Artzayaren abestia
Oraindik ez nau menpean atzi ezin bat iritxi nayak, iñoiz ez bere listorrez josi aundikerizko etsayak; oniritzi ta gogoz arturik Izadiaren emaya, naiko atsegin bertan du noski zintzo bizi dan artzayak.
Ardizai emen bakar bizi naiz nere txabola xarrean, bakarti, baña zorontsu goiko saroi eder ixillean; pozaren bidez irrintz-oyuka nabillen aldi berean mendi-kolkoak erantzuten dit ots alai bete-bertan.
Goizean goiz nik begiratzen det urrutiko sortaldera, ta illun-aurrean ziaro dakust eguzkiaren sarrera; begi ta gogo zabal-zabalik lilluratu bat bezela egon ondoren jolas-oyuka zaletsu nabil ostera.
Artalde gizen oso bikaña, esne ta baba txit naro, aldi soil gorri zekenik emen ez det izan egundaño. Egarri banaiz iturbegia poil-poilka beti maitaro, otorduetan janari ona, gauean berriz lo ta lo...
Ta lo gozo au izan oi arren iraute luzea duna begiak ustez itxi orduko sortzen da berriz eguna. Gentzaro maite zoragarria, atsedenaldi biguna...! Lengoz gañera loak darakar artzayaren osasuna.
Goiznabarrean era xamurrez otoi eztitsu garbia egin ondoren idikitzen det bordagaraiko esia; larrean pozez yauzika dabil artalde bikain txuria, ta nere barren bildotx antzera biotz esnatuberria.
Irrintz-egiñaz goretsirik ain izate garbi zintzoa bizi-maill ontan osatu zaizkit soiñ-indar eta gogoa. Menditar txiro bat naizela ta basati kaiku loloa?... ¡Ujui!, gizarro, igana ziak nere pozaren zantzoa!
Oraingo zenbait sasi-jakintsu, gaizto guzien antzera itxu daude-ta sarri litezke amildu negar-lezera. Pozez ain jori dalako berriz artzayaren izakera nik emen ainbat atsegiñ ez du an bean iñork ¡bai zera!
Erpiñen'etik, ezpada beintzat egoaldi oso illuna arrano batek lezaken eraz ikusi oi det urruna: itxaso zabal, ibargi naro, baserri jator, txukuna... Ta ikuste alai orren gañez nik txabola xar untzaduna.
Urrin gozoa banatzen dute lardi baso ta zelayak, ipar ariñez maita nau emen arratsaldeko garayak. Loreak bere likura damait, itzala pago zardayak, ta iñori baño lenago musu eguzki goiztar alayak.
Goiratu nedin kolko ta zangar sendoak dauzkat aldakai, laister-bidetik igo ta goren irrintzika nabil noiznai. Il-obi zarrez betea dagon mendi-mendiyan ardizai Yainko'ri esker ondo bizi naiz. Nere biotzak beti jai! |
© Emeterio Arrese