Oteizak txorradak esateko makinie inbentau
«El vasco actual es un vasco de mierda, decadente, y el intelectual euskaldun, peor todavía. iMucho cuidado!... ¿Quién conservó el euskera en la familia de mi padre, pongo por caso?... Los hermanos que eran tontos, todos en el caserío. Mi padre salió y lo perdió».
Oteizak badaki, emigrazioa inteligentziaren ikuspegitik begiratzen duten bi teoria daudela. Batak, emigrantea, bere etxean bizitza aurrera ateratzeko bezain intelijentea ez izanik, kanpora, konpetentzia gutxiagoko lekuetara, negozio errazak plantea daitezkeen lekuetara joan beharrean aurkitzen den pertsonaia bezala definitzen du. Besteak, berriz, emigrantea tradizioa hautsi, mediokritatea utzi, eta mundu berrietara egokitzeko behar den adina intelijentzia eta ausardiaz jantzirik deskribatzen digu. Psikologistikoak dira bi teoriok, eta psikologismo guztiak bezala, aski atraktiboak, eta bietan nor beraren gustora edo komenientzira aukeratu behar.
Gu ez gara horretan sartzen, baina seguru da gu gizarajook baserrian gelditu zen anaia tontoaren semeak garela. Aita inozoaren seme inozo subalimentatuak. Gure fisikoari begiratu besterik ez baitago, koldo eta bernardoren alturari erreparatzea altura fisikoa, eta intelektuala ere, metro terdian sar dezakete eta ramon fisikoz altuxeago atera bazaigu ere, jakina da jakobo deitzen ziotela eskolan, cuanto más alto más bobo, halegia. Hala ere errespeto bat merezi dugu ze karajo.
Jatorduetan hitz bat erdaraz egiteagatlk kaskarreko bat ematen zigun aita tontoa soportatu izan ez bagenu, orain ez baitzen h-az, batasunaz, euskararen estetikaz eta euskaldun berrietaz hitzegiterik izango.
Ondo asko saiatzen ginen disimulatzen euskaradaren bat ateratzen zitzaigunean, eskolan borono, pello pellote cabeza de bote, casero eta antzekoak botatzen zizkiguten Oteiza bezalako aita listoen seme listoek bestela pentsatuko badute ere. Ez baikara ahaztuko el aita y los dos vamos a ver los carreristas esan genuen hartan entzun behar izan genuenaz. Baina hostia ederrrak hartutakoak beroiek ere, esatea gaizki ez badago, geure aita tontoari azkar ikasi baikenion (castellania fasilidiomes que solo se aprende en un mita de mes) erdara eta erdaldunak, eta Ameriketara joan eta hegoamerikako azentoz mintzo zen osaba listoa adina ere baginela, sukaldean euskaraz hitzegiten bagenuen ere. Eta amak beti errepikatzen zuen gure pobretasunean ahal den dotoren, eta garbien, eta behintzat, txukun.
Eta gure ama dela eta, nondik arraio dator euskara amaren titietatik tragoz trago hartu genuelako ipuin txinoa. Amaren bularretik, esnea urte pare bat arte (ez orain bezala), baina euskara, inguratzen gintuen giro erdaldunak ukatzen zion balorea zuen zerbait bezala ikusi nahiean kultura etsaiaren barnegiroan erdaraz egiteko geure tendentzia «soziologikoa» korrejituz, orduan haurrak ginenon intelijentzia laburretan euskaldun izatearen sentidua dorpeki, intuitiboki, zentzu animal baten arabera, euskararekin batera ematen ahalegintzen ziren guraso tonto etxean geratutakoengandik jaso genuen, ederki kostata. Geure amak ez baizigun munduko beste edozin amak bezala hitzegiten, euskaraz hitzegiten baizik: gure «ama, pixalea» ez zen prozeso intelektual normal baten hasiera, bi mundu berezi eta kontraesankorren erdian jartzen gintuen prozeso eskizofreniko baten hasieran baizik, eta Jainkoak daki, zenbateraino izan zaigun baliagarria eskizogrenia hori, teorikoen laguntza hutsaz ezin ulertu diren zenbait prolema interpretatzeko.
Euskara ematea ez zen, ez, titia eskaintzea bezain erraza, maixuak «si le hablan el vascuence el chico no puede adelantar» edo anaia listoak «ez baitik ezertarako balio, eta bankoan sartzeko kalterako gainera» esaten zutenean. Eta ez da dena hor akabatzen, amaren bularretik edandako euskara famatu hori, salesianoetan zehar, guatekeen inguruan, kaleetan barrena mantendu behar zen neurrian, eta kultura rnunduan sartzeko nor beraren kabuz homologatu, euskaldun guztiok gara nolabait ere euskaldun berriak.
Baina orain harro gaude geure inozotasunenan, (nolabait ere aztertu egin dugulako) gure aita inuzentea hemen geratu zelako, eta eskolaren lojikaren eta listo guztien iritzien kontra euskaraz hezitzen azertatu egin zuelako. Lapa harkaitzari bezala, posibilitate remoto bati eutsi ziolako. Eta, egia esan, bastante potroetaraino gaude, hainbat denboran ikasi dugun tontooi erakusteko asmoz datozenean. Lehenago ere hamaika osaba indiano horrelaxe jokatua baita, sasoi ederrenak Arjentinan eman eta zahartzaroan, prostata eta guzti salda bero bila etxera... Eta etxekook dioguna, datozela, datozela, baina humiltasun pixka batekin, gertu garenok ere errespetoa merezi baitugu, eta lurrak landu dituenarentzat, eta txorradak esateko bulak Erroman.
Gero, gainera, alferrik baita, nahi direnak eta gehiago esan ondoren beste harek (horrek) bezala, protekzio ofiziala eskatzea. Hara (horra) nundik, protector eta protegido, denak elkarrekin ibiliko zaizkigun azkenean.
KOLDO IZAGIRRE
RAMON SAIZARBITORIA