Aurkibidea


Zer egingo diogu ba

 

Gainera, seriogi ari zarete jartzen, botatzen zigun azkenekoan Elixabetek, beti bezala artikulua beranduegi entregatu genuelako beti bezala errita egin ondoren.

        Bai, bai, esan genion, bai ama esateko gogoa erreprimaturik. Baina bagenekien hurrengo astean ere serio azalduko ginela, eta berandu gainera. Eta hala gatoz, desorduan eta kopetilun.

        Bai jaun andreok, serio jartzea erabaki dugu; pailasadaz eta pitokeriaz aski. Ken dezagun mozorroa eta erakuts ditzagun geure benetako aurpegiak, ikas dezagun gauzei buru egiten.

        Potroetaraino gaudela, besterik ez. Potroetaraino, astero notizia politikoari alderdi txabakano eta algaragilea bilatzen. Asperturik gaude, irakurle maitea, ea zer dion katxondo pare horrek pentsatuz Zeruko Argia geure orrialdetik zabal dezan. Buruz ikasi dugu iadanik Monforteren pantorrilarena oso kolpe ona zelako historioa. Jakinaren gainean gaude halako gehiago egin behar genukeela. Nazkatuta gaude, egia esan asteburu guztietan amari ez gaudela esan erazteaz telefonotik deitzen gaituztenean. Neurria bete dugu.

        Baina aspertze eta nazkatze hori hutsaren hurrengoa litzateke, beste haserre batek, beste higuin mota okerrago batek zamatuko ez bagintu.

        Ez gaitu inoiz probisionalitateak sobera kamelatu, horra. Botatzeko ditugunak (ez asko, egia esateko) , deskafeinatuta eta kondensatuta esan beharrak halako frustrazio tipi batetan murgiltzen gaitu. Ez, ez da luze-laburraren kontua, eta Elixabetek orain ere (ia) beti bezala luzeegia egin dugula esaten digunean, badakiqu hurrengoan ere gainezka egingo diogula orekari eta neurriari. Badakigu, halaber, kuestioa ez dela konpontzen tamaina hartzearekin. Gurea, arazo morala da batipat.

        Ia ohituak geunden presaka ibiltzen, erdi eginik geunden arnasik hartu gabe aritzera, iritsiak ginen literatur idaztankeraren erreflejoak itotzera, baina azkenean konturatu gara, pauso bat eman beharrean kristoren hankazuloa egin dugula.

        Ez gara gazetileroak, hain guti gazetalariak, eta geure burua orduoro bijilatzen, justifikatzen eta barkatzen iharduteak nazkatu egin gaitu. Nazkatu eta serio bihurtu.

        Eta geure izate edo bihurtzea ez da esan beharreko minimo hoiek in aeternum aplazatuz konponduko. Eta bizkarreko karinotsuak ematen dizkigutenean serioago jartzen gara.

        Ez dakigu sindrome honek ez izenik ez sendabiderik duen. Espero dugu, hala ere, petrikilok belarren bat aurkitzea. Sinesten dugu, baitare, gazetalaritzak aurrera egingo duela etengabe eta konszienteki.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 


 

Badator aurten ere Durangoko Ezdakiguzenbakarren Euskal Liburuaren Periya... Badator eta ez dakigu joango garen, baina badakigu, joaten bagara, autoa izorratu eta Vascongadoa hartu behar izateaz aparte, izango dugula zer kontatua bueltakoan. Adibidez, literaturaren soziologoa, orain arte bezala, primeran dagoela, inteiligentsiarekin tuteatzeak pues bai, egiten digula zirarratxo bat, apaiz ohi eta prailekondo guztien osasuna inbirigarria dela, igual Pen Club, eta guzti izango dugula euskal idazleok. Betikoa, hotz bazkaldu eta andregaiarekin hizketan ari garenean, tabernaria kontuarekin.

 


 

Tarradellas (pronunziatzeko, Tarradelas) honorableak beti du sorpresaren bat gordea bere jakaren manga luzeetan. Oraingoan zer izango eta, Irundik pasatzerakoan «por Catalunya y España» brindis bat egitea. Ez dakigu, senilitatea dela eta, memoria ahuldu ote zaion, edo reaktore barnetik herrialde honen kolore berezia atzeman ezina den. Jakin ahal izan dugunez, Leizaola lendakarija biziki minduta dago. Edade batzuk ez dira dibortziotarako.

 


 

Cambio 16. Los vascos de la ira. Ez dakitela zer egin gurekin, gurekin ezin dutela demokrazia konsolidatu. Martxa honetan segitzen badugu, pentsatu beharko dutela, zer egin gurekin. Interno sartuko gaituzte, nota hauek hobeagotzen ez badira.

        Ea bazter hauetan zer gertatzen den ikustera etorri zaizkigu Cambiodieziseisekoak, eta ikusi dute, nola Gestorak pipiak janda dauden ezkergorriz beteak daudela halegia, eta hauzo elkarteak ere berdintsu. Bai, hala zioten psoekoek eta Latierro'tar Iñakik, beroiek ere pentsatu beharko dutela zerbait, langileak bilatu eta zelulak sortzen hasi edo.

        Irakurri eta zabaldu Cambio 16. Jendea entera dadin gure Joseba Noesporafandeprotagonismo Elosegi Anoetan bere numeroa egin ondoren jendeak nola ez zuen hormetan Joseba kalera izkribatu. Ez du memoria txarra gauza batzuetarako Joseba gureak. Han erre baitzuen bere burua, eta hil, Jacques Andreu frantses ezkertiar gaztea, Euzkadik jasatzen zuen zapalketa salatzearren, eta Joseba, eta Joseba...

 

Zeruko Argia
758. zenbakia
1977-10-30

  Zenbaki hartako
beste artikuluak