Ardao-zaliak poltsia galdu

(Jazorikua)

 

       Burdinbidiak asmau baño lenago, Bizkaya'ren zati andi batek (Bermeo'tik Ondarroa'rañoko itxasaldian, Gernika ta Markiña-aldiak, Zornotza ta Durango-aldiak) Araba ta Gaztela-aldiekaz euki oi eban sal-eroste, artu-emon ta juan-etorri gustija Durango'tik Gasteiz'era duan bidetik egiten zan, Urkiola, Otxandijo ta Legutiano (Villarreal) ziar.

       Orduko aldijetan bide orretatik oñez, mandoz, zaldiz ta burdiz, atzera ta aurrera, gustiz ugari ibilten ziran notiñak [1]. Urkiola'tik Legutiano'ra bitartian, bitxabalaren [2] alde bijetatik urriñeraño, oyan edo baso sarratu zabal andijak egozan, eta orain baño askozaz etxe gitxiago. Oyan andi orreitan ugari eskutaten ziran basalapurrak, eta al eben aldi gustijetan bidera urten, bidaztijak [3] gelditu, eurekaz eruan baso-barrura biar ba'zan, eta, jakiña! aldian txanpon barik izten ebezan murri-murri.

       Aldi aretan gorda-zibillik ezeguan, baña bai-egozan mikeletiak bidiak zaintzeko. Oneik geyenetan bidez-bide ibilten ziran lez, ondo zainduak ixaten ziran. Lapurrak beti jakiteben mikeletiak nundik nora ebiltzan.

       Orregaitik, mikeletien uste andirik euki ez da, burdidunak alegintzen ziran alkarregaz batera ibilteko, alan indar geyago egiñik lapurrai aurre emon al ixateko. Sarri ibilli oi ziran alkarri tiroka lapurrak eta burdidunak.

       Egija da, beti-be, lapurretak asko ta lotsabakuak ixaten ziranian, eta batez-be, notin ezagun edo andikijen bati ostuten ba'eutsoen, etorten ziran mikeletiak indar andijagaz, alik ziatzen arakatzen ebezan baso gustijak, lapurren bat edo beste il edo arrapau, ta enparauak uxatuten ebezan urriñetara. Orretariko garbi-aldi baten ondoren bake geyago ixaten zan bidietan; baña gero, apur-apurka, bat orain eta beste bat gero, agertzen ziran barriro lapurrok, eta ibilli-ta-ibilli, azkenerako lengo moduan.

       Eta gauza uargarri [4] bat: naiz Durango-aldekuak ixan, naiz Arratia'kuak, naiz Orozko'kuak, naiz Larrabetzu'kuak, naiz Bizkai'ko edozein aldetakuak, berialaxe ikasi ta erabilten ei-eben gipuzkerea (Gipuzkua'ko euzkerea). Euren izkeratik danak kiputzak ei-irudijen. Ori ixango zan, gure ustez, urriñekuak zirala ziñestu erazotiarren.

       Guk zarrai entzunda dakigunetik, Napoleon'en gudatetik karlisten gudaterarte ixan ei-zan lapurraldi itxela. Eulijak baño ugarijago ei-ebiltzan. Azkenerako alkarren aurka jarri ziran, danentzako beste zer-ostu ezegualako, ta burruka ta zarraparra askotxo euki ondoren, iru edo lau aldratan banatu ziran, aldra bakotxak eukola bere mendian bidiaren zati bat antxe lapurretan ekiteko; ta aldra orreitakua etzanari ezeutsoen izten an lapurretan egiten. An etzan laketzen lapurrik euren aldretakua baño.

       Lapurren artian iñun baño agintari-biar geyago ixaten da; ta beraz, aldra bakotxian buru edo nagusija eukiteben, eta onen urrengo beste malla bat egiteben bik edo iruk, bere barrukuaguak ziranak, eta enparau gustijak egiteben berengo mallea, «lapur lauak» esango ba'gendu lez.

