Baltz euskelduna

(Jazorikua)

 

       Orain irurogei ta amar urte inguru dala, Ego-Amerika'tik Apirka'ko itxas-basterrerantz etorran iru mastadun ontzi ederra; oyalduna, aldi artan itxaso zabaletan ibilten ziran geyenak lakua.

       Bilbao'kua zan, eta bere barruko gustijak, onzpurutik [1] asi ta azkenengo txo'raño, bizkaitar euzkeldunak ziran, mundakar, bermiotar, elantxobetar, lekeitiar, ondarrutar, algortar, eta abar.

       Sierra Leona ixena daun Apirka'ko alde orretan, ekaitz asarre ta indartsu batek arrapau ebazan. Egun eta gau oso-osuan aixe ta itxaso gogorrakaz burruka itxela erabilli eben euzkeldunok, baña egiñalak egin-arren, itxas-basterreko ondartza zabal batera jo eban ontzijak, aixiak eta ugiñak [2] bultzaka eruanda, ta bertan josi yaken, karrakada andi bat eginda birringatzen asi zala. Ezeben ixan astirik txanela bi uretara eratzi ta euretan arin-arin sartzeko baño, ugiñen sartadak ontzijoi beriala ausi ta purrukatu eben-ta.

       Eguna zabalduta laster jazo yaken gixajo arei ontzija galtzia, ta an ibilli ziran txanelokaz barregarri goixik geyenian, ondartzeak ipar-aldera eukan ukondo bat arrapau eziñik, itxasuak noz iruntsiko ebazan bildurrez. Ibilli ta ibilli, orraitiño, eguberdi-inguruban lortu eben ondartzearen ukondua igarotia, ta aurkitu ziran gal-zoritik [3] azke, leku artan ba itxasuak ezeban ain gogor joten, aurreikara ezetorralako. Urten ziran liorrera aldian eroyen jantzija baño besterik atara ezebela.

       Itxasuari iges-egin eutsoen, baña beste arerijo txar bat agertu yaken: gosia. Ondartza aren inguru gustijetako lurrak elkor-elkorrak ziran; etzan agiri an ez biztanlerik, ez abererik, ez zugatzik ez ezer, lur igerra baño. Onak egozan gixajuak! Ija egun bi bai-ziran ezer sartu etzala euren urdalletara ta... a lako maurtuban [4] euren burubak ikusi!...

       Gaba bertan egin eben arrausi ta arrausi, ta bijaramonian, itxasua baretu zalako, onzpurubaren agindupian txaneletan sartu ta abijau ziran ipar-alderantz itxas-basterretik. Arratzalde erdijan uartu [5] eben ibai txiki baten iztabua [6], ta bertara eldurik, ibaya-gora artu eben bidia, norbait aurkituko eben itxarokunaz, edo beintzat, nun-edo-nun zer jan agertuko yakelakuan. Onetan eldu ziran ibaya beste bitan urkultzen zan toki batera, ta antxe egozala asmau eziñik zeñetatik juan, apirkarren txanela antzeko piragua deitzen yakonetaiko bat ikusi eben eurak egozan alderantz etorrala ibai batetik bera, gixon baltz pillotxu bat ganian ekarrala.

       Oneik urreratu ziranian gure euzkeldunak uartu eben piraguan igali [7] asko ekarrela, ta euren gosiak eraginda asi yakezan baltzai didarka ta kiñuka gelditu deitezala adirazoten. Gelditu ziran; bitzubek alkarri bixi-bixi begira jarri ziran; euzkeldunan onzpurubak kiñuka adirazo gura eutsen emoteko igalijetarik zerbait, gosez aulduta aurkitxen zirala ta; baltzok be kiñuka erantzuben, baña etxaken ondo ulertzen esan gura ebena, beintzat ezer emoteko antzik ezerakusen. Onan, alkarri kiñuka iñardubela onzpuruba ta baltzok, euzkeldun batek esan eban gogor:

       — Zetan gabiltz onetan astija alperrik galtzen! Eldu orrei ta jaurtin uretara, ta kendu or dakarrezan jateko orrek!

       — Geldi geldi!... Geu be gixonak gara gero!... erantzun eban euzkeraz areitako baltz batek.

       Arrituta, kokolotuta lez geratu ziran bizkaitarrak. Onzpurubak gero esan eutson euzkeldun baltz ari:

       — Ezegixube orren esana aintzat artu. Onian deskatzubegu jatekua, ija zutunik egoteko gosiaren-gosez gauza ezkarala gagoz ba ta.

       — Neure anayak lez maite dodaz nik euzkeldunak, esan eban baltzak, eta biar dozuben gustija emongo yatzube. Artu ta jaixube, gixajuok.

       Eta piraguan ekarrezan igalijetarik emon eutsen euzkeldunei guraña, ta gero:

       — Orain guazan nire erritxora, ta an aurkituko zarie zeuben etxian lez.

       Ibaitarteko zorrotza igaro, ta beste ibai-adarretik gora juan ziran danak baltzen baserrira. An egon ziran euzkeldunak ederto ainbat egunian; biztanle gustijak abegi gozo-gozua egiten eutsoen, ikusirik baltz euzkeldunaren aizkidiak zirala; onek barriz, bere bijotza be emongo eluskijoen biar ixan ba'lebe, bere gogo gustija zan euzkeldunak poz-pozik eukitia.

       Baltz euzkeldun zindo arek, ganera, itxasaldeko goyune baten ipiñi eban zaintzallia, ontzirik igaroten ikusten ba'eban ixara andi bategaz ikur-egijon [8], gelditxeko.

