Itoxurak ziñaldari [1]

 

I

 

       Prakerre ta Motrollo esan, eta txakurra ta katua esan, Arribil'tarrentzat gauza bardiña zan, ain zan andija arek euken alkar ikusi eziña.

       Ezin ixaten eben alkar artu ezetan be; naikua zan batak eguna zala esatia, bestiak gaba zala esateko; beti batak bayetz eta bestiak ezetz. Pelota-jokuan, eta bolalekuban, eta karta jokuan, eta auteskundietan, edozetariko jokotan aurrez-aurre beti aurkitxen ziran. Errikuak esatebenez, ardandegijan bertan be, batak ardao zurija eskatzen ba'eban, bestiak ardao baltza. Alkarren onduan, urrumaka ta uliak astinduta otso bi lez egon biar beti.

Euren tayu ta ixakeretan be ezin ziran ixan bardingeaguak. Prakerre, txakur jezarri bat baño andijagua etzan; gorputzez argala, samaz luzia, arpegiz estuba, sudurra luze ta makotuba, begijak txikijak eta barru-barruban sartubak, bixerra mietza, ta buruba txikitxua. Bizkorra zan bera, dantzari nekegabia, barritxu andija, itz utsa; pirri nausijenetaikua, leku gustijetan lenengua beti ixan gura ixaten eban, eztabaida danetan orijuaren antzera berak igon biar iñok baño gorago, ta onetarako bere indarrak laguntzen ezeutsonez, gibel gaizto ta demontretakua zan, eta bada-ezpadakuan, aizto luze bat gerrikuan erabilten eban.

       Motrollo, barriz, erraldoe andi ta zabala zan; burutzar ikusgarrija eban, ule zapa baltz sarratu bategaz estalduta kokotetik asi ta begijen ur-urreraño; bepurubak, matrallak, sudurra, ezpanak, andi ta trauskillak ebazan, sutegiren baten mallukadaka egiñak irudijela. Bixerra be sarratuba, buruko ulia lez; azala, baltz gorrizkea, begirada itxala, abotsa lodi ta astuna. Oso indartsua zan; itzak, gitxi ta neurtuta lez jaurtiten ebazan; matrakan nekez asten zan, baña bein asi ezketiño, itz asko egin baño lenago bere besoetako gabi astunak erabiltzen ebazan, eta orduban bildurgarrija zan.

       Mutil txikitxuak zirala erne zan euren artian gorrotua. Zetatik? Batek-baki!

       Gixonen bijotzetan azi txarra ernetia ezta arritxeko; euretan landara gaiztuak ain erraz ta ugari urteten dirala ikusirik esan leike azi barik berez jayoten dirala, edo bertan dagozan erro zatiren batetik dakarrela jatorrija. Azitik ba'datoz be, nok galerazoko dautso azijari norberen soluan jausten? Aixiak dakar, edo urak dakar, edo aberetxuren batek dakar, edo bai-dator arerijua gabaz ta ereiten dau.

       Gero, jayo daitezanian lanak egin biar dira! Orduban ondo ikusten dira! Ordubantxe bai eskuz edo atxurrez atara biar dira ta garbitu biar da solua, landara onak emon dagijezan igali [2] eder zorijontsubak! Augaitik itandu biar da zelan geitu zan mutillen gorrotua, ez zetatik erne zan.

       Prakerretxo ta Motrollotxo txikitan edozer ezerezkerigaitik burrukan ibilten ziranian, zenbat bidar jazo ete-zan egotia urrian gixon pilloren bat, eta onek, mutillak banandu ta bakian ipiñi biarrian, amorratu ta sututen ebezan, eurai begira alditxo bat emotiarren, onetariko esakerakaz:

       — Ia, Prakerre, gogor, arrayua, eztagijela esan makalak garanik! bere auzotegitarrak.

       — Ia, Motrollo, ez ukatu, euria dok ori ta!

       Noz-edo-noz burrukea amaitzen eben, nekatzen ziralako ez euren amorruba gitxitzen zalako, berau erakusten ebela begirakun ta esakun gaiztoekaz, ta etxeratzen ziran soñekuak loitu ta urratuta, sudurretik odola dagijola, ta arpigitxoetan baltzunen bat edo beste ukabilkadakaz egiñak.

       Etxera elduberan, an ixaten ziran garrazijak; bakotxaren amak, burura esku bijak jasota, samako zanak asarrez andituta, begijak txingarrak irudijela, urteten zan semiagana didarka:

       — Nok ipiru au era orretan? Nor ixan da neuk neure atzamarretan ito daidan? Beti ixan ixango da urlia txakurtua! Oraintxe, geroko itxi barik, juango naz taraska orreri esatera azikera obia emon dagijola bere txakurkumari. Bai ta laster gero!

       Alkar aurkitxen ziran emakume bijak eta euren aboetatik, kerexak bata bestiagaz katigatuta otaratik lez, urteten ziran iñok asmau ezin leikezan itz zikin, irain eta txakurkerijak; sarri, ondoren, alkarri oratuta lotsagarrizko burrukea egiten eben, eta, dana mutikoen eurrian!

       Au ezeze, gero, gurasoekandik artzen ebezan onu deungak, amorruz emonak:

       — Ollanda demoniño ori! Iñoz agaz burrukan asten ba'az, ezakit ondora etorri buruba austen ezpa'dautsak, ezpabe neuk sayetsok berotuko dauskadaz, epel, irabijo bako, eztakit zelako ori.

       Bertan-bera itzijaz bakarrik, solua jorratu ta zainduten ezpa'da, geituaz da geituaz ba'duaz bedar galgarrijak, eta azkenez, erindako azijetatik datozan landara onak itoten ba'dabez, zer ezeteda jazoko, bedar txarrak ainbat lasterren atara biarrian, eurai lagunduten ba'yake?

       Jakiña, ixan biar leuken, eta ixan be ixango zan solo edo baratz, igali ta lora ederrez betia, larra bat egingo da, sasija ta otea ta arantzea baño besterik eztaukona.

       Zelango zenbatza [3] emon biarko eben Erabagile Nagusija'ren aurrian Prakerre ta Motrollo'ren guraso ta errikidiak, aixia emon eutsoelako aren bijoztxubetan ixitu zan gar txikijari, putz bategaz itxali eitekenari?

 

II

 

       Arribil'go ardandegijan, igande goiz baten Meza nagusi ostian, gixon taldetxo bat eguan euren eztarri egarritubak ardao zuriz bustitzen. Geyenak lurgiñak ziranez, autuban eragoyoen eguraldi ta baso ta solo ta abere ta onetariko gauzetzaz. Guenian gaste batek aitatu eban arratzalde artan Arribil'dik ez urrin egin biar zan erromerija.

       — Mutillak, errosarijo-ostian erromerijara juan biarko yuagu dantzaldi bat egiteko.

       — Juan ez ostera? Ori zetan esan bez.

       — Baña, itunduta zagoze neskatillekaz?

       — Bai, Prakerre ain ospe zalia dan lez, or ibilli dok batzui ta bestei itz egiten, gaur andijenetaikua egin biar dala ta.

       — Errotabe'ko neskatilleari be itz egin ixango yautsok orrek.

       — Baña mutillak, egija ete-da Motrollo be neska orren atzian dabillala?

       — Egija dok bai.

       — Andija dok eurena orraitio! Orain arte etxoek euki ba sekulan gauza baten naya, ta, orra! iñoz alkartu dozak nai baten, iñoz baño asarriago geratzeko.

       — Eta, zeñi arpegi emoten yautsok neskatilliak?

       — Ziur ezer etxakiagu, baña zurrumurruba dok ortik ziar, Motrollo'gana daukola zer geyago.

       — Arrayetan, ederra be badok eta!

       — Eztok aingerua, baña beste erkiñaren aldian gixon-itxurea yaukok beñipein.

       — Bai, gixon-itxura ederra! Arimea aldendu ezkero, naiz kanpotik naiz barrutik ori ta astozar andi bat aren baten.

       — Ba, Prakerre'gaz eskondu edo tximiño bategaz eskondu, etxakiat neuk zer gura ixango neuken geyago.

       — Arratzaldian an ixango dozak bijak.

       Orduban, ardandegijan eguan zar batek esan eutsen mutillei: Jaungoikuarren, eurokaz arduraz ibilli zaiteze, ezbiar bat jazo eztaiten danoen lotsagarrirako.

       — Goguan artuko dogu zeuk diñoskuzun ori, Juenanton; baña eztogu uste burrukaldi ta zartada batzuk baño geyago jazo leitekenik.

       — Etxakiat ba. Neskatillea Prakerre'gana ballegok, biarba Motrollo errazago baketuko litxakek, bestia baño gixonagua dalako; baña esan dozuben erara gauzak dagozan ezkero, beste kontu bat da. Prakerrek, txikija ta ziztriña dalako burla egin dautsoela uste ixango yok eta zoratuko yakok, eta edozer ezbiar egiteko bidiak artu leikezak.

       — Ixan leiteke, baña ixan ta be, zer? Aiztua ba'darua be, Motrollo ezta aren bildur, belarrondoko bategaz urriñera bidalduteko biar dan baño saspi bidar indar geyago dauko ta.

       Arratzaldian, erromerija zan lekuko zalaitxua bete-beterik eguan albo-errijetako gasterijaz; an ebiltzan auts-artian, arpegijak gorri-gorri ta ixerdija tantaka erijoela, eguzkijak eta ardauak eta eurak erabillen arluak berak emoten eutsien beruagaz, arnas-estuka nekiaren-nekez, baña ori gora-bera, danak barreka ta pozarren.

       Prakerrek aurresku bat egin eban, erabilli ebazala iñun diran anka-biyorkadak eta kirimillak, guztiz bizkorra zan ta; lagun gustijak berari begira egozan, eta Arribil'tarrak sokan piskat arrotxo ebilzan alako dantzari urtena eurendarra zalako. Errotabe'ko Marikrus ekarri eutsoen lagun, eta sokan sartu baño len, arek ixan ziran txotxolokerijak Prakerrek egin ebazanak neskatilleari eder egitiarren! Jaurti eban bere txapel gorrija Marikrus'en oñetara, ta asi zan artazika ta morapillaka bere anka bizkorrakaz txilibituaren soñu arin bategaz lagunduta, atzera ta aurrera, ta gora-goraka, ta milla jira-biraz; artian, neskatillea irri barreka, pozarren, nasai-nasai ta arro eguan, zelan ez? etzan emakumia bestelan ixango! Prakerre'k au ikusijaz bere-artian iñuan: «Ze Motroillo ta ze morrollo! aurreko oni kendu dautsot bijotza; lora kutun au eztago astozar aren ezpanetarako.» Ta gero uste au bide zala pozen-pozaz erdi zoratuta txotxolotuta ibilli zan arratzalde gustijan Txandia beria ixan zan.

       Motrollo barriz erreten egon zan, eta bein baño sarrijago ezeban asko biar ixan bestiagana juan eta bertan ostikoka eyotuteko.

       Etxerantz abijau ziranian gure Arribil'tarrok, Prakerrek lortu eban Marikrusegaz bakarrian itz egitia; bere bijotzeko ondoezak agertu eutsozan, agin-ataratzalle batek baño barriketa geyagogaz, otza-otzan, bildotza baño apalago; neskatilleak, eskarrak egiñaz, itz-eta-itz adirazo eutson berandu eldu zala, edo besten bategana itzez lotuta aurkitxen zala, edo onakoren bat; orduban bildotzari uliak zerbait aztindu yakozan eta otsotuten asi zan; ekin eutson orraitiño autubari, neskeari atara gurarik ia nor zan itxa artuta eguana, baña neskeak ezeutson esan gura. Onek, autubari ebagi bat emonaz, bere lagunakaz batzeko gurarija agertu ebanian, Prakerre osoro asarratu zan, eta esan eutson:

       — Ori bai-dakit nik nor dan, eztozu esan gura baña.

       — Bai-dakixu ba... zelan zabiz jakin gurarik?

       — Ziur jakitiarren, zeure aotik entzutiarren; baña, itxuraz, orban edo zetakaren bat euki biar dau soso orrek, argitara atara gura eztozunian.

       — Orbanik ba'dauko edo ezpa'dauko ezta iñoren ardurea, neuria baño.

       — Jakingo dogu, geruago jakin biar dan gauzea da ta, Marikrus, ta nik susmetan dodana ba'da zure senargeya, neuk abinduten dautzut etzarala beragaz eskonduko, naiz-ta galerazoteko ludi' gustija erre ta kiskaldu biar ba'litz be.

