Oarketak

 

Bein eta berriz biziro

leikor esaten didate:

«gaizki abil, oso gaizki

ain bakar. Ez al dek gure

billera goxoa maita?;

ez al gaituk adizkide?»

Galdera oiek, jum... usai

leunegia dariote.

Beraz, erantzunik onen

zalantza-ziñu orixe.

 

Gizon burutsu batek au

esan zidan bein-batean:

«Aizazu, gezurrez ari

geran aldi bakoitzean

punpullu bat aterako

balitzaigu kopetean,

aitortzen det, asko xamar

izain lirake nerean,

baña bai ugari, zenbat

punpullu besterenean!.»

 

Horrela gezur-punpulluz

nabaro baldin bageunde

talkalari amorratu

zallak izango giñake,

elkarren etsai jo ta jo,

atsedenik ez beñere.

Baña naiz gezur-zulo izan

naiz bentsu, egi esale,

mundu'tar geranok zenbat

ixtillu ta buruauste...

 

Bakartasunaren deyak

mendira pozik narama,

an arki baitek pakezko

egoite bigun laztana,

kezka ta miñ-erre guzik

baretutzen dizkidana.

Antxe lilluraz, gozaro...,

an arin zait urte-zama.

Biotz-biotzez maita det

mendiko ixillaren ama.

 

                1943 garren urtean.

 

Orrialdea handiago ikusteko

Orrialdea handiago ikusteko

 

 

© Emeterio Arrese

 

 

"Emeterio Arrese / Koadernoa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus