Aurkibidea


Prentsa herriaren harma (omen)

 

Periodismoa, kazetarilaritza, gainberada orokor bat izan daiteke, baina askotan, orokortasunak arinkeria dakar, objetibotasun faltsoa. Ispilu deformanteak.

        Bi gaik, bik, euskal erdarazko kazetalari profesionalek erabiltzen dituztenen artean, frogatzen dute ispiluarena: Chillida eta peinea, eta Donibane Lohitzun, nun da gure batasun.

        Peineren kasoa oso ezaguna da, eta maniobra de diversión esan ohi zaio gerra konbentzionaletan. Bai, donostiarron iritzi demokratikoa eskatzen digu orain Diario Vascok. Denen gustora eraman ez den arazo honetan zentratu digute geure energia ideia-konfrontatzaile osoa. Eta bitartean, Otazu alkate, Atochako dorrea zutik, telefonikako miloiak auskalo, eta zenbat heriotz, zenbat atrozidade, diskusioa adarretatik eutsita ebitatu ahal liratekeenak.

        Bigarren gaiaz, ez dela bart arratsekoa esan behar. 1970an «guerra de la anchoa» deitu zitzaion aldizkarietan Kantabria zaharreko arrantzaleak inplikatzen zituen arazoari. «Nuestros arrantzales piden protección con lanchas rápidas» zioten. Orain berriz, euskaraz hitzegiten dutela hemengo eta mugaz bestaldeko arrantzaleek beren artean, hori izan da aldi honetako notizi publikagarria. Ikuspegi orokorrak dira biak, biak anekdotikoak, eta problema estrukturala izkutatzen duten neurrian, faltsoak.

        Eta arazoaren funtsa bestelakoa da: errendimendu teknikoen beherakada kronikoa dela Kantauri itsasoan, eta inflazioak bakarrik mantendu ahal izan dituela errendimendu ekonomikoak (gero eta antxoa gutiago tonelajerako, baina plazan, gero eta garestiago). Eta enpresarien irrazionaltasuna, entrepresaririk bada, kofradien inoperantzia, eta hauen induruko problemak. Felipe II.tik honuntza aplazatu besterik egin ez dituen politika.

        Eta gure anaia Donibanekoek «Zazpiak Bat» karismaren izenean, gure industria depredadorearen hatzaparrak luzatzen ditugula ikustean, Ipar aldea Hego aldearen materia primen harrobia (eta erreserba folklorikoa) izatera kondenatzen dugula ikustean, esango dute, berriro ere, «ta geule».

        Bitartean, prentsa hortxe, bere hartan.

 


 

Ez gara oso ospakizun eta konmemorazio zaleak, egia esan. Agian bederatziurrenak eta errosarioak ekartzen dizkigutelako memorira. Baina ezin hasiko gara urtebetzeak eta gaizki daudela esaten, gu geu ere beti pronto baikaude bazkaritarako. Baina oso kontuz ibiltzen gara, eta ahaleginak egiten ditugu nolako mahaikideak ditugun aldez aurretik jakiteko. Askotan, zergatik gezurretan ibili, etxean geratzen gara batere joan gabe. Gu ez gaituzte txanpainaz kamelatzen.

        Mila urte kunplitzen omen du aurten gaztelaniak. Gure herriko zenbait intelektual iluminatuak euskararen milaurrena ere ospa dezatela eskatu dio Madridi. Uste genuen adar jotze ironiko bat izango zela, baina irakurri dugu proklama eta bai zera. Serio gainera.

        Baina mutilak, mutilak, zer zabiltzate? Tira, tira, ordainduko dizuegu arkume jate bat Urdanetan. Ah, eta tabernakoak euskaldun peto petoak.

 


 

Monzon kanpora bidaltzeko lujoa permetatzen direnak oso zihur egon behar dute beren buruaz, kuadro ugari, ideologoak aukeran, personalitate presentableak gainezka eduki behar horratio.

        Monzon zen guretzat PNVri afektiboki lotzen gintuen historia zatia, Monzon zen, eta da, iraganarekin (etenik gabe) batasun nahitaezkoa egiteko hainbat gaztek aurkitu duten zubia.

        Ez du nahi Monzonik PNVk, ez du behar bere egiazko aurpegia erakusteko orduan Monzon bezalako kontraesanik. Ez zaio inportako PNVri baina galdu egin du, gurekiko, Telesforok eta beste Monzonek ematen zioten duintasuna, eta ez dakigu Mozoni berari inportako zaion, baina badaezpada ere, berriro, berriro, berarekin gaudela esan nahi genioke.

 


 

Lehendakaria fenomeno. Gauzak diren bezala eta bakoitzari berea: oraingoan zorionak eman behar Leizaolari. Pozik eman ere. Generalitategi bat belauniko eskainiz etorriko zaizkigula oraindik.

        Ez dugu Leizaola hemen nago, hemen nago —ja soc aqui— oihuka ikusten. Oroituko da ba berori guri amak txikitandik Agirre lehendakariak esan zuela kontatzen zigun hartaz: «Viva Espana, sí, pero libertadora de los pueblos oprimidos», edo Urrretxindorrak Eibarren kantatutakoaz:

 

                        Viva España! Didarka dagoz,

                        Neuk bere viva! dirautsat,

                        gorrotorikan ez dagolako

                        Nigandik Españarentzat.

 

                        Katolikuok jakin degigun

                        Zer diñon goiko Juezak:

                        «Besten gauzari bakian itxi,

                        Zaindu beria bakoitzak».

 

                        Haugatik, viva,! diñot barriz be,

                        ixan bei Españarrentzat;

                        Baita be diñot: «Gora Euzkadi!»

                        Geuria da-ta, Geuretzat.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
761. zenbakia
1977-11-20

  Zenbaki hartako
beste artikuluak