       — Jo... su!! ezta orrenbeste ixango orraitiño; zu zaran gixonaz gusti ori egitia geyegi dozu.

       Auxe, irri-barrez esanda neskeak igesi eutson bere lagunekana. Prakerre geratu zan odola irakiten ebala, abua ligortuta, bijotza zartadaka, arnasarik artu eziñik, ikaraka, bere abotik jaurti gura ebazan irain ta birauak ezin oguzi ta; sartu yakon bijotzaren erdijan asmo deunga zitala; noz-edo-noz asmo au bete al ixango ebanaren itxaropenak zerbait nasaitu eutson bere barruba, ta batzau zan beste gasteekaz. Amorruba sakonago sartu yakon, errira eldu baño lenago Motrollotzar ikusijaz Marikrusen onduan, eta au ostera udabarriko goiz bat baño arpegi eder ta argijaguaz.

       Arribil'era elduberan banatu ziran erromerijakuak aldratxoetan, eta bai-yuazan bakotxa bere auzotegi-aldera abeska [4] ta santzoka; aldratxo onetan emakumiak ziran geyenak; gixonezkuak, ardandegijan sartu ziran geyenak azkenengo zurruta edateko.

Prakerre ta Motrollo be an ziran. Laster sortu zan matrakea bijen artian, eta Motrollok bestiari emon eutson bultzakadeaz txirikillia lez ziar bota eban jarleku ta mai artera; jagi zan au suge zitalaren amorruaz, edegi eban aiztua, ta ezpanetatik bitsa darijola bai-yuan Motrollo'ri sartzen; onek aulki bategaz lo eban burutik-bera ta Prakerre ostera be lurrera; orduban sartu yakon Motrollo, aiztua kendu ta beragaz bertan triminduteko ustiaz, baña ezin ixan eutson kendu, katuba lez aginka ta ostikoka egiten ebalako. Gusti au igaro zan aida batian; banandu ebezan, Motrollo esku ta besoetatik odola darijola burrukan ebagi batzuk artu ebazalako, ta Prakerre buruban anditu ta zauri batzukaz, bestiagandik arturiko blaustadakaz. Onek, gorrotoz bixi-bixi begijak beteta ebazala, esan eutson Motrollo'ri arrapauko eban lekuban garbituko ebala.

       Alkatiak au entzun ebanian (zer-edo-zer berotxua zan bera) esan eutson: — Zer garbitu edo zer arrayo? Nor garbitu biar dok ik, demoniño orrek? Etxera ixil-ixillik, eta laster juan be gero, aizto ori emen itzita, katu txatxar ori!

       Prakerrek, azkenengo itz ok entzun ebazanian, albuan eukan edontzi bat artu, ta jaurti eutson burura alkatiari, ta odoldu eban; orduban, danen artian oratuta, amorratuta egualako, pizti basati bat ixan balitz lez lotuta espetxera eruan biar ixan eben.

 

III

 

       Erromeri eguneko jazoerak ondo ospatsubak ixan ziran erri txiki aretako biztanlientzat.

       Jazoera arek bere ardurapian artu zituan Epaikarijak [5], eta epaitu [6] eban burrukari bijak espetxian gerizpea artu egijela alditxo baten, eta gero Prakerre erbesteratu eitela Arribil'tik lau legua ingurutik at.

       Epaya bete eben. Motrollo eskondu zan Marikrus'egaz, ta maizter edo errenteru jarri zan erriko basetxe baten; Prakerre juan zan biziten andik bost legua bidian eguan erritxo batera, ta an ipiñi ebazan bixargintzea ta zapatagintzea.

       Arribil aonan bake-bakian geratu zan; bertako notin zentzudunak ezeben asko biar egun artako odol-ixurtzia ija bedeinkatzeko, bere ondoren, iñoren kalte andi barik, alako bake dontsuba ekarri ebalako; baita uste eben, Motrollok eta Prakerrek alkarrengana eukan gorrotua, urtiekaz bigundu ta azkenez urtu egingo zala. Edozelan be, ondo zan bata bestiagandik urrin eukitia.

       Orraitiño, Prakerre beti Prakerre, ta Motrollo beti kirten andi bat ixango ziran, txikitatik ekarren laztasunagaitik; azikera txarra ixan daun zugatza, lenengo urtietan okertu zana, ta alan andi ta gogorra egin dana nok zuzendu? Jaungoikuak bakarrik bere almenaz, beste iñok ez.

       Baña Jaun Irakasliak biarba orrelako abe okerrak zuzendu barik izten dauz askotan, gustijori ikusi eragiteko zelako ondorenak dakazan azikera gaiztuak, eta beraz ikusi daigun zelan eta zenbat umiak zaindu biar doguzan okertu eztaitezan, eta iñoz okerbidian ikusi ezkero zuzendu daiguzan artarako eskubiderik ba'daukogu, ta euki ezik, beñepein ez emon indarrik artu daben bide deungatik jarraitzeko.

       Gixon egin zanian gugaitik, Berak irakatsi euskun Bere txikitxoen aurrian galbidia emongo eutson gauzarik egin baño obe dala samatik errotarri bat estu ta itxasora bota ixatia.

Guretzat Bere esana bakarrik naikua ixan biar leuke bide zuzenetik ez urteteko, baña zorigatxez ezta alan, eta Jaun errukitsubak jazoerakaz egunero Bere agintzak gomuta erazoten dauskuz. Ludiko jazoera gustijetan, ondo begiratu ezkero, ikusi daikeguz gure Jauna'ren irakaspen ederrak.

       Prakerre'ri gorrotua etxakon gitxitu. Estura andijan bixi zan; berak eban erruba, eskondu barik eta ganora barik, ardanetxietan, erromerijetan, eta alakoxe lekubetan aldirik geyena emoten ebalako; baña berak, estutasun onen jatorrija ipinten eban Motrollo'gaz euki eban asarrian. Igaroten ebazan atsakabe gustijetan bijotza garrez beterik esaten eutson bere burubari:

       — Axe ixan dok ire ondamendija, axek galdu au sekulako, ezintzan aurkituko orain agoan eran Arribil'en bixi ixan baintz. Augaitik lenagoko gorrotua bixi-bixi eguan bere bijotzian, eta ez bixi erkiñaz, ta bai sendo, gogor ta iñoz baño andijago.

       Motrollok, bere emaztiaren nebakaz asarren batzuk ebazan, ogasun izkijen batzuk zirala ta etzirala, ta ain latza ta kirtena zan lez iñok ezin eban beretik atara ezetara be. Euren artian asko garraztu ziran, eta bein-edo-bein urten zan urten biar zana alako kirtenaz eztabaidetan ibilli ezkero; berak eta bere koñatu batek alkarri eskubak ezarri eutsoezan, eta Motrollo'k ebazan indartzarrakaz apurtu eban bestia ukabilka ta ostikoka, ta geyagora elduko zan banandu ezpa'lebez arin. Koñatuak, lagun-aurrian, ori lako jazokunetan asarriaren beruak erazoten dauzan itzekaz Motrollo zematu eban:

       — Au ordainduko daustak ba, astozar, kirten, arrayo orrek; indarra daukuala ta errazoyari begiratu barik beti euriaz urtengo dokala uste dok ala? Sutautsak [7] ik baño indar geyago yaukok, ire atzamarrak baño zorrotzago dozak aiztuak [8] eta azkorak.

       Urrengo eguna igandia zan; edurra eguan goyetan, eta euria zan beyetan; Motrollo'k erriko ardanetxian apaldu eban eta bertan egon zan gaba ondo sartu arte, iganderik geyenetan berak eta beste askok ekanduba eben lez. Urten zan bakarrik etxerantz, eta atzian gixon bat yuakon, jausten zan euriaren ardura gitxigaz; aixiak eta eurijak batera egiten eben otsaz Motrollo'k ezebazan entzuten bere jarrai yoianaren oinkadak; au noixik-bein urreratzen yakon, eta berialaxe gelditzen zan bide-ertzian, egin gura ebana egiten azartuko ezpa'litz lez. Gero, itxuraz, beste asmoren bat artu biar ixan eban, bidetik aldendu ta geyago agiri etzalako.

       Iñor bixi etzan etxe txiki erdi-apurtu baten ondotik igaro biar eban Motrollo'k. Orma-ondotik yoiala, sayetzetik zartada bat susmau eban, bigurtu zan, baña indarrak uts eginda aieneka lurra jo eban. Etxiaren illunbian eskutaurik eguan gaizkiñak aizto zorrotza sartu eutson; Motrollo lurrian ikusi ebanian, urten eta esan eutson:

       — Bixirik ago ondiño, tximista ori? Ezagutzen al nok? Nor nazan bai al dakik? Prakerre nok! Prakerre makillatua, Prakerre ostikopetua, Prakerre erbestetua, Prakerre bai, estu-estu ta larri-larri, ija eskian ibilteko eraz aurkitxen dana eugaitik! Ai, noz-edo-noz jausi biar uan neure eskubetan arrayo orrek!

       Motrollo gixajua azkenetan eguan, ixerdi larritan, zotinka, ta bildurturik erijotza ikaragarrija ain urrian ikusita; gomutau zan Jaungoikuaz, ta emazte ta semetxoekaz; bere goralbenez esan biar dogu, sendijaganako maitasunak bere gorrotua betu [9] ebala, ta beraz Prakerre'ri esan eutson:

       — Jaungoikuarren itzi naik! Egin daustakan zaurija garbitu ta estaldu egistak, enaik il!

       — Ezta! Ementxe il biar dok, ementxe gusti-gustijak ordaindu biar dostazak.

       — Tellatutik bera datozan itoxurak ixan daitezela ik nigaz egiten dokan gaitakeriyaren ziñaldari, esan eban Motrollo errukarrijak, ija zer esaten eban be ezekijala.

       — Ixan daitezela ba!! didar eginda Prakerre otso gogorrak bertan erail [10] eban.

       Baña, zelan ixan eraillia Prakerre, andik urrun bixi ta? Oraintxe azalduko da.

       Motrollo'k larunbatean bere koñatuakaz ixan eban burrukea ta onek zelan zematu [11] eban, igande goixian eldu zan Prakerre'ren belarrijetara, ta Motrollo'k ardanetxian gabaren zati bat igaroten ebala igandetan bai-ekijan lez, erabagi eban egitia egin ebana.

       Bera bixi zan erriko ardanetxian aurkitzen zan igande-illuntzijan mus-jokuan; eta buruko min aundija eukala ta txarto eguala-ta, jokuari itzi eutson, eta bertan egozan batzuk lagun egin eutsoen etxeraño, an larranbillo[12]-ura artu, ta euren aurrian ogeratu zan; gerotxuago, zerbait obeto eguala ta, bidaldu ebazan esanaz bijaramon goixian, bada-ezpadan eldu eitezela, baldin txartuago ba'eguan, bakarrik eta gexorik bere buruba ikusi ezegijan.

       Lagunak alde egin eta gerotxubago jagi zan, urten etxetik, eta basorik baso bidiak asko laburtuaz, arin, diabruak bere eguak emon ixan ba'leutsoz lez, artu eban Arribil-aldera, ta eldu zan ondiño Motrollo ardanetxian eguala, ta gau utsez, bakartadian, atzetik eta gogorkeri andijaz esan da zelan egin eban erijotza madarikatuba.

       Berialaxe bigurtu zan etxera; gau luzia zan lez, eguna zabaladu baño lenago eldu ta ogeratu zan, lagunai itxaroten. Onek, etorri ziranian, aurregunian baño askozaz gexuago aurkitu eben; egun batzuetan ai-ene guzurrezkuak ugari ebazala, lotu zan oyan.

 

IV

 

       Urrengo goixian jakin eta zabaldu zanian Motrollo erailda topau ebela, erri gustija zurtuta gelditu zan; errijan a lako egitada deungarik ezeban iñok gomutaten, ezta zarren artian be.

       Epaikarija etorri zan, agindu eban aratuteko eraildakuaren soiñeko sakelak ta lapurretan egitiarren erail ete eben; ez, aldian eukazan diru ta balijodun enparau gauzak. Itandu eban iñogaz asarrerik ixan eban; bayetz ba, koñatu bategaz zala asarre ta iru egun aurrerago alkar joten ibilli zirala. Beraz, artu eban koñatua, ta epaiterki [13] buruko espetxera eruan eben. Epaikarijak egiten eutsozan itaunetara, garratz ukatzen eban; agindu eutson azaltzeko nun egon zan gau artan, eta berak erantzuten eban etxian egon zala ta etxekoai itanduteko; baña etxekoen esanak ezeutson balijo, ta ostera, burrukea ikusi eben gustijak esaten eben zelako itz gogorrakaz zematu eban Motrollo.

       Epaikarijak, orraitiño, itandu eutson Prakerre bixi zan erriko alkatiari ia alde egin ete eban ak iñora erailtza egin zan egunetan; ezetz erantzun yakon, igandian oian sartu ta egubenera arte gexorik egon zala.

       Beraz, epaikarijak eta danak, eskijertzat edo ziurtzat euken Motrollo'ren erallia bere koñatua ixan zala, onen ukamenai jaramon barik. Epaya bere kaltez ixan zan, urte askotan espetxian egoteko nekia ezarri eutsoen errubako gixajo andia!

       Prakerre'ri, bijotz gogorduna ixan arren, sortu ta jayo yakozan bijotzaren erdi-erdijan artxo bi, txiki jayo arren andi egingo ziranak, nun jan bai-euken da; bata, egin eban erijotzagaitik; bestia, espetxian eguan errubako gixajuagaitik.

       Aldija aurrera joyan, eta azi ta azi, urte batzubetan eldu ziran eurai egokijoen anditasunera, ta Prakerre'ren izakeran aldakuntza andija egin zan apurka-apurka. Etzan ikusten erromerijetan eta beste jolas-lekubetan; itxala egin zan; len barriketa utsa zana, ixilla ta itz biarrekuak baño esaten ezebazana bigurtu zan; itzi eutson jokuari, dantzeari, barre-egitia sekulako juan zan bere espanetatik: beste gixon bat zan. Bere auzo, aizkide ta lagunak barriona emoten eutsen esanaz:

       — Bein edo bein gixon gustijak buruba jarten dabe; zuri be eldu yatzu aldija; ekin ba lanari, emaztegeya billatu, ta onerako izan daitela.

       Ezeben barrutik ikusten! Egunez, al ebazanak egiten ebazan lagunen aurrian zelan edo alan estalduteko bere barruko larritasun eta atsakabia, bildurrez susmau ezegijen zetatik etorran. Gabez bildur utsa zan gixajua; eukiten ebazan ames ikaragarrijekaitik, lo egiten bildur; itxarrik illunian, bildur; argijagaz, berak orman egiten eban gerixiaz, eta argijak egiten ebazan zirkiñakaz basterretako illun-unak be zirkin egiten ebenian, nor-edo-nor gelan egualakuan, bildur; gabeko ixildasunian zaratatxo batek ule gustijak zutunduten eutsozanian, bildur; etxetik kanpora urteteko, bildur; etxian egonaz, bildur. Egunez nai gabez, lagun-aurrian naiz bakarrik, beti-beti bildur.

       Otu yakon bein, esaten be gaitz dan bide bat, atsakabe ain izugarrijei iges-egiteko; baña beste aldetik susmau eban Jauna'ren arpegi asarre ikaragarrija, ta bildur andijagua sartu yakon bere aragi ta azurren barru-barruraño.

       Alan, jausi biar, ta azkenez jausi zan gexorik. Abadiak eta Alkatiak emakume bat bidaldu eben, gabeko ordu batak baño bakarrago eguan errukarrija zaindu egijan. Osalarijak aginduriko osakayak baño laguna eukitiak on geyago egin eutson, eta egun batzuk igarota jagi zan ogetik, ondiño makal eta zurbil eguan baña.

       Aonan, gexo-ostian eguala, eurite andi bat etorri zan; arratzalde batian, euri zaparrada luze bat zala, bai-eguan Prakerre leyuan, begira zelan ura jausten zan odeyetatik lurrera, gela-barruban emakuma laguntzallia kaltzetagiñan jezarrita eguan artian; bai-eguan Prakerre begijak zabal-zabalik, geldi-geldi, gauza gustijekaz aztuta, burutik oldozpen gustijak iges egin ba'leutsoe lez, itxaso ta erreka ta eurijaren aurrian askon jazoten yaken antzera. Itoxurak itxartu eben eta ekarri eutsoen gogora bere betiko gomutia, ta esan eban:

       — Etxuazan ba itoxurak ipiñi ziñaldaritzat Motrollo'k gau artan il nebanian?

       Emakumiak itz ok entzun ebazan, zurtu zan, eta jarraitu eban bere lanian zirkiñik egin baga; Prakerre be etzan igitu bere lekutik zati baten; etxakon burutik igaro, bere oldozkuna iñok entzuteko eraz urten yakonik.

       Geruago laguntzallia urten zanian andik, alkatia kalian aurkitu eban, eta azaldu eutson entzun ebana; alkatiak «ezin ixan leike» iñuan, baña, bada-ezpadan epaikarijari izparra bidaldu eutson; etorri zan au, artu eban bakarrian Prakerre ta eraso eutsan gusti-gustija.

       Zabaldu zan izparra ingurubetako erri gustijetan; askok eta askok ezeben ziñestu gura, Prakerrek gabez Arribil'era egin eban juakundia zertzelada gustijekaz jakin arte; gero itanduten eben zelan jakin zan ain eskutu eguan gauzea, ta itoxurak ziñaldaritzat ildakuaren aldetik ipiñijak agertu ebela gustija azalduten yakenian, arrituten ziran eta Jaungoikua goraltzen eben, bere bildur osasuntsua bijotzetan ebela.

       Ainbat lasterren aginduba bidaldu eben espetxera, bertan eguan gixajo errubakua azkatu egijela. Laster juan zan Prakerre aren lekuba betetera; ara juan ziran beragaz atsakabe gustijak; an urte askotan soñian burdiñazko lokarrijak eta barruban gomuta larrigarrijak narraz eruan ebazan; an urte askotan erdi gexorik erdi osaturik bertako bixikera gogorrak, eta geyago, askoz geyago, bere bijotzian josita eukozan untziak ezeutsoen itzi une bateko alaitasunik; an urte askotan eruan eban bixitza bat, irudimen azkarrenak asmau leikiana baño itxalagua ta bildurgarrijagua, Jauna'ren itxarokuna gixajuak galdu ebalako; ezeguan aren bijotzian samurtasunik, ezeguan aren begijetan negarpulurik. Axe zan nekia! Nok azaldu daike zelakua dan negar bagako atsakaba?

       Eldu yakon bein-edo-bein ludi au izteko orduba, berak gura baño lenago, ainbeste larritasunen erdijan bixi arren. Zorijonez euki eban onduan abade jaun on bat, aren bijotzera Jauna'ren itxarokuna ekarteko benetan nekatu biar ixan ebazana buruba, bijotza, ta miña; azaldu eutson Jauna'ren erruki neurri bagea, ta oben edo pekatu andi ta ikaragarrijen azpijan aurkitu arren, bere itxarokuna galdutia, bere ontasuna ez ezautzia dala obenik galgarrijena; itz egin eutson bijotzetik damutasunatzaz, geure Josu-Kisto Jauna'ren erijotzeatzaz, ta abar; ekin eta ekin lortu eban argi izpitxo bat sartzia illundasun ain sendo artan; apur-apurka negar eragin eutson, eta atondu eban Eleixa Ama'ren azkenengo Ikurtonak edo Sakramentubak artzeko; artu ebazan eta il zan.

       Gaurko egunetan askoren artian dabiltzan ustiakaz batebatek azalduko leuke Prakerre'k eta Motrollo'k ixan eben gorrotua, onetara: «Ori euren tayu ta ixakera ain ezbardiñetatik nai-ta-ez datorren gauzea da.»

       Orreri erantzun leikio katuba ta txakurra be, txikitatik irakatsi ezkero elkarren aizkide ixaten dirala; irakatsi ezkero ba, errazago lortuko da ori gixonen artian, adimendunak diralako, anayak eta beraz alkar maitatzeko egiñak diralako.

 

[1] Ziñaldari: Testigu

[2] Igali: Fruta

[3] Zenbatza: Kontuba

[4] Abeska: Kantetan

[5] Epaikari: Juez

[6] Epai: Sentencia

[7] Sutautsa: Pólvora

[8] Aizto: Cuchillo

[9] Betu: Vencer

[10] Erail: Matar

[11] Zematu: Amenazar

[12] Larranbillo: Manzanilla

[13] Epaiterki: Distrito judicial

 

 

© Ebaristo Bustintza Kirikiño

 

 

"Kirikiño - Abarrak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus