Aurkibidea | ||
|
Ave Cesar, agur tú
Autonomiarekin ala autonomiarik gabe, euskararen ofizialkidetasuna iristean problemak izango ditugu. Hor duzue, har ezazue ofizialkidetasuna, ea zer egiten duzuen orain. Eta berriz ere ustekabean harrapatuko gaituzte: nondik jo, zeri heldu, kuadro falta, irakaslego prestatugabea... Desastre honetan batzu hasiak dira posizionatzen, autonomiaren kointurak ez ditzan azken hileran harrapa. Hiztegilariak sortu zaizkigu, euskara ikasteko metodologoak ugaldu dira, hizkuntzabitasunaren teoriko dugu edonor. Planteamendu soziolinguistikorik ez... Hizkuntzarekiko politika pixka bat bada ere koherentea inondik ez. Eta problemak eta arazoak mahai gainean erakutsi eta eztabaidatzeko asmorik ere ez. Presa dago. Arazo batzu, noski, konponezinak dira gauden egoeran: demandak dexente gainditzen du eskaintza. Ahal dena ari gara egiten, bale. Baina aitzaki horrekin pegak baino haundiagoak direnak ere ezkuratzeak edo ignoratzeak ez dakarkigu gauza onik. Ez ikusiarena egitearen politikaren ondorioetaz zer edo zer jakin beharko genuke honez gero. Itsaso nahasi honetan badabil aspaldi honetan teoria bitxi bat, alegia, eskola nazionaletan euskara ordubete egunero emanda euskararen arazoa konpondua dagoela edo. Haurrak euskara ikasiko luketela behintzat. Eta denok lasai geratzen gara, nahiz eta a sangre y fuego ikaserazi ziguten latinetik Tito Livi ab urbe condita, Ave Cesar morituri te salutam eta halako lau txorrada baino ez jakin. Eta zer esan frantsesez, un kilometre a pié salirse salirse un kilometre a pié salirse le sulié. Bai, bat gatoz, latina eta frantzesa ez dira euskara. Euskara etxe barrenean, inguruan dugu, neurri batetan behintzat. Baina euskarazko ordubete hori ez dakigu ba ez ote den ahuntzaren gauerdiko eztula izango giroaren eraginaren zain baldin bagaude. Hor ditugu ikastoletako haurrak, egunero eta orduoro euskaraz klasean eta ez ditugu ba autobusaren paradan «mañana etorriko da la andereño» eta antzeko esaldi farregari/negargarriak batere lotsarik gabe botatzen ikusten? Politika horrek, gure ustez, ez du bueltatzen inbertitzen den laurdena ere. Eta hori hizkuntza hutsaren mailan, heziketa euskaraz egitea eta heziketa euskara ikastea gauza desberdinak direla diskutitzen hasi gabe. Gu eszeptikoak gara planteamolde horren aurrean. Momentu batetan, zenbait sektoretan ikastolari erasotzeko modu bat zela pentsatu zen. Beldur guztiz justifikagarri horren aurka oso esplikazio xelebreak erabili izan dituzte gure euskara-inplantatzaile luzidoek: «Bai, horiei, izorratzen diena da mantxurrianoen semeak ere euskara ikastea». Bueno, uste genuen mantxurriano eta maketo eta halako terminoak desterratuta zeudela gure artetik, baina tira, ikusten denez zenbaitzuri komeni egiten zaio dikotomia hori iraun eraztea. Autogorrotoaren ondorioak. Baina goazen harira: «bai, arrazoi osoa dute, gu izorratzen gaituena mantxurrianoek ere euskara ikastea da». Horregatik sei esukaldun erdaraz hasten dira erdaldun bakar baten aurrean (Txillardegiren formula ezaguna), horregatik, erdaldunek, batez ere aldamenekoek, euskara ikas dezaten nahi ez dugulako. Orain, erdalduna mindu edo behartua ez sentitzeagatik erdaraz ari ginenok kabroi elitista sionista ezker abertzaloideak ginen. Arrazoibidea makiavelikoa ere egin daiteke: guk nahi genuena zen mantxurrianoak euskararen presioa ez sentitzea ikastolak eta jaialdiak onhar zitzaten, baina beraiengan euskararenganako irrikirik piztu gabe, horrela jauntxo eta euskaradun bakarrak geu izateko. Ba horrela nahi dituzuen pirueta mental guztiak egin ditzakegu ad infinitum (Hau ere eskolako latinari, esker, ze arraio). Ez, ez gara tontoak, ez sakonak behintzat. Euskara eskoletan sartzeak euskararen penetrazio bat suposatzen du, euskara ikasiko ez badute ere, ez zaie gaurko zenbait gazteri egiten zaion bezain arrotz gertatuko. Baina gehiago eztabaidatu, aztertu eta planteatu gabe euskalduntzearen politika hain erraz erabakitzeak beldurra, letxe txarra, odol gaiztoa eta etsipena, dena batera, sor erazten digu. Ikastolak burgesak omen dira, eta euskal nazionalaren bidez gainditu behar omen dira. Burgesa zer den aztertu egin beharko genuke, baina aztertu beharrik ez duenak da euskal eskola nazìonal, orain arteko eskola publikoetan oinharritzea utopia edo fede gaiztoa dela. Ikastolak garestiak direla, eta zenbait lizeo ere burges dela aitortzearen truke, aitor dezatela eskola nazionalak eta antzekoak, nahiz eta egunero ordubete euskara inpartitu faxistak direla. Adibidez, Bergaran (Gipuzkoa, Euzkadi).
