Zabal-argi'ra

 

Larburu'tar Jose'ri

 

Gure izkuntz eder maitagarriya

ziñez maitatzeagatik

txaki beltzean iduki naute

luzaro giltzapeturik.

Euskera gogoz erabiltzia

euskotar geran aldetik,

ez nuan uste pekatu edo

biyurrikeria zanik.

 

Iñori gaitzik egin ez arren

sar ninduen illunpean;

t'amets-nasien mamu zakarra

gabero erdu zitzaidan.

Ate-zulotik begi zorrotz bat

zalatzalle gaiztoa zan;

orretxek geyen kezkarazi ni

leotz izugarri artan.

 

Urrutira gaur amestxar aiek,

igesi lengo etsaya;

bat-batez orain antzalda eder,

egunargitze alaya...!

Ta zu'ri zor nik aldarte auren

ikuspegiz detan jaya,

t'argatik nere biotzak zu'ri

olerki baten emaya.

 

Udaberrian kilkerra pozez

kir-kir-kir ixildu gabe...

Noski! zulotik zabal-argira

atera baita. Ni ere

kilker bat edo alatsu beintzat,

berebiziko abesle...

Zabaldegian zure laguntzaz

pozik arki naizen bide

eskerrik bero ta bizienak

ematen dizkitzut, Joxe.

 

                leotz, calabozo

                antzalda, transfiguración

 

Orrialdea handiago ikusteko

Orrialdea handiago ikusteko

 

 

© Emeterio Arrese

 

 

"Emeterio Arrese / Koadernoa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus