1887 Azkaine
Mihizlariak
Gratien Adema "Olharrepe"
Airea: Nere ikhazketako...
1
Gure herri xumetan
Zenbat hitzuntzi!
Zinez nola jostetan,
Oro erasi,
Gezur nahasi,
Erne daude nor zertan
Hobendun kausi,
Nori phitz hautsi,
Ez nahiz deus bertzetan (bis)
Onik ikusi (bis).
2
Beren hutsak utzirik,
Khexu bertzenez,
Mihiak xorrotxirik,
Daude auhenez,
Denen hobenez,
Nihor ez da garbirik
Hoien erranez,
Kanpoz ez barnez,
Zenbat hoik ausikirik (bis)
Dagozin minez! (bis)
3
Izan dadin egia
Edo gezurra,
Bethi hoien mihia
Doha itsura
Hauts edo urra:
Den mendren iduria,
Edo itxura
Zaie segura
Hain da hoien loria (bis)
Bertzen malura. (bis)
4
Gabaz Akhelarretik
Mainguka jinak,
Hasten dire goizetik
Gure sorginak,
Moko saminak,
Sist handik, sast hemendik,
Zer listafinak,
Laphar, ausinak!
Sendatzea luze dik (bis)
Hek egin minak. (bis)
5
Mihiak du erraten
Zer den barnea,
Bihotza zenbat daiten
Gerla gosea,
Ezin asea:
Hauzo eta ahaiden
Makhurtzailea,
Zer ezkabea!
Jainkoaren ez jenden (bis)
Beldur gabea. (bis)
6
Holakorik ez bedi
Gure artean
Agertzerat atrebi,
Edo lurpean...
Suntsi beite han.
Girixtinoak bethi
Jainko legean
Eta bakean
Bizi gaiten maiteki (bis)
Batasunean. (bis)