Manuel Chiapusoren lana («La guerra en Euskadi y la comuna de San Sebastián») irakurri ondoren, abertzaletasunera etorri berriak direnen eskemak hausten dituen erreflexio betikoa dela esan behar. Egungo euskaldun libertarioak gehiago zar diogula PNVri CNTri baino. PNVk lortu baitzuen trentaiseiseko karnabala Guerra de Euskadi bihurtzea. Bakuninen testoren bat aurkitzeko posibilitatea beti izango genuen han edo hemen, baina gerraren abentura miserablea nazio baten borroka mailara eramateak gure formazioan izan duen eragina ezin zitekeen testo galdutan hartu. Gauzak diren bezala, bakoitzari berea. Gaurko PNV ordukoa ez bada, edo treintaseis setentaiocho ez bada ere. Hori ere bai.
Aurreautonomia ez da negoziatzen, aurreautonomia ez da ari herria lortzen. Zer ari da gertatzen aurreautonomiarekin, galdetzen dugu oso haserre eta azkeneko aldiz. Non dago, noiz dator, edo ze arraio. Urteak ere aurrera dihoazkigu. Gero, ez da guk esaten dugulako, hemen dago Elixabet lekuko, baina proposamenak ere ez zaizkigu falta. Hemendik azaltzean ez bagaitu topatzen, ez dadila hasi RENFEri kulpa botatzen eta betiko teatroarekin. Ea, ba.
Bagoaz, mantxo, baina bagoaz. Diaria aurretiko egunetan senyera metro bat ere ez omen zen geratzen Barcelonako dendetan. Gu ere bagoaz. Bai anaiarrebok, bagoaz gu ere. Santo Tomas bezperan ezin aurkitu Donostia osoan abarka pare bat ere, eta abarkak senyera metro baino hiru aldiz garestiago direlarik. Ez dezagun ba esperantzarik gal. Bagoaz mendirik mendi, baserritik baserrira...
Olentzarok euskal politikoei zer ekarri dien jakiteko irrikan egongo zarete, eta guk txibatzea esperoko duzue. Baina oraingoan ere frustazioz beteak geratuko zarete, ahaleginak eginda ere ez baitugu inondik ere jakin ahal izan zein diren sarituak eta zein egur-ikatzez zigortuak. Baina badakigu, eta hau gauza segurua da, zapatak ongi lustreatuta utzi zituztela leiho ondoan. Erregetan ez omen dute sinesten. Ea ba, aitari edo lagun zaharrago edo espabilatuagoei noiz galdetzen dieten Olentzaroarena. Gezurra dirudi, hain handiak eta oraindik milagro eske.
Errenterian, eskabadora batek haur bat azpian harrapatu espaloitik zioala. Beyena lantegian sei langile hilak labe batek eztenda egitean. Buru txikitu bat, gorputz lehertuak. Lastima argazki batzu ez izana, gomentatuko zuten Interviukoek.
Aspaldiko ez dakigu zenbat urteotan, asko dena dela, lehen Eguberriak euskaldun amak kazuelaz kargatuta gartzeletan kola egin behar ez dutela. Zerbait da, anaia guztiok etxean ez bagara ere.
Ez dutela eskarmentatzen: horra, bi preso soziali bakazioak eman egun batzuetarako Eguberriak familian pasa zitezen, eta bigarren egunean hor harrapatzen dituzte auto barrenetan ohostu nahiean. Noski, ez dute nahikoa eskarmentu. Amnistia itzazu, eta horra zertarako. Hala mintzatzen zitzaigun On Hilario. Txotxotu xamarra dago iadanik, eta beranduegi du betikoak harrapatzen dituztela ikasteko edo konturatzeko.
Larri xamar omen dabiltza Eginekoak, buruminak ere ihartu omen ditute pentsa eta pentsa. Kuestioa, dirudienez, Operación Ogro Exclusiva Mundial bukatzean zer serial eskaintzea da. Eta benetan aitortu behar da, lanak dituela pareko bat asmatzeak. Baina hotretarako gaude gu, deitu ez bagaituzte ere, gu beti pronto kolegei mesede egiteko, beti borrokan alegia, mozkortuta harrapatzen gaituztenean diogun bezala. Hona bada gure proposizioa: «koldo & raymon cuentan por primera vez su increíble aventura. Secuestrados en un platillo volante son conducidos a Saturno, donde miembros disidentes de una sociedad superdesarrollada ofrecen su ayuda incondicional a la causa vasca a cambio de la fórmula de la merluza en txaltxa berde». Eta xentimorik kobratu gabe gainera.
Ojala datorren urtean, Ruth.
KOLDO IZAGIRRE RAMON SAIZARBITORIA
|
Zeruko
Argia Zenbaki
hartako
|