Abiñe ta Xumelar

 

        Xum.—

Abiñe maitagarria,

garbi-solleko txingia;

entzun ezazu maiteki nere

biotz-eskaria,

gogo ta xedez garbia,

lei batek ernarazia;

bakar gaxo bat naizen onetzaz

kupitu zaitia.

 

        Ab.—

Itz eder oien eztiya

legun, oso bereziya,

zure jardungai ereskitsuak

zoratu nau iya;

sinistatzen det egiya

izango dala guziya,

begi zoliak ezin ukatu

biotz maitatiya.

 

        Xum.—

Zuk ere begiak zoli,

uso batek beziñ argi,

zu zeran ainbat ederrik ez det

egundaño ikusi:

adimen ain iratzarri,

begizkuna zabal-garbi,

t'ayera otxan. Zu ziñake, bai,

nere poz-eguzki.

 

        Ab.—

Ontan ez beintzat kezkarik,

ez det izan burausterik,

itxusi ala ederra naizen

ez dakit oraindik;

baña esango dizut nik

ez dala beste biotzik

nereak ainbat Xumelar'ena

maita lezakenik.

 

        Xum.—

Goibel ondorean urdin,

zorigaitz urren atsegin;

Abiñe, orain arindu zaizkit

lengo pena ta min...

Zure gogozko izan nedin

otoi beroz nik alegin.

¡Bai zoriona bizi bagiña

biyok alkarrekin!

 

        Ab.—

Xumelar mutil alaya,

mendiburu-ko artzaya,

garbiro, ziñez, itzegiteko

eldu da garaya;

berdin danez gure naya

zu, bai, nere senargaya.

Biyontzat laister bat izan bedi

otorduko maya.

 

        Xum.—

Abiñe, nere aingeru,

nere izar, nere zeru,

zureganako maitetasunez

biotz eta buru,

nere lei on, pentsamentu,

adore bizi ta zentzu...,

almen guziak erabat zure

opaz nere barru!

 

 

© Emeterio Arrese

 

 

"Emeterio Arrese / Olerki berrizte" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus