Aizak
Buenos Aires'en arki dan lagun bati
Umore ona egiz darion azkenengo ire kartan zirikoi xamar galdetzen diak zer bizitza daramatan. Galdera oni erantzun argi zuzen bat nik ezin eman, irudi nasiz bete baitzaidak nere buru au Habana'n.
Mitxirrika bat ega ta ega argi baten inguruan ari dan antzez ni ere noiznai griña zoro setatsuan ametsen egoz ega-iraulka larri nebillek munduan. Ikusten danez pinpilinpauxa geyegi nere buruan.
Errimin-edo biziro maizki aruntz naraman indarrak piztu erazten zizkiat lengo garai ta oitura zarrak. Entzumenean zeuzkat oraindik biyok eta Labaur'tarrak beñola Jose'n upeltegian egin genitun algarak.
Zergatik onuntz etorri naizen...? Mundu auxe borobilla ote dan jakin t'arindu nayaz nere buruko naspilla. Ta i... bazekiat joan eitzala azterle bizkor, abilla Iparragirre'k or utzitako saku-diruaren billa.
Habana'tik 1907'garren urtean |
© Emeterio Arrese