Ama!
Zorigaitzaren asgabe latza leguntzen dute malkoak lore zimel bat udan bezela egun-sentiko lanbroak. Argatik orain negar ta negar ase nai luke kolkoak t'argatik ere len baño geigo maitatzen ditut bertsoak. Auek gotiñar antzera zaizkit, susnoz iñar kidekoak, mara-mara gaur nere barmendik ixuritako tantoak.
«¡Ama...» Itz au dan goraltzigarri, ain xamur, aratz, kutuna! Ama da leirik onenak beti ernarazten dizkiguna, Jainko'ren urren ama guk ordu zalletan aipa deguna, biotzetiko egimen eder guziak berez dituna. Ama zan gaxo negon aldiro gau t'egun zaintzen niñuna, ta amarik gabe larri, etsi-zail, nekezko bizitz astuna...
Etorkizun on bat neukalarik iritxi nayaz obea euskal-erritik urrundu nintzan amets-irudiz betea. Une txar batez arturik ala bear ez nuen bidea, atsegiñ ordez arkitu ditut arazo ta naigabea.
Beiñ eta berriz, geitu ta geitu, ixuri bezait negarra, beriot aunitz gogoratuta il zaidan ama laztana, irten-goizean egunargitzez ixil-ixilik nigana erdu ta musu betazaletan biguinki eman zidana.
Etzait aztuko gero negarrez nik ez ikusteagatik luzaro nola egon zan bere gela-txokoan bakarrik. Maiz burura zait gaxoak neri azkenekoz muin-egiñik esandako au: «Seme, bazoaz amaren aldamenetik...! Betiko gabaz nere bizitza estaliko da gaurtandik.
Itz oiek entzun t'alaz ere ni, eskergabeko semea, urrundu nitzan... Arrezkero beltz, illuna nere bidea. ¿Zerk bururazi, zer aizek Euskal- -erritik aldegitea?... Leze bat emen, utzirik ango babes ain goxo maitea!
Egunero itxas-ertzean nabil ipar-alderuntz begira; alditxar guzik erabat nigan gañezka bildu baitira. Luzapenaz miñ... Alik lasterren itzul nai det sorterrira, ama xar maite gaxoa nere galdezka il zaidan tokira.
* * *
Jauna'ren deyaz igo zera-ta orain an oztin garbian zure anima, ta korputza lur gurutze baten azpian. Illotzik zauden ama laztana, sarri nik obitegian nere miñ eta penak esango dizkizut ixil arian illak bakarrik entzuten duten izkera maitagarrian.
Habana'n 1903'garren urtean |
© Emeterio Arrese