Aurkibidea


Berriz ere

 

Bergaran X.X. gazteak X.X. indefensari puñalada pare bat eman: poztu egin garela ezin esan. Egite asozial batekin solidarizatzea asoziala baita. Berriz ere, pertsona baten biziak ez duela hiltzea edo apuñalatzea justifikatzen, personaren biziarena eta beste halako topiko ezagunak entzun behar. Eta gero eta galdera gehiago egiten diogu geure buruari.

        Saia gaitezen luzidoak izaten. Kontranatura eta kontrasoziala omen da inor hil nahi izatea, baina guri, oraindik ere, umetan terrorismo eta torturapean erabili gintuzten praileak akatzeko gogoa ez zaigu joan, eta zuek esango duzue normala ez ote den. Naturala ez ote den. «Bizi humanoa» eta «venga de donde venga»ka ari zaigunak berriz, ez baititu heriotzak guk bezala sentitzen, batez ere zenbait heriotz: aitaren gerrikoa hartu, komuneko atea barrendik hertsi, korrea dutxa adarretik lotu eta bere lepotik pasa duen mutiko gaztearena, edo eta portal batetan tirokatu duten goiherritar presunto miembroarena. Prentsan irakurri, eta lasai egiten dute digestioa. Irratian entzun eta ederki egiten dute lo.

        Ez zaie zipitzik ere, inporta, baina nork bere burua hiltzea ondo kontranaturakoa da ba, «abereek ere ez omen dute halakorik egiten». Suizidioa protestabide bakarra utzi dion gurasoak beti izango baitu aldamenean psikologo edo psikostiaren bat «ez ezazula zeure burua kulpabiliza, oraingoan izan ez balitz, beste batetan izango zen. Zure semea eskizofreniko bat zen». Ez da ezer gertatu. Suizidioa ez baita asoziala, ez behintzat modu peligrosoan. Baina zer paradoja, protesta «normal» horren ordez, beste protestaera espeditiboagoa erabakitzen duenean, a zer iskanbila montatzen diguten. Bai, hori asoziala da: autoritatea atakatzen da.

        — Ba, bai, baina hori ez baita bidea.

        Ez, hori ez da bidea. Egoera zanpatzaile hau minutu bat gehiago ere irauneraztea ote da bidea. Eta orain espantuka ari direnek aitor dezatela irakasle faxista horren izena eta Ministerio de Educación erlazionatuak eta batera ìkusi ahal izateko, puñalada bat izan dela prezisoa. Orduan, esan dezatela zein den bidea, eta garaiz.

        Pertsona baten biziak ez omen du bere apuñalatzailea duintzen eta loriatzen, baina noizbait Bergarako X.X. gizon gazteak oso ongi konprenitu dugula pentsatuko du hau irakurtzean, lotsarik eta etsipenik gabe, luzidoki. Eta gu pozik hala proklamatzeaz. Orduan, izkribatzeak zerbaitetarako balio duela pentsatuko dugu.

 


 

Errenderian, iragan asteko asteartean, Santiago Bermejo Iglesias jaunak bere burua hil zuen, ezkerreko zainak sukalde labanaz ebakiz. Gorpuak zortzi ordu zeramatzan hilik guardazibilek aurkitu zutenean. Larogei urte zituen. Prentsa-oharrak ez zion besterik.

 


 

Ruth, Oi Ruth!

 


 

Denak ez omen daude konforme. Eta gu ezin isilik geratu, Europako kazetalaririk ausartenak eta biraolarienak izendatu gaituztenez.

        Bai bai, Gestoraren Promotora osatzen zutenek beren burua desegitea erabaki dute. Eta guri dotore iruditzen zaigu jarrera hori. Dotore, desegitearena. Gainera, «kito» esaten ez dutelarik, «iadanik osatuak diren beste gestoretan ere partaide izateko prest» daudelarik baizik. Eta behin, behin bada ere, «objetivo sustancialmente cumplido» esan ahal izatea gauza desohia eta bakana da euskaldunontzat. «Bueno, hau ere jo diagu» esan eta zigarroa lasai pizteko eskubide osoa dute.

        Agian, hau dugu personalismoa, protagonismoa eta beste zenbait ismo eta keria likidatzeko biderik egokiena. Eta aurkikunde hori ere egin digute. Zorion bana, eta chapeau.

 


 

Jorge Semprún expecero eta nobelariak «afirma que, aunque no conoce al Partido Comunista de Euskadi en la actualidad, sería deseable que siga una linea más nacional». Bueno, baina guztiok dakigu Semprún oportunista burges koxkor bonvivant bat besterìk ez dela. Eta komunista baten hiztegian «independentzia» hitzak ez duela lekurik ere badakigu.

 


 

Dirudun eta famoso batek mozkorra harrapaten duenean, «mareo» bat duela esaten da. Mozkorra kronikoa denean, «alkoholizatua» dagoela esaten da. Besteok, huiskirik gabe ardoz eta kuba erdiz mozkortzen garenok, mozkorti hutsak gara, trankalari alproja atorranteak.

 


 

Langile batek enkargatua edo nagusia jotzen duenean, «atentado» bat gertatzen da. Nagusiek —Gernikako Laucirica zuzendariek— langile bat hostiatzen dutenean, «agresio» bat gertatzen da. Nagusiak odolberoak izaki. Guztiz konprensiblea.

 


 

Dezepzionatu egin gaitu Lizarazu gazteak. Orain dena gezurra omen da, eta afera-bidai bategatik joan omen da Hego Ameriketara. Gu gizon talentosoen laudatzaileak gara, baina oraingoan erretiratu egin beharko dizkiogu geure laudorioak. Aitari ehun eta berrogeitamar miloi harrapatu, amorantea hartu eta Sao Paulora aldegin duelako gezurra omen da. Dezepzionatu egin gaitu.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
765. zenbakia
1977-12-18

  Zenbaki hartako
beste artikuluak