak ez argitaratzea gomendatu digu eskandalo nazionala izan daitekeelakoan, baina irakurleari aurrera geniezaioke Euskadin aspaldin kokatutako ordena erlijioso batetakoak direla.

        Baina, zein ote zen sekuestroaren mobila eta nolako reskatea eskatu nahi ote zuen ordenak, galdetuko du irakurle azkarrak. Ba bi ajenteek deklaratu digutenez, telefonista bezala eduki nahi omen zuten Claudia, bere terziopelozko italieraz Batikanoarekin konferentziak jartzea errazago izango zutelakoan. Hala deklaratu dute, baina guk ez diegu batere sinesten komentuko zentralitarena eta hori guztia, eta beste pasada bat eman beharko diegu.

        Datozen asteotan, interrogatorioetan konfesatu ahala argitaratuko dizkizuegu jendaila peligroso hauen deklarazioak.

        Ah, Claudia ezin zordunago sentitzen zen gureganako, eta San Sebastian egunerako Donostira gonbidatu dugu. Ahaleginak egingo omen ditu etortzeko, baina badaezpada ere, zenbait euskal politiko ezaguni eskumuinak, goraintzíak, musuak eta besarkada emateko enkargatu zigun. Agindua diskretuki betetzen saiatuko gara, Juana Bixenta Olabe enteratzen baldin bada larri xamar ibiliko baitira.

 


 

Jakin nahi genuke Nafarroan erreferenduma irabazten ez badugu zer gertatuko den Goizuetako herriarekin. Zeren guri, egia esan, Artajona Euskadi izatearen arrazoin historikoek eta ekonomikoek ez digute tilin haundirik egiten, baina Goizuetara larunbatero joaten gara afaritara eta larunbatetan Euskadin ez afaltzea ez dugu sekulan onartuko. Ea ba norbaitek soluzio bat ematen dion Goizuetakoari, eta aguro.

 


 

Berriz ere Telesfororekin. Hau eta ni ere ez garela espaiñolak. Eta hirurok erreferendum bitartez konsulta gaitzatela eskatzen dugu. Euskaldunez gainera beste gauzaren bat izatekotan, suekoak izatea erabaki dugu oso bistan dauden arrazoinak direla medio, adibidez, suekak, zeren la española cuando besa sí que besa eta nahi duten guztia baina suekak suekak direla, zera. Eta ojo, zeren Monzonek eta hirurok frente bat egiten badugu —hemendik Malzagaraino behintzat— sindikalak joan daitezke pikutara. (Zer esanik ez espero dugun bezala Laja eta Landakanda ere batzen bazaizkigu).

 


 

Trintxerpen barrena pasatzen bazarate eta begiak erne badituzue, ikurrína pare bat ikusiko duzue lantegi pabeloiretatik zintzilik. Lantegiak Ascorreta eta Lasa dituzue, itsasontzien erreparaziotan bereziak. Jakin behar duzue, baita ere, ikurrina jasotzeko erabakia langile asanbladak hartu zuela, bietan.

 


 

Berriz ere odola. Odol guztiek —venga de donde venga ere— ez dutela usain berdina. Ez digute trago berdina pasarazten behintzat.

        Zein porru klase erre behar ote da ezkerreka indizea maiskulen tekla gainean jarri, eta BASTA YA betiko leloa izkribitu ondoren kafelitoa hartu eta futbolaz jarduteko. Ostiko bat potroetan jaso eta albiste periodistiko edo desestabilizazio terminotan edo auskalo nola hostias sentitzeko. Guretzat ostiko bat potroetan.

 


 

Geu gara gure buruaren kritikorik zorrotzenak, besteenak baztertu gabe, eta geure lanaren balantzeak ez gaitu asko liluratzen, saioan alderdi guztiak txarrak izan ez badira ere.

        Gure desonestitatea ez du inork demostratzerik izango.

        Baina replanteamendua lanean eta lanaren bitartez egitearen aldeko gara, eta hurrengo astetik entrebista-sail bati ekingo diogu. Aber azertatzen dugun.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
769. zenbakia
1978-01-15

  Zenbaki hartako
beste artikuluak