Peru Makur

 

       Peru Makur, agure gixajua, zarren zarrez ezetarako gauza etzalako, emendik destaña, ortik bekoki illuna, andik agiraka garratza, ta beti gosiak illik, gustiz txarto bixi zan bere seme ta erranagaz, eurok etxeko txakurrari aitari baño jaramon geyago egiten eutsoela.

       Ain atsekabez ta ain errukigarri bizi zan aguretxuaren belarrijetara eldu zan bein albista edo izpar au: Erregeri lapurretan egin eutsoela, txingi edo pitxi eder asko ostu eutsoezala, ta sari andi bat abinduta [1] eguala lapurrak nortzuk ziran agertzen ebanarentzat.

       Peruk bere kolkorako egin eban: «Araxe Juan biar yuat, eta iru edo lau eguneko jan-edana eskuratuko yuat edozelan be, ta gero zuzitu [2] nagijela gura ba'yoek, niri zer? zer galduko yuat ba? Ez asko. Gaur darabildan biximodua baño erijotza berbera asko txarrago eztok-eta.»

       Esan eta egin, itzi semia ta errana (pozarren onek aguria etxetik aldendu yakenian), artu Errege-uriko bidia, ta bai-yuan txairo ta bizkor gure Peru, bere baserritar jantzi zar ipingitsu nabarraz, Jauna'ri erreguka alik ondoen atara egijala arazo artatik.

       Errege ta onen ingurukoen aurrera agertu zanian, bere arpegi tximur zimela ta bere soñeko marroxak ikusi orduko asi ziran gustijak barre purruztadaka; batak iñuan: «Zer dakarkaiku zar onek ona?» Bestiak: «Au, bere erri koskorreko txiñel nagosija edo-da.» Onek: «Gixonak, astronomu onek ixarrai begituta edo igarriko dau, ta katalejo andi bat ekarrijozube!». Arek: «Eskuma-aldra nundik nora dan ete-daki gero beronek».

       Txorijak mozollua erabilli oi daben lez, irri ta barre erabillen gixajua. Erregek, orraitiño, barreka-barreka esan eutson: «Aitaita, adorerik bai al dozu artu dozun zeregiña bide onera eruateko? — Bai jauna, erantzun eban, emon bekit iru edo lau eguneko epia, ta zerbait egingo da. — Baita emongo yatzu epe ori, ta oraintxe aginduko dot neure jauregiko eskaratzeko morroyak jandedan emon dagitxubela.

       Juan zan ba Peru Makur eskaratzera, zokondo baten maitxo bat ipiñi eutsoen, eta morroi batek bazkari ederra eruan eutson; argitu yakon gogua aguriari, ta urdalla ondo bete ebanian esan eutson bere burubari, bazkari bat arrapau ebala gogoraturik:

       — «Bat orraitik, eskuban yaukuat, onek etxaustak igesi egingo». Morroya adi-adi ta zurt begira egon yakon zatitxo baten, eta lagunakana eldu zanian, zurbil eta arnasa barik azaldu eutsen aguriari entzunikua, ta ikaratu ziran gustijak, eurak ziran ba lapurrak eta. — «Agure kaiku orrek igarri egin ete-yauskuk ba? Aparija beste batek eruan dayola, ia zer urteten dan.»

       Alan egin eben; orduban be aguriak aparija amaitueran esan eban: «Bi jausi dozak; bijar ta etsi jausiko dozak bestiak be, ta enayuak ain txarto». Aguriak esakun onetan janaldijen kontua erabillan.

       Morroya juan zan arin bestiakana ta esan eutsen:

       — Arrayia mutillak, guriak egin yok, galdubak gaituk! auxe ta auxe esan yok agure demoniño orrek, dana jakik.

       Larritu ziran mutillok, eta azkenez itundu ziran aguriari itz egin biar yakola ta beragaz aitu, ia onian zuzendu al eitekian zoritxarreko arazo a. Urreratu yakon ba aguriari morro yen artian buru egiten ebana, ta autortu eutson eurak zirala Errege'ri ostu eutsoenak, eta gertu egozala atzera emoteko ostu ebena; baña, Jaungoikuarren, ezegixala salatu, bestelan urkamendira biar ebelata; Peruk esan eutson ezeren bildur ez ixateko, ardura txikijenik barik lo egiteko, ezetara be ezebazala agertuko ta.

       Bijaramonian Peruk eruan ebazan Errege'n aurrera txingi edo pitxi gustijak, Errege ta bere ingurukuak aitiarenka izten ebazala. Ak itundu eutson Peru'ri:

       — Eta lapurrak, nortzuk dira ba?

       — zin esan neikijo, jauna; neure itxa emon dautset eztodazala agertuko-ta.

       — Baña zuzentasunak aginduten dausku gaizkiñak zigortau egin biar dirala.

       — Egi andija da ori, jauna; baña damututa dagozan ezkero, osturikua bigurtu daben ezkero, Errege gustijen Erregeren parkamena dauke, ta, ak parkatu ezkero, berorrek be parkatu begijoe, jauna.

       — Eztago txarto esanda, ta bai poz andijaz, aitaita, parkatzen dautset. Orain beste gauza bat igarri biar daustazu: nire emaztia laster sein-egiteko dago, ta esan eiskuzu mutilla ala neskea ixango dan argitara urteteko dagon seintxua.

       Peruk erantzun eutson Erregiña ikusi biar ebala orretarako, ta areto edo saloi andi zabal baten, lagun aldra andi baten erdijan Peru Makur gixajua estu ta larri eguan zer esan ezekijala; baña zer-edo-zer esan biar eban ta, eskatu eutson Erregiña'ri mesedez ibilli eitela alde batera ta bestera areto artan; ibilli zan ba, ta Peruk esan eutson Errege'ri:

       — Jauna, gauza zalla da igarten... enago ziur; aruntza doyanian mutilla iruditzen yat, onuntzakuan ostera neskea. Peru'ren zorijonerako, andik iru edo lau egun barru Erregiñak ume bi egin ebazan, bata neskea ta mutilla bestia. Nok adirazo an ixan zan arritasuna? Nok azaldu noraño goratuba ixan zan Peru Makur kaikuaren jakindasuna? Len barre purruztadaka artu eben agure zimela, orain Seneka berbera euren artian agertu bailitzan, lotsa ta itxal andijaz begiratuten eutsoen.

       Larri eguan baña gure Baserre, Errege ta enparaubak au ta ori ta bestia igarri egijala-ta asiko yakozala, ta bide onetan laster jausi biar ebala ikusten ebalako.

       Alantxe, berak uste ixan eban lez asi yakozan, eta Peru'k bere larri-aldijan urteyera polit bat asmau eban; Errege'ri sermoitxo bat zuzendu eutson, bertan beste gauza askoren artian iñotsola:

       — Gogoratu egikezube, jauna, nik neurez ezin ixan dodala euki indarrik edo virtute'rik egin dodazan gauzak egiteko; gogoratu egikezube, Jaungoikua'gandik euki dodala indar ori, eta Jaunak biarrixana danian bakarrik emoten daula bere eskarra edo grazija, ta ez gixonen jolaserako; ez Josu Gure Jaunak ez bere jarraille ixan diran santubak egin dabe iñoz miraririk munduaren jolasgarrirako; enaz ni santuba, baña ori gorabera, santuben bidez mirarijak egin dauzan lez, ni pekatari onen bidez Jainkuak berak egin dau zubek nigan ikusi dozubena, ta orain jolasbidian igarkixunakaz asten ba'gara, Jainkua zirikatzia ixango da, ta pekatu lotsagalduko ori egin baño len, obe ixango da ni neure etxera juatia, berorren baimenaz.

       — Gixona! —erantzun eutson Errege'k— igarle ona zara baña etzara sermolari txarragua. Bai, zuzen zagoz. Ederto esanda. Eutsi ba zeure zartzarua ainbat ondoen igaroteko lain, eta zuaz Jainkuaz.

       Au esanaz batera, Errege'k zizkukada urria emon eutson. Bigurtu zan aguria baserrira, ta seme, erran, loba, lengusu, ta laugarren edo boskarren mallako senide gustijak, auzokuak, erritar gustijak txiki ta andi, danak alkarren leyan, berari eder-egiten eutsoela (zizkukada urriaren millagruak), estula baño zarrago egin arte ederto bixi ixan zan Peru Makur agure zolija.

 

[1] Abindu: Agindu

[2] Zuzitu: Desegin

 

 

© Ebaristo Bustintza Kirikiño

 

 

"Kirikiño - Abarrak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus