Ixil-aldi luzean egon banaiz ere
alper-sorgiñak beintzat ez nauki mendaro,
irasor ez; ernemin eztitsu bat nere
lei onari jarraitzez eda zait oparo.
Iñoiz aun-egin ezik ur jatorren billa
erpiñerako maldan zuzen ibili naiz.
Arazoen urrengo atseden sotilla
zein asekor idoro al'baneza garaiz!
Dirdiraz an aurrean Aitormendi-gara!...
Irudi bat ez-ote...? Alaz ere beintzat
asmo garbiak aruntz laisterka narama.
Kemen au soil izango danik ez deritzat.
Nere bizitz-bidean egarbera naizen
ezkero iturburu bat, iñostin joriya,
arkitu-zale; biotz, abil, abil goyen!,
eraiki bat-batean ire indar guziya!
Urte asko-ta buruz motel xamarra ni;
yoranez ostera gai, len bezin abesle;
olerki maite onen lagun dira txori,
izar, egu-lili ta gañerako beste...
Gozoakin nasia samiñ au ere bai:
ama il zitzaidaneko negar-itxasoa.
Gozo-samiña beraz izanik aldegai,
olerki-barren dirault gogamen osoa.
Aratziñe, Zugana eldu naiz biotzez;
muin-berezi dakarzut gogozko lorea;
onen txuri-gorriaz apaindu ba, ziñez,
ikugai ez dan zure basetxe maitea.
Eskuzabal ixuri gure sugartxora
goiko larre bitxien usaiki garbia;
urrin-emai onegaz elkarren gogora
iratzi begi, maite, zorion guzia.
Oar!, biotzetiko susmoa bezela
larranbilloen usai jatorra nabari...
Esan bearrik ez det zurea naizela,
iturtxo bat ongien bayezkoaz dari.
Aur nintzanean amak muxuka loaren
biguna yausi eta ¡ondore gozoa!
zu nere lozai ziñan amatxoren urren.
Oroimenaz pizturik dakust aurtzaroa.
Gero, jayotzerritik Ameriketara
yoan arren... ¡egoizte laburra!, biziro
azkar nik ango aldi, ne amets-iñara
ega zoliaz laster emen zan berriro.
Erbestean iñoiz ez gozartze geldirik;
etxekoi dan erleak lili arrotzetan
ez lezake yadetsi poz-eztagai onik.
Ez det beñere miztu lausaro txarretan.
Ain begiko zaitudan maitale gardentsu,
zure mintzoaz ainbat itxaro ta atsegin
ez det egundaño izan. Zurekin, enetxu,
euzkeraz jardungo naiz, il arte zurekin...
Umetandik izan det zuganako leya;
zuk egin baitzidazun gau eder batean
ixillaren-ixillez gelgarri zan deya.
Argatik bizi nai det zure babesean.
Gau ixil aren aizpa zu zerala diyo
oroi-zear datorren urrungo laztanak;
berdin ere gaur nigan arrats-erestiño
maitetsua dirokin gabaren otxanak.
Izpe xamur antzeko marmarin-eskeintza
urbil zait; eta goyen, ezkutuko zori,
jolasean izarrak igeska dabiltza.
Maitaroa dala-ta nunbait jolas ori.
Neronen baitan zauden irudi garbiñe:
urrin-jario zu ta nik aldi berean
pozaren-poza dagert. Zugaz, Aratzine,
eztai-garbien jaya nere biotzean!
Olerki au, Tolosa'ko Euskal-Jayetan biotz-agurra
opaldu zidaten abagunez idatzi nuan.
aldegai, elemento de composición.
Aratziñe, nítida / Musa.
iratzi, filtrar.
iñara, golondrina.
lausaro, polen.
|