       Eta olantxe, nozpait ontzi bat gelditu erazo eben, eta bertan etorri ziran Europa'ra euzkeldunak.

 

II

 

       Orain, irakurliak itanduko dau Apirkako baltz arek euzkeraz itz-egiten zelan ekijan.

       Edeski [9] polita da.

       Baltz euzkeldun a ume txiki-txikija zan aldian, gixon zuri bijotz gogordunak juaten ziran Apirka'ra, ta baltzok arrapetan ebezan aberiak ba'litzaz lez, ta gero Amerika'ra eruan an saltzeko. Gixonak gixona orretara erabilli! Josu-Kisto'ren irakatsijak ekijezan gixonak lan deunga ori egin edo laketu... Guzurra dirudi baña alantxe jazoten zan. Lotsagarrija Europalo Laterrijentzat ori!

       Orretariko baltz-arrapaketa baten gure baltz au be artu ta eruan eben Habana'ra, amar urte inguru ebazala bakarrik. Uri ospatsu artan mutiko au erosi eban euzkeldun batek, eta eruan eban bere etxera. Euzkeldun ori eukiduna zan, lugintza anditxuaren jabia. Inge-gozo-arlo [10] andijak ebazan eta bai olea be gozarri edo azukerea egiteko. Ola-onduban eukon bera bixi-ixateko etxe ederra, bere lurrean erdijan, eta bertan eukozan emazte ta seme-alabak. Eurok, ta etxeko otseñak, danak ziran euzkeldunak. Etxe artan etzan beste elerik erabilten euzkerea baño.

       Euzkeldun zaldun arek bere idazkelea [11] garbirik eta eraz eukiteko ardurea emon eutson mutiko baltzari. Au, gustizko esangiña, bizkorra, apala ta bijotz onduna zan, eta bere ugazabak eta bai etxeko beste gustijak maitasun andija ixan eutsoen, eta euren arteko bat lez, etxeko lez, artzen eben. Mutiko baltz au laguntzat euki eben ugazabaren mutikuak, eta alkarregaz amaika olgeta egin eben ango basterretan.

       Eta antxe ikasi eban baltzak euzkerea, antxe bixi ixan zan bere sendijan lez ogetabost urtera arte.

       Orduban bere ugazabak erabagi eban bere sendi gustijaz Euzkadi'ra bixi-ixaten etortia, ta bere morroi baltzari azkatasuna emon eutson lagijen aurrian, eta onez ganera, dirutza-mutur polita be bai eskura.

       Mutillak bere buruba azke ta dirudun ikusirik bere aberrira juateko asmua artu eban. Euzkeldunen etxian ondo ta pozik egon zan-arren, beti ixaten eban bere guraso, anai -arreba, ta bere jayoterrijaren gomuta bixi-bixija. Eta barriro arrapau ta salduko eben bildurrik ezeban, ordurako ba Ingelanda'ko gudontzijak [12] ibilli ebiltzan Apirka'ko itxasoetan, baltz-arrapatzalliak arrapetan, eta samatik eskegiten, eta galerazoten onantxe gixonak gixona aberia lez saltzia.

       Ontzigalduko itxastarrei baltzak berberak edesi [13] eutsezan jazokun oneik. Esan eutsen, eurei on egiñagaz ordaindu gura ebala zelanbait beste euzkeldun batzuk berari egin eutsoen ona.

 

III

 

       Or idatzi doguna, baltz euzkeldun orretzaz esan doguna, jazorikua da, ta ez iñok asmaurikua. Itxas-baster atan ontzija galdu ebenak aberrira bigurtu ziranian edestu edo kontau eben an jazo yaken gauza arrigarrija baltz aregaz.

       Eta euretariko bati entzun eutsonak niri edestu eustan, eta nik zubei, irakurliak.

       On-egintziak beti dauko bere ondorena, gaitz-egintziak lez. Zaldun euzkotar zintzo arek eta bere sendikuak baltz gastieri egin eutsoen ona, ibilli-ta-ibilli, euzkeldunekana barriro etorri zan.

       Euzkerea, bere abenda-elia, etxian beti erabiltzetik sortu zan euzkeldunak geruago aurkitzia laguntza ederra Apirka'ko maurtu baten. Olantxe, irakurlia, gorau egixuz beti zeure aberri-elia, aberri-ekandu onak, eta aberri-ixakera osua, ta egon eskijer [14], zeure oñordeko edo aberkiden bat-edo-bati on andija etorriko yako ortik.

       Norbere oñordekotzako edo norbere errijarentzako on-egintzak bildu ta iztia onuratsuagua [15] da on-egintza bako diruak bildu ta iztia baño, lenengo begiradan irudi ez arren alan.

 

[1] Onzpuru: Kapitan

[2] Ugin: Olatu

[3] Galzori: Arrisku

[4] Maurtu: Desierto

[5] Uartu: Erreparau

[6] Iztabo: Ibayak itxasora daukon abo edo desenbocadunea

[7] Igali: Fruta

[8] Ikur-egin: Señalia egin

[9] Edeski: Relato

[10] Inge-gozo: Caña de azúcar

[11] Idazkelea: Escritorio

[12] Gudontzi: Gerrako barku

[13] Edesi: Kontatu

[14] Eskijer: Seguru

[15] Onura: provecho

 

 

© Ebaristo Bustintza Kirikiño

 

 

"Kirikiño - Abarrak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus