Basatiaren
oyua
Auñamendi-ko erpiñ-inguru pagoz ta aritzez betea nere biztoki. Ni naiz emengo jaun bakar eta jabea. Txakur kementsu begi-zoli bat arrotzei ekin zalea da nere lagun itzar, zaindari, aizkora berriz legea.
Emen jayoa naiz. Nik emen osabide, gogo ta soin basaundi onen izakide. Neronen arauz, beste iñorenik gabe emen bizi naiz eta emen ilko ere.
Eguna egun, illunabarra lotaratzeko egiña garaiz bildu ta loak besotan goizarte nauka etziña. Ibai-aldean geyenak loger, goxagirotu eziña. Noski; zaiñ erre gaizto baitira... Bakoitzak berezko griña!
Goizen, egunargitzez, irrintzi ta oyu, nere diadar-otsa mendiyak maite du. Emen ez da beñere, iñoiz ez ¡ujuju!..., ekaitzaren indarra besterik garaitu.
Mendigaiñ ontan egundaño ez an bean ainbat azari, ez ere ziraun, arrubiyo ta bestalako gauz itxusi... Neguburuak naiz-eta berdin elurrez garbiro jantzi, elur au bean loi biurtzen da goi ontan berriz iturri.
Uritarra sartuko balitz mugaz gora, txakur salatiya ta ni gauden basora, tximista bezin azkar an luke lepora jaso ta eskuan zorrotz daukatan aizkora.
Sakostan gezur, ixtillu t'abar dabillen etsai-taldea iñoiz ere ezin izan liteke basaundi onen jabea. Ango gizatxar asaldariak jakin bezate nerea izango dala, beste iñoren ez, baseder ixil maitea! |
© Emeterio Arrese