       Oneik aldrok, geyenetan, onetaraxe lan egiteben euren lapurrerijetan: lapur lauak edo berengo mallakuak jarten ziran or-emen bitxabala jagoten, batez-be biar-biderik asten zan tokijetan, gelditu erazoten ebezan bidazti gustijak, eguan baso-barrura, lotu antxe zugatz-enborrai; eta onan batzen ebenian talde azitxua, etorten zan eurakana aldra-burua zan lapurra, manta bat zabal-zabal ipinteben lurrian, bidazti arrapatuei agintzen eutsien botateko araxe euren poltsak, eta gero arakatuten eutsiezan ondo euren sakelak eta jantzijak badaezpadan.

       Onetara lumatuta gero, edontzi edo baso-betena ardao eskiñi ta emoten eutsien ostutakoei, atsakabia zelanbait arinduteko edo.

       Lapurrak onetariko ekandurik iñun daukenik, edo euki dabenik, eztogu entzun sekule. Antza danez, onetantxe be, lapur ixaten be, euzkeldunek berarizkuak ixan dira, euren antza ta ez iñorena euki dabe, iñor ez lakuak ixan dira.

       Ardaua eskiñi diruak kenduta gero!... Asmakixun errukorra!... Beste leku batzuetan dirubakaz batera bixija be ardura asko barik kentzen ei-dabe.

       Bai, antxe lapur-tokijan polito-polito eukiten ei-eben zaragi ederra (au be ostua ixango zan, zer esanik eztago) bere astotxuan dotore.

 

 

       Ba, onakoxe aldi baten, bidazti-taldia batu ebenian, eta poltsak eskatu eutsezanian, eta gero sakelak eta jantzijak ziatz arakatuta, ardaua emoten asi ziralarik, jazo zan gauza barregarrija, ara:

       Bidaztijen artian eguan aguretxu bat txiro jantzita, buruan tximela ebala, aldi aretan oiturea zan lez; berau etorren Legutiano'tik, an eukozan etxe bijen urte-sari edo errentak artuta; poltsak botatia agindu zanian, beronek esan eban ezeukola ezer, bera txiro bat baño etzala; sakelak eta jantzijak arakatzia ixan zanian be, ezeutsoen ezer idoro; ezeutsoen ezer kendu ba; ardaua emotordua eldu zanian, lapur bi asi ziran alde banatatik pitxerkada-ardaua ta edontzijak eroyezala, edontzija bete ta emon bidazti bakotxari; aguretxuaren txanda edo aldija ixan zanian, lapurra aurrera igaro zan oni ardaurik emon baga, ta au ikusi ebanian aguriak, ardao-zalekerijak jota, esan eutson:

       Lapur jauna, niretzako eztago ardaorik ala?

       Lapurrak orduan emon eutson belarrijan itxulijetako bat, esanaz:

       Lapurra... ta jauna? Or dezu ori ba!

       Zartadeaz tximela burutik lurrera bota eutson, eta antxe agertu zan aguretxuaren poltsia. Gixajuak antxe eukon polito eskutauta, eta ixan ezpa'litz bere ardao-zalekerijagaitik ezeutsoen kenduko. Jakiña, agertu orduko eskua ezarri eutsoen lapurrak poltsiari barreka, ta orduantxe bai eskiñi eutsoen ardaua, esanaz:

       Oraintxe bai emango zaizu ardua gogo onarekin. Ar zazu, aitona, ar zazu.

       Agurea negar baten eguan eta ezeban entzun gura ardauaren ixenik be. Bera negarrez eguan artian, lapurrak eta beste bidazti gustijak barreka egozan.

       Zalekerijak eztakar bein be gauza onik eta.

 

[1] Notin: Persona

[2] Bitxabala: Carretera

[3] Bidazti: Viajero

[4] Uargarri: Notable, digno de nota

 

 

© Ebaristo Bustintza Kirikiño

 

 

"Kirikiño - Abarrak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus