KiRiKiÑO

(1866-1929)

ABARRAK

 

       1929ko urtarrilaren 31n hil zen Mañarian Ebaristo Bustintza Kirikiño. 1866an Mañarian jaioa, Espainian ikasten jardun eta gero XIX. mende amaieran Euskal Herrira itzuli eta Bilbon jarri zen lanean, R.M. Azkueren abaroan. Hark sustatutako Euskalzale eta Ibaizabal aldizkarietan jardun zuen XX. mende hasieran, eta Euzkadi aldizkarian gerora, «Euzkel-Atala»ren arduradun. Hiru agerkariotan, nagusiki, plazaratu zituen ezagun egin duten narrazio eta kontakizunak: Abarrak.

       Poesia zenbait eta artikulu asko idatziagatik (Labayruk argitaratu ditu hiru liburu bere artikuluez), bere kontakizunengatik da ezagun, eta bere garaian ere egin zen ezagun Kirikiño. Berak jaso edo sortutako istorioak, xelebre edo umorezkoak gehienetan, hizkuntz eredu jaso baina era berean herrikoia baliatu zuen.

       Bera bizi zelarik plazaratu zen bere lehen narrazio bilduma, gure klasikoen artean tokia egin duen liburua: Abarrak. 1918an kaleratu zuen Grijelmo etxeak. Bera hil eta hurrengo urtean Bigarren Abarrak kaleratu zuen Jaungoiko-Zalek, eta bi horiexek izan dira XX. mendean zehar berrargitaratu direnak.

       Euskal Editoreen Elkartearen ekimenez plazaratutako «Klasikoak» bilduman 1986an kaleratu zen edizioan Itziar Lakak egindako hitzaurrea ere eskaintzen dugu. Edizio honetako testua baliatu dugu guk Abarrak liburua osatzen duten 22 kontakizunak osorik eskaintzeko.

 

 

"Kirikiño - Abarrak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus