Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Azken fandangoa Buenos Airesen

 

 

                        Gaztaroak ez ditu maite garaituak.

                                        SIMONE DE BEAUVOIR

 

 

Argi samar neukan Katxalyn sasizena zuela. Izan ere, gezurrezkoa dirudi izenak, batez ere «y» horrekin. Bere blogean botatzen zituenak botatzeko anonimatua ezinbestekoa zuelakoan nengoen. Azkenik, euskal idazleen gremiokoon aurkako bere purrustada lotsagabeen estiloa ikusita, gizon bat ere izan zitekeela pentsatzera iritsi nintzen. Idazle frustratu eta jeloskor horietako bat, goizegi burusoildua.

        Gutxitan egiten dudan gauza, interneten nenbilen neure izenari asoziaturiko sarrerak begiratzen, Katxalynen hitzekin behaztopatu nintzenean. Estekaren laburpenezko esaldi zatia izan zen irakurri nion lehen gauza, Googlen bilaketaren emaitzen orrialdean. «...horregatik, Galtzada jaunaren bular oparoekiko obsesioa...» zioen laburpenak. Zauritzeko asmoa nabarmena zen, jauna ironiko horrek argi adierazten zuen moduan. Irribarrea eragin zidan. Literalki. Eta ez mespretxuzko irribarrea, poz nartzisistak eragindakoa baizik. Pozik nengoen, irakurle bat nirekin kezkaturik zebilelako.

        Katxalyn izenekoaren blogean zeuden bost erantzun edo iruzkinak irakurri eta poza harrotasun bihurtu zitzaidan. Jende hori ez nuen ezagutzen eta, halere, nire eleberriaz ari zen, jo eta su, batzuk kontra, bestetzuk alde, beraien bizitzez arduratzeko ordez. Egia da ez zihardutela nire obraren alderdi literarioenaz. «Falokrata titimaniakoa» ote nintzen zuten eztabaidagai. Blogzale horien begiradapean, nire laurehun orrialdeko nobela gotorra —lan neketsu bezain luze baten emaitza— fikziozko pertsonaia baten bular oparoez nire narratzaileak egindako ohar batera mugatzen zen. Gaitz erdi.

        Blogean mezu bat gehitzeko tentazioa izan nuen. Bakoitza bere lekuan jarri eta gauzak argitzeko gutizia. Esan nahiko nien instantzia narratiboa zela bularrei buruzko iruzkina egiten zuena, eta ez ni, hezur-haragizko autorea, Ander Galtzada. Erantsiko nukeen, baita ere, eleberria bere osotasunean harturik nagusitzen zen ikuspegia feminista zela, zerbait izatekotan; nire pertsonaia nagusiak, gainera, estereotipo femenino behinenak hautsi egiten zituela eta halako pertsonaia bizkor eta anbiziotsu gutxi aurkituko zituztela, baita emakumezkoen obrak miatuz gero ere.

        Ez dakit zerk gelditu ninduen. Ohartzen ote nintzen neure irakurleak zirela finean? Kontua da ez nuela mezurik idatzi. Une batez, sasizenez izenpetzeko aukera haztatu nuen. Haatik, sasizen baten atzean gordeta neure burua defenditzen ibiltzea ez zitzaidan oso duina iruditzen. Banekien badagoela halakorik egiten duenik idazleon artean. Entzunda neukan idazleren bat modu horretan bere obraren kritikak —positiboak, nola ez— argitaratzera ere iritsia zela. Eskrupuluek gelditu ninduten ordea. Eta gehiagotasun sentimendu lauso batek, aitor dezadan. Beste maila batean ikusten nuen neure burua. Inoiz libururik argitaratzera iritsiko ez zirenen frustrazioen oihartzun kutxak begitantzen zitzaizkidan blogak. Idazle gisa, degradagarria neritzon bloga edukitzeari. Suposatzen dut garai batean zinemako antzezleak telesailetan agertzen hasi zirenean eragiten zuten errukiaren antzeko bat sumatzen nuela sasidazle horiekiko.

        Emazteari erakutsi nion blogekoa, elkarrekin irri egin genezan. Irri egin genuen. «Idazle matxista naizela uste duzu?» galdetu nion, barruan ernatu zitzaidan zalantza kimua erauzteko. Ez zuen erantzuteko lanik hartu. Eta dena ahantzi nuen. Harik eta, hilabete zenbait geroago, nire auzoko liburu-dendan Katxalynen liburua ikusi nuen arte.

        Katxalyn Orue deitzen zen, osorik. Segituan jakin nuen —barruak esan zidan— blogaren egilea eta liburu horrena bat bera zirela. Ikea batean xuxurlaka zuen izenburua. Ipuinak ziren. Azalaren solapatxoan bere argazkia zetorren. Neska gazte bat. 1987koa. Espresio kokina zeukan. Inolaz ere ez feminista ozpinduarena. Ez zen itsusia. Horrek ere laguntzen du.

        Bi egunetan irakurri nuen, laneko zereginak bazterturik. Ondo zegoen. Bazuen zerbait. Tonua, ikuskera. Ez dakit. Txundigarria izan gabe, bereganatzen zintuen. Garbi zegoen bizkorra zena. Bazekien zertan ari zen luma eskuan zerabilela. Ez da gutxi idazletzan sartu nahi duenarentzat. Emazteari gomendatu nion. Bere iritzia izatearren. Izan ere, jada ez nekien ongi objektibotasunez epaitu nuen liburua edo neska bera erakargarria zitzaidalako iruditu zitzaidan ona. Baieztatu zidan ez zegoela gaizki. Eta emaztearen gustuaz fio naiz. Ohean geunden, itzali aurreko gure irakurketetan murgilduta. «Hau ez al da bere blogean aipatzen zintuen neska?» galdetu zidan. «Bai ba» erantzun nuen, in fraganti harrapatutakoaren keinuaz. «Ez zara ariko neskatxa bihurri honekin fantaseatzen, ezta?» bota zidan, jeloskortasunaren aitortza eta zigorraren gaztigua nahasten ziren tonu bikoitzaz. Eta saihetsean atximur egin zidan, nahiko gogor.

 

 

Katxalyn Orue modan zegoen. Egunkari eta aldizkari guztietan elkarrizketatu zuten, behin gutxienez, hilabete gutxitan. ETBko tertuliakide egin zuten, bigarren kanalekoa gainera. Gaztelaniaz eroso ari zen, ez zerion, beste hainbati bezala, euskalduntasuna poro guztietatik. Pertsonaia interesgarria zen elkarrizketaz elkarrizketa, agerpenez agerpen, konposatzen jakin zuena: neska ikasia baina ez pedantea, arina baina ez hutsa, idazlea baina ez idazlea, sentsuala baina ez eskainia, euskal politikari zegokionean agnostikoa...

        Pixka bat sorpresaz harrapatu baninduen ere, pozik onartu nuen berarekin eta hirugarren idazle batekin batera egunkari bateko zutabea konpartitzeko aukera. Idazleak nekez irabazitako estatusa eta izena defendatu beharra dauzka eta ibilbide luzeagoko idazle bat merezi nuela alboan ere bururatu zitzaidan une batez, ezin nindutela nahasi dena frogatzeke zeukan hasiberri batekin, alegia. Banintzen nor gure letren mundutxoan, bestalde, Katxalyn bazterrarazi eta kalibre handiagoko idazle bat exijitzeko zutabearena aipatu zidan kazetariari. Baina onartu egin nuen proposamena. Kitzikaturik nengoelako, jakina. Beste gazte bat izan balitz, ziurrenik ez nukeen onartuko. Zailena emazteari erabakiaren berri ematea izan zen. «Behartuta al zeunden onartzera?» galdetu zidan, ondo oharturik zer-nolako salbuespena egitera nindoan nire ohiko logikarekiko. «Ez zait gaizki etorriko nire irudia apur bat gaztetzeko» desenkusatu nintzen, erdizka baino egia ez zen aitzakiaz.

        Muturreko galanta eman zidan Katxalyn Oruek bere lehen zutabean. Nire aurreko zutabe bati erantzutea tokatu zitzaion lehen txandan, eta barregarri uzten ninduen bere testuak. Barregarri, ironiaz eta erdeinuz hartzen zituelako nire argudioak. Barregarri, bere idazteko moldeak nirearen alboan jarrita ageri-agerian uzten zuelako idazkera zaharkitu batean ari nintzela, moda zaharreko idazlea nintzela, nire gainbehera hasia zela. Errespetu falta nabarmenaz zuzentzen zitzaidan. Bere blogeko oharrak gogoratu zitzaizkidan. Ez ninduen sorpresaz harrapatu behar bere erasoak.

        Lanetik sartu zenean emazteak zekartzan begi isekariak ikusi eta segituan ulertu nuen irakurria zuela zutabe kriminal hura. Ez zeukan ezer esan beharrik. Banekien hanka sartu nuela, leporaino. Ez nuen onartu behar zutabe konpartituaren proposamena. Emaztea fina zen eta ez zidan ezer esan. Nik ezarri nuen gaia mahai gainean. Halabeharrez. Isilik geunden afaria hasi genuenetik. Normalean hain gogoko ditudan espageti txinatar kurruskatsuek ez zidaten graziarik egiten. Egoerak ez zeukan gozo-garratzetik ezertxo ere. Arrunt zen mingotsa. Horrelako uneetan botatzen dut faltan haurrik ez izatea etxean. Otorduetako isilune luze horiek betetzeko, arrebaren etxe zaratatsuan bezala. Kezkak builan itotzeko. «La muy perra» bota nuen, nire duintasunaren ardura guztiz galduta. «Zer maitea?» galdetu zidan emazteak, erretorikoki, gaia ez aipatzeko azken aukera utzi nahian. Baina ez. Aipatzea zegokidan. «Ikusi duzu nola sartzen den nirekin?», bildu nahi izan nuen nire aldera. «Nortaz ari zara?». «Mesedez. Katxalyn Oruez». Ez zidan elkartasunezko adierazpenik egin, ezta kontrakorik ere. Nire errua onar nezan nahi bide zuen. Emaztea nuen, betidanik, manager bakarra, leiala bezain ziurra, eta ez zidan barkatzen, antza, zutabeen proposamena berari batere aipatu gabe onartu izana. «Bai, badakit, suarekin jolastu naiz eta hori da modu hoberena erretzeko». «Zerorrek esan duzu». Orain ni nengoen isilik, zer esan ez nekiela. Gogoeta goibel bezain mutuan hondoratu nintzen. «Eta orain?» atera ninduen emazteak neure baitako errekatik. «Orain zer?». «Jarraitu behar al duzu?». «Jarraitu beharra daukat. Nola erretiratuko naiz, ba, hasi berritan!? Hitza hitz. Sei hilabeterako hartu dut konpromisoa. Zutabeak hemendik sei hilabetera geldituko dira». «Neska horrek bere inspirazioari eusten badio, hemendik hiru hilabetera lurperatua zaitu idazle gisa» bota zidan. Arrazoi zuen. «Agian hurrengo zutaberako normalduko du tonua. Ingurukoek ere esango zioten, ez da ona bere irudirako nire tamainako idazlea horrela egurtzen aritzea. Ander Galtzada naiz. Litekeena da lasaitzea». «Edo ez». Komunera joan nintzen, lotaratu aurreko azken pixa egitera. Zakila eta barrabilak zimurtu zitzaizkidan pixa egin bitartean, esku hotzarengatik. Nire aitonaren zakil zimur eta laburraz oroitu nintzen, neguan baratzeko pikuaren enborra pixaz belzten zuenetan. Lurruna. Usai gozo eta epela gorantz egurats hozkirrian. Sudurrak eta belarriek bizitza osoan handitzen jarraitzen dute. Zergatik gertatzen zen alderantziz zakilarekin? Berrogeita hamarretan sartu berria nintzen. Emaztea bezalaxe. Denbora gutxi geratzen zitzaigun «benetako bizidun» legez hemengo egonaldiaz gozatzeko.

 

 

Hurrengo zutabea ez zen samurragoa izan. Ni infantilizatu nahian zebilen Katxalyn. Talentuz. Alta, nire aurreko zutabean liskarra ekiditeko eginahalak egin nituen. Okerrena zen hirugarren zutabegileari adeitsu zuzentzen zitzaiola beti. Hirugarrena, nire adineko idazlea bera eta aspaldiko ezaguna, ni defenditzen saiatu zen bere zutabean. Baina horrek okertu baino ez zuen egiten nire egoera: errukarri bihurtzen ninduen.

        Sutan jarri nintzen. Erasoei erantzun beharra neukan. Gerla nahi bazuen izango zuen. Sarkasmoz betetako zutabe bat idatzi nuen, guztiz iraingarria ondo irakurtzen zekienarentzat. Eta nire ordenagailuaren zakarrontzian amaitu zuen. Ez zen nire estiloa. Jendea zauritzea ez zetorren bat nire izateko moduarekin, nire idazle irudiarekin. Edo besterik gabe, koldarkeriak gelditu ninduen. Zutabea bidaltzeko epea agortzen ari zitzaidan eta, presaka, beste zutabe bat egin nuen, homosexualen eskubideak goraki defendatuz. Bidali bezain laster damutu nintzen. Tonutik kanpo nengoen. Ate irekiak zabaltzen niharduen, modu arranditsu eta bortxatuan. Eta maniobraren helburu bakarra postmodernitatearen abangoardian agertzea zen, Katxalynek zabaldutako nire irudi zaharkitua zuzentze aldera.

        Hirugarren zutabegileak oniritzia eman zion, beste behin ere, nire aurreko zutabeari, eskuzabal.

        Katxalynek, berriz, modu paternalistan iruzkindu zituen nire ideia aurrerakoiak. «Garai berrietara egokitzeko» erakusten nuen borondate ona txalotu ondoren, cultural studies edota queer theory direlakoen autore eta erreferentzietan bermatuz, errepaso bat ematen zidan. Moda pasarela batean galtzontzilo zuritan agertu izan banintz bezala sentitu nintzen. Intelektualki umiliatu ninduen.

        Ondoko egunetan, aipatzen zituen autore horien liburuen bila ibili nintzen amazon.com webgunean. Baina gehienak jatorrizko bertsioan zetozen eta nik ez nuen aski menderatzen ingelesa maila horretako abstrakzioak irakurtzeko. Nire gazte denboran ingelesa ikastea ez zen hain erraza. Etsi nuen fronte horretan. Dena den, sentitzen nuen halako erreferentziak nireganatzea ez zatekeela aski izango. Gizona nintzen, zuria, ezkondua, abertzalea. Normalegia.

        Eta horrela igaro ziren sei hilabete amaiezin horiek. Hiru astetik behin nire jipoiaren zain egoten nintzen. Eta ez zuen inoiz huts egin nire borreroak. Azkenerako ulertu nuen Katxalyni berdin zitzaiola erabat nor nintzen benetan. Bere irudia eraikitzeko berme bat baino ez nintzen. Instrumentalizatu egin ninduen eta, besterik gabe, ondo zetorkion nik errepresentatzen nuena, bere jokaldia egiteko. Idazle kontsakratua nintzen, idazle hasi berriak tokia egiteko hil behar duen aita. Eta ulertu nuen, baita ere, alferrik zela bere ideietara hurbiltzea, egokitzea edo igotzea. Kontua ez zetzala gure iritzien edukian. Izan ere, berea izan zitekeen ideia bat formulatzera iristen banintzen, antizipazioz edo, segituan mugitzen zen kontrako norabidean. Kontrastea egitea zen bere logika, ni jokoz kanpo uztea eta, batez ere, nire gainetik agertzea. Eta eginkizun horretan tonua zuen baliabide nagusi. Ez zen larderia, ezta ironia, ezta trufa zuzena ere, baizik eta hirurak aldizkatzen zituen tonu arin bezain eraginkorra. Neure egin nahiko nukeen tonua, bidenabar. Inoiz izan ez nuena. Literatura gauza serioa zen garai urrun eta zurrun batekoa bainintzen.

        Nire azken zutabearen aurreko berea ez zen hain suntsitzailea izan. Egia esan, batere ez. Tamalez. Lurrean odolusten ari den zezenari begiratu eta azken ezpatakada barkatzen dionaren pare jokatu zuen: krudel. Nire aurreko zutabea inoratu eta hirugarren zutabegilearen iritzia baino ez zuen aintzat hartu. Despedidako zutabea erremindurik idatzi nuen, hartara, nire iritziak jada arbuiatua izateko ere balio ez zuelako sentipen etsigarriarekin. Katxalyni bere ordaina itzultzen saia nintekeen azken txanda horretan, baina, esan dudanez, ez da nire estiloa. Neuk ere bera inoratzea pentsatu nuen hurrena, eta hirugarren zutabegilea bakarrik agurtzea, Katxalyn existitu ez balitz bezala. Baina nire samina agerian jarriko zukeen halako jokamolde bortxatuak. Azkenean, dotorezian aterpetu nintzen ahal nuen neurrian, eta nire bi zutabekideak adeitasunez agurtu nituen, gure artean gertaturikoak aztarnarik utzi ez balit bezala, dena joko alfer eta ondorio gabea izan bailitzan, jolas bat. Emazteak ere erabakiaren zuhurtzia onartu zidan.

        Eta horrela joan ziren asteak, hilabeteak, eta urtea kasik.

 

 

Hondarribiko aireportuan, maletaren fakturazioa egiten nengoela, ikusi nuen Katxalyn aurrenekoz, hezur-haragiz. Ilaran nire aurrean zihoan. Ez nengoen ziur bera zenik, atzetik baino ez nezakeelako ikusi, baina bera izan behar zuen, maleta handia baitzeraman, nire antzera. Biok ginen parte hartzekoak Argentinan egingo zen bira literario batean. Bost euskal idazle geunden gonbidatuta gure testu zenbait irakurtzera, unibertsitario biren hitzaldiekin tartekaturik. Euskal literaturaren promozio tournée loriatsu horietako bat izango zen, hemengo prentsan zertxobait aipatuko zena, Buenos Airesekoan batere ez. Ez zen lehena niretzat eta banekien zertara nindoan: turismo pixka bat egitera, doan. Egia da, bestalde, Katxalyn ere bidaide izango nuela jakiteak ezohiko zirrara sortzen zidala.

        Aspaldiko adiskide dudan Juan Olabarria katedradunak bidaiaren xedea telefonoz aipatu zidanean, baietz erantzun nion birritan pentsatu gabe. Katxalyn Orue ere etortzekoa zela gehitu zuenean, ordea, ondo pentsatzeko esan zidan, banuela denbora. Ez omen zuen berak bakarrik erabakitzen nor zetorren eta nor ez. Bere EHUko lankide Amaia Tudelak aukeratu omen zuen Katxalyn espediziorako. Olabarriak ondo zekien —baina nork ez zekien?— zeinen zakar sartu zen Katxalyn nirekin bere zutabeetan. Biharamunean deituko niola esan nion, erantzuna emateko.

 

 

Eskegi eta gutxira Katxalynen deia jaso nuen. Etxera deitu zidan. Bere ahotsa segituan ezagutu nuen. Telebistako tertulietatik zitzaidan ezaguna. Ez dakit zergatik, ahotsa apaldu eta nik deituko niola berriro esan nion. Eta eskegi egin nuen. «Nor zen?» galdetu zidan emazteak sukaldetik egongelarako bidean, biluzik, erortzen hasitako bularrak paseatuz. «Zera, Euskal Idazleen Elkartea zen, nire datuak eta argazki bat behar dituzte beraien webgune berrituan jartzeko. Baina eten egin da komunikazioa» erantzun nion, lasterregi, zehatzegi. Hitz batean, susmagarriki. Ez zirudien, halere, emazteak ezer arraroa antzeman zuenik nire ahotsean. Telefonoan afixaturik zirauen zenbakia post-it batean markatu eta kanpora irten nintzen.

        Erreka ertzera joan nintzen, egunero lez, bazkalondoko ibilalditxoa egitera. Mugikorra jakaren sakelan neraman. Baina ez nuen berehala deitu. Oraindik txokaturik nengoen eta ez nekiela zer pentsatu. Nola ausartzen zen ni deitzera, egin zidanaren ostean! Eta etxera gainera... Haserrea sentitu beharko nukeen. Eta sentitzen nuen. Pixka bat. Gutxiegi.

        Urtebete neraman ia ezertxo ere idatzi gabe. Gogorik gabe. Zutabegintzan igarotako sei hilabete haiek hamar urtez zahartu ninduten. Tokia idazle gazteagoei uzteko unea zela pentsatzera iritsi nintzen, nire aldia pasatua zela. Azken liburuetan errepikatu baino ez nituela egin nire betiko obsesio eta leloak. Ofizioz ari nintzela jada, eta ez afizioz, beharko lukeen moduan. Eta ez zela harritzekoa, ikusita zer-nolako bizitza neraman. Idazteko zerbait bizi behar dela irizten dutenetakoa izan naiz beti eta ez nuen jada deus ere bizi. Ez nintzen bizi. Aspalditik. Nire nortasuna moldatu zuten esperientzia gehienak oroitzapen urrunak ziren eta fosiltze fasean sartua nintzen. Jakina, inguruko lagunek ezetz esaten zidaten, halako kezkak azaltzera ausartzen nintzaien bakoitzean, banuela oraindik gauza franko kontatzeko, gaur egun berrogeita hamar urterekin, baita hirurogeirekin ere, gazteak garela. Eta ez dut uste gezurretan ari zitzaizkidanik. Ordea, nire adinekoak dira lagun horiek guztiak, edo zaharragoak. Eta, jakina, interesatu egiten zitzaien ni bizirik ikustea, idazle gisa beraiena ere bazen belaunaldiaren ispilu eta bozeramaile nintzelako. Baina zer inporta zitzaiokeen benetako gazte bati nik esan nezakeena? Katxalynen adineko bati, esaterako.

        Banekien ororen buru deitu egingo nuela eta deitu nuen azkenean, nire ohiko ibilbidean etxetik urrunen zegoen lekura iristean. Txandakako zutabegintzan parte hartzeko proposamenari baiezkoa eman nion egunean bezain itxaropen lauso eta inozoaz egin nuen deia, eta, okerrena, oharturik. Edo, are, onarturik.

        «Galtzada jauna. Zure laguntza behar dut» esan zidan itzuli-mitzulirik gabe. Damu nintzen deitu izanaz. Eta jauna horrek deseroso sentiarazi ninduen. Oraingoan, baina, bere blogean edo zutabeetan ez bezala, ez zitzaidan ironikoa iruditu, baizik eta banatzen gintuen adin tartea azpimarratzeko modua. Errespetua zor zidala, gutxienez, esan beharko niokeen orduan. Ez adinagatik, nire ibilbide literarioagatik baizik. Hemengo eleberrigile sendoenetakoa nintzen, autore irakurria, saritua, best-sellerra izandakoa inoiz —gure eskalan, jakina—, itzulia, maitatua, zenbaitzuek miretsia. Eta ez nion esan. Horren ordez, haren hurrengo lotsagabekeriaren zain geratu nintzen. Mutu. «Badakit aireportu ondoan bizi zarena. Berdin litzaizuke nire autoa zure etxean aparkatu eta utziko banu? Badakizu, hamar egunerako goaz Argentinara, eta aireportuko aparkalekuak garestiak dira...». Ezetz erantzun nion. Ezinezkoa zela. Baina ez nion esan hori errespetuaren kontuagatik. Baizik eta ezinezkoa ikusten nuelako halako zerbait nire emaztearen aurrean justifikatzea. Katxalynek egin zidanaren ostean Argentinako bidaiaren ideia bera ere ez zen erraza izango emaztearen aurrean defendatzea. Horregatik, emazteak hamar egunez Katxalynen autoarekin topo egitea goizean etxetik irtetean ez zegoen irudikatzerik.

        Nire duintasunaren nozioa guztiz galdurik, zera proposatu nion Katxalyni, bere bila joatea hegaldiaren egunean. Ez zen gure etxetik hain urrun bizi —berrogei bat kilometro ziren, joan-etorria— eta egingarria ikusten nuela argudiatu nuen, goiz abiatuz gero. Eskertu zidan proposamena eta uko egin zion. Aurkituko ei zuen modua Hondarribira hurbiltzeko. Eta horretan geratu ginen. Alegia, ezertan ez. Berriz ere gaina hartu zidalako sentsazio garratzarekin geratu nintzen elkarrizketaren ostean. Eta bere eskakizuna bueltaka ibili nuen buruan hainbat egunez. Ez nuen ondo ulertzen zergatik deitu zuen eta zergatik egin zidan halako eskaera bitxia. Ez nion zentzurik ikusten. Nahasita nengoen. Telefonoko gure elkarrizketak, bestalde, dialogo gaizki idatzia zirudien. Zapuztuta nengoen. Neure burua konbentzitu gura izan nuen ageriko arrazoiaren atzean beste arrazoi aitorrezinago edo bihurriago bat zegoela. Hori pentsatzeak ametserako parada ematen zidan behintzat. Irudimena martxan ezartzen zidan. Aspaldiko partez idazteko gogo lauso bat sentitu nuen. Olabarriari deitu eta Argentinara nindoala baieztatu nion, emazteari kontsultatu gabe.

 

 

Bere maleta fakturatu eta nire norabidean zetorrela ikusi nuen, beraz, Katxalynen aurpegia lehenengoz. Telebistako irudietan baino oraindik erakargarriagoa iruditu zitzaidan. Berak ez ninduen ikusi eta aireportuko kafetegira zuzentzen begiratu nuen, mugikorraren entzungailuak belarrietan sartzen zituela. Ni ere kafetegira hurbildu nintzen. Dei labur bat egin eta sms-ak idazten jardun zuen une luze batez. Ondoren epeldua zeukakeen kafea edan eta zutitu egin zen. Janzkerak eta orrazkerak ez zuten salatzen bere jatorria. Frantsesa izan zitekeen, edo italiarra. Edonongoa. Aireportuaren dekoratuan ez zen nabarmentzen bere figura, ez bada ederra zelako.

        Ez dut maite sorpresaz harrapa nazaten eta enbarkatze gelan aulkia bilatu ordez nahiago izan nuen liburu-dendan ibili, bera jesarri arte. Ni agertuko nintzaion, neurea izango zen agerpena. Ez nuen nahi sustoa eman zekidan, nire atzetik ustekabean etorriz eta lotsagabekeria berri bat boteaz aurpegira. Euskarazko libururik ez zegoen salgai eta gaztelaniazkoetan euskal idazle itzulirik ote zegoen egon nintzen bila, bitartean. Neure azken eleberria aurkitzea sorpresa ederra izango zatekeen. Baina ez. Zaharregia zen. Lau urte ziren gaztelaniazko bertsioa agertu zela, Alfaguaran. Nire lorpenik handiena, Espainiako liburu-dendetan arrakastarik izan ez bazuen ere. Idazle bizitza oso baten saria. Lau urte jada. Hots, aro geologiko bat merkatu editorialarentzat. Gomutan neukan, nostalgiaz, nola hainbat hilabetez ia toki guztietan ikusten nuen nire liburuaren gaztelaniazko edizioa. Egia esan, uste dut ez naizela inoiz garai hartan bezainbat ibili liburu-dendetan. Hipermerkatuetan ere ibiltzen nintzen, liburuen sailean araka.

        Nobedadez gainezka zeuden erakusmahaiak nahiz apalak. «Honen bila ari zinen?» galdetu zidan Katxalynek, ulertzen ez nuen moduan nire alboan agerturik. Eramandako sustoa ahal bezala gorde nuen. Bere liburua seinalatzen ari zitzaidan, berriki gazteleratua, antza. Beheko apalaren mutur batean zegoen. Lengua de Trapo argitaletxeak argitaratu zion. Bere lehen liburua eta, zegoeneko, itzulita. Nik hogei urte itxaron behar izan nituen hori lortzeko. Ez zeukan Alfaguaran, baina itzulpen bat zen. Jakina, oso bestelako egoera zen euskal literaturak bizi zuena, ni idazten hasi nintzenean. Ni bezalakoen lan isil eta nekezari esker lor zezakeen berak, egun, hain erraz itzulia izatea.

        Irribarre zabal bezain isekariaz begiratzen zidan. Zerbait asmatu beharra neukan. «Lehen itzulpena gauza garrantzitsua da. Aldatu egiten du norberak bere buruaz duen ideia. Zorionak. Erosi egingo dut, hegazkinean irakurtzeko». «Ez al duzu irakurri euskaraz?». Galdera lotsagabea zen, jakintzat jotzen baitzuen irakurria neukala. Eta hala zen. Ez zuen, beraz, zentzurik berriro irakurtzeak, ezta ere, hortaz, berriro erosteak. Gezurra esan niezaiokeen, alegia, oraindik ez nuela irakurri. Baina erdeinuzko jarreratzat har zezakeen nire neurriko idazle batengandik. «Bai, bai, irakurria daukat. Baina beti merezi du itzulpenak irakurtzea. Jakiteko nola geratzen den beste hizkuntza batean. Euskara tronpagarria izan daiteke, gaztelaniaz hobeto ikusten da obraren benetako maila». Ez dakit ironia harrapatu zuen. Eta alea hartu nuen, erostera etsiturik. «Et et et, gizona, emango dizut nik ale bat. Utzi hori hor, mesedez». Eta bere larruzko motxilatik liburua atera zuen. «Dei nazazu Ander» ausartu nintzen, unea egokia zelakoan hesiak botatzen hasteko, eta liburua nire zorroan sartzeko keinua egin nuen. «Itxaron, izenpetu egingo dizut». Bere buruaz zuen ziurtasuna txundigarria zen. Idazle kontsakratua bera balitz bezala jokatzen ari zen. Ez nuen ikusterik izan zer idazten zuen. Liburua itxi eta berriro luzatu zidan. Ahalik eta neutroena nahi nuen tonuaz ahoskatu nuen lehenengoz bere izena: «Eskerrik asko, Katxalyn». «Nirea da plazera, gizona».

        Ez ginen luzaz bakarrik egon. Handik gutxira batu zitzaigun Iosu Galarreta poeta, bera ere Donostia aldean bizi zena. Taldeko gainerakoak Loiutik abiatuko ziren eta Barajasen elkartzekoak ginen denok, hegaldi handirako. Katxalyn baino ia hogei urtez zaharragoa izan arren, Galarreta beti gazte itxura mantentzen tematzen diren idazle antikonformista autodeklaratu horietakoa zen. Solasean hasi ziren, Ilunben ikusi berri zuten hip-hop kantari bati buruz, ulertu ahal izan nuenez. Artistaren izena ezezaguna zitzaidan, artista dei badakioke hip-hopa praktikatzen duenari. Ez nuen, hortaz, aukerarik izan elkarrizketan sartzeko eta, gaiari eusten ziotenez, bada, nire zorroan gauza baten bila banenbil bezala aritu nintzen, jokoz kanpo nengoela disimulatzearren. Hegazkinaren aurrealdean neukan jarlekua, beraiek atzealdean. Aldi berean frustraturik eta lasaiturik sentiarazi ninduen horrek. El Diario Vasco hartu nion besterik eskaintzen ez zidan azafatari. Nire ondoko gizon gorbatadun gizena eztulka hasi zen, gelditu ezinik.

 

 

Iberiako hegaldi transatlantikoa hamaika ordukoa zen eta, joanekoa egunez egiten zenez —egun hilezina, eguzkiaren lorratzean—, denoi denbora eman zigun eserlekuetatik altxatu eta elkarrizketatxoak izateko. Gehienok elkar ezagutzen genuen, bakar batzuek ez. Bi katedradunak elkarren ondoan zeuden, erdiko eserlekuetan, eta ni lerro berean, baina leiho aldean. Juan Olabarria arduratu zen nire txartela hartzeaz —baita ordaintzeaz, unibertsitateko ikerketa proiektu baten diruarekin— eta bidaia ondoan egin genezan eskatu bide zituen tokiak. Gainerako lau idazleak, ni baino gazteagoak guztiak, binaka zihoazen: Galarreta «betiereko gaztea» Agurtzane Endikaren ondoan, eta Katxalyn, berriz, Kerman Minerren alboan.

        Segurtasun uhala ken genezakeela adierazi zigun doinua entzutearekin batera, goialdeko maletategitik zorroa jaitsi nuen, tentsioaren aurkako pastilla hartzea ahantzi zitzaidala oroitu nintzelako bat-batean. Mia eta mia aritu nintzen une batez, baina ez nuen aurkitzen Lisinoprila. Ahantzi egingo zitzaidan? Bitartean, Olabarriak ikusi egin zituen bertan neramatzan hiru liburuak. Vasili Grossmanen Vida y destino, Robert Musilen El hombre sin atributos, eta Katxalynena. Eskua motxilan sartu eta, nola ez, hirugarrenari oratu zion. «Zer, konpetentziaren lanak aztertzen?» heldu zien batera gaiari eta liburuari. «Berak eskaini dit, gaur goizean» desenkusatu nintzen. «Ez dago batere gaizki» iruzkindu zuen Amaia Tudelak. «Itzulpena ala obra?» galdetu zion Olabarriak. «Biak». Olabarriak «puf...» esan nahi zuen begirada bota zidan, nirekiko konplizitatea sortu nahian eta, bide batez, argi utziz bere lankideak gonbidatu zuela Katxalyn, ez berak. Olabarriak liburuaren alea eskuartean zerabilen, hizketan ari zen bitartean. Urduri jarri nintzen. Liburua lehenbailehen berreskuratu gura nuen, ez zezaten irakur Katxalynek idatzi zidan eskaintza. Ezin nuen arreta jarri bi katedradunak gurutzatzen ari ziren iritzietan, nire begiek liburuaren mugimenduak jarraitzen baitzituzten, nola katuak bere aurrean dantzan ari den pilotarena, atzaparra bota aurretik. Olabarriak liburua luzatu zidan orduan, besoa alboratuz, txikle bat proposatzean egiten den keinu beraz. Hartzera nindoanean, baina, berriro liburuari heldu eta, Tudelak emandako argudio bati erantzuteko, liburuaren aurkibidera jo zuen Olabarriak. Iruditu zitzaidan eskaintza begien aurrean eduki zuela une batez, baina, antza, ez ohartuarena egin zuen. Nire susmoa baieztaturik geratu zen Tudela komunera joateko altxatu zenean: oraindik eskuan zatxikan liburua ireki eta, hatz erakuslea eskaintzan jarriz, begirada galdetzailea bota zidan Olabarriak. Egia esan, ez nekien zer pentsatu «Asaba zaharrak rockero zaharrak bezala dira, ez dira inoiz hiltzen» zioen eskaintza horretaz. Garbi zegoen ez ziola erreferentzia egiten liburuaren edukiari eta, hortaz, nirekiko zer edo zer bide zen. Bere blogean eta zutabeetan masakratu ninduen idazlearengandik zetorrela aintzat hartuz gero, zaila zen jakitea trufa ironiko bat gehiago ote zen edo mirespenezko adierazpen kriptikoa, alegia, barkamen eskaera inplizitua.

 

 

Buenos Aires hiri zabala da, izugarri. Kilometroak egin genituen lehen ateraldian, guztiak oinez. San Telmo auzo koloniala eta bere giro bourgeois-bohème-an murgildu ginen goizean. Kontzertuak nonahi kaleetan, zaharki merkatua, doako besarkada emaileak. Tropelean ibili ginen, koadrila euskaldun petoari dagokionez, Tudela anderea gidari genuela. Argentinan familia zeukan eta ondo ezagutzen zuen hiria. Bazkarian egonaldiko lehen milanesa jan genuen, ilusio handiz bertako idi haragia dastatzeko. Gure arteko giroa ona zen, normala denez halako oporraldi mozorrotuaz profitatzen ari direnen artean. Ez nuen izan aukerarik Katxalynekin bakarka hitz egiteko, eta ez nuen bilatu ere abagunerik, ageriegiko interesik ez erakustearren. Gurutzatu genituen hitz bakarrak Galarretarekin batera galdera bat egitera etorri zitzaizkidanean izan zen. Merkatuko zaharkien artean Martin Fierro klasiko argentinarraren edizio horitu bat aurkitu zuten eta irakurria ote neukan hurbildu zitzaizkidan, kontsulta egitera. Ezetz esan nien, literatura argentinar zaharrari buruz ez nekiela ia ezer, hurbilagotik jarraitzen nituela egungo idazleak, «Conti, Neuman eta hauek, edota komiki argentinar garaikidea». Bota nizkien izenak ez zituzten ezagutzen eta pozik geratu nintzen. Lasaiturik ere, zeren izen horiek bezperan hotelean aurkitutako Los Inrockuptibles aldizkariaren edizio argentinarraren ale batetik nekizkien, eta beldur nintzen Galarretak ez ote zidan usainduko bluff-a.

        Arratsaldean Boca txiroko etxe koloretsuak bisitatu genituen. Turistentzako tangolandia folklorikoa begitandu zitzaidan Caminito famatua, eta Donostiako Bulebarra irudikatu nuen, poxpolinez beteta, diru truke fandango bat dantzatzeko prest. Hotelera autobusez sartu ginen, aho batez erabakita. Sartu eta etzanaldi ongi merezia egin nuen, CNNko finantza krisiari buruzko berri kezkagarriei begira. Ingelesez ari ziren eta erdia baino ez nuen ulertzen, baina larria zirudien gertatzen ari zenak. Kate argentinarretan ere ekonomialariek zuten protagonismoa. Erreskate plan eskergak aipatzen zituzten, bilioika dolarrekoak, finantza erakundeak salbatzeko.

 

 

Afaltzeko hitzartuak ginen denok sarrerako hall-ean, eta dutxatu beharra neukan. Orduantxe konturatu nintzen emazteari ez niola oraindik deitu. Aireportura iritsitakoan saiatu nintzen, bezperan, baina mugikorraren sareak ez zidan deia baimendu. Emaztearen haserrea jasan beharko nuen, ondo merezia. Eta jasan nuen. Eguneko e-mail bat aginduz, eta hiru egunean behin telefono dei bat, egin genuen bake akordioa, halere.

        Biharamun arratsaldean baino ez genuen lehen irakurraldia, Buenos Aireseko Laurak Bat zentroan. Hortaz, gauez irteteko aukera ona zen, nahi zutenentzat. Nekatu samar geundenez, jet-lagarengatik eta egunean zehar irentsitako espaloi kilometroengatik, hoteletik hurbil jatea hobetsi genuen katedradunek eta hirurok. Gainerakoek ez zuten protestarik egin eta otzan jarraitu ziguten. Janari argentinar tipikoa ematen zuten jatetxe bat aurkitu genuen, merkea —europarrontzat—. Milanesa eta bifea baino ez zuten ematen kasik, eta eguerdikoaren errepikapenak sabel txarra utzi zidan. Afariaren amaieran Olabarriak pattarra eskatu zuen eta «gazteak» batera altxatu ziren, hura seinalea izan balitz bezala. Galarretak izenez ezagutzen zuen pub batera zihoazen, Palermo viejo auzoan. Agurtzanek, Katxalyni besotik helduta, «Zer, bazatoz?» bota zidan, kortesiaz, nik uste. Eskertu nuen, nolanahi ere, ez nintzan sar erabat katedradunen taldean. Ez nintzen Olabarria eta Tudela baino gazteagoa, egia da, baina —idazle izatearen pribilegioak— irudi gaztexeagoa bide neukan.

        Ez genituen berriro ikusi «gazteak» hurrengo eguneko bazkalordura arte. Ordu gutxiko loarengatiko begitarte uhertuez agertu zitzaizkigun mahaira. Bederen, Agurtzane, Kerman eta Galarreta. Katxalyn hotelean geratu omen zen, arratsaldeko saiorako testua ez zeukalakoan erabat prest. Berriro ere milanesak eta bifeak baizik zerbitzatzen ez zituzten jatetxe batean geunden, Corrientes etorbidean. Barazkiak jateko beharra neukan, komunera joan gabe bainengoen iritsi ginenetik. Hesteen lana errazteko zerbaiten bila ibili nintzen, goizaldean, nire bidaideen begiradatik urrun. Errezetarik ezean, farmazian ez zidaten berritu nahi izan tentsioaren aurkako Lisinoprila. Estresa gehitu zidan horrek. Gaueko afaria argentinarra ez zen toki batean egitea proposatu nuen. Denek bat egin zuten nire eskaerarekin. Tudelak oroitarazi zigun, ordea, Laurak Bat zentrokoek emango zigutela afaltzen, saioaren ondotik. Biharamunerako utzi genuen, etsiturik, beste janari mota bat aurkitzeko xede utopikoa.

 

 

Nazioarteko liburu azokaren garaia zen —udaberria guretzat, udazkena han— eta, aitzakia horrekin, egungo «euskal literaturaren panorama bizi bat» eskaini behar genuen Laurak Bat zentroko euskaldun jatorriko argentinarren aurrean. Olabarriak egitaraua eman zigun, postrea jaten ari ginela. Lehenik Katxalyn arituko zen, ipuin batekin, ondoren Olabarria bera, «Euskal literatura globalizazioaren aroan» izeneko hitzaldiarekin, hurrena Galarreta, bere bidai liburuen zatiak irakurriz, ondoren Kerman Miner, bere olerkiekin, gero Tudelak jarraituko zuen, «Emigrazioaren irudiak XX. mendeko euskal testuetan» aipatuz, eta Agurtzanek eta neronek emango genion amaiera saioari, ipuin banarekin. Dena gaztelaniaz, jakina. Testu zatiren bat edo beste euskaraz irakurtzeko aukera aipatu genuen eta katedradunek esan ziguten posible izango zela, are, komeni zela, neurrian eginez gero.

        Saiora arteko orduak Corrientes kaleko saltoki eta liburu-dendetan igaro genituen. Bazegoen zer begiratua. Agurtzane eta Kermanekin ibili nintzen, pozik katedradunak atzean utzi nituelako. Agurtzane neska zintzoa zen, txit angustiatua, baina argia. Bere ipuingintza ezagutzen nuen apur bat, prentsan zatiren bat edo beste irakurtzetik. Tematika femenino-feminista zen berea, ipuin intimista konprometituak. Kerman olerkari neo-sentibera horietakoa zen, pertsona larrientzako problematika serioei baino gauza txikiei erreparatzea nahiago zuena, bere «nitasunetik». Not my cup of tea, esaten denez. Baina mutil ona. Eta, batez ere, miresmena zidaten. Biek ala biek. Nabari nuen errespetua zidatela. Ziurrenik ikastetxean nire liburuak eman zizkietelako irakurtzeko, eta horiekin hasi zirelako literaturara hurbiltzen.

        Ordu pare bat igaro ondoren liburu zahar nahiz berriz jositako apalen artean, gustu guztietarako liburu-dendak baitzeuden han, eta ehunka gainera, atsedentxo bat hartzea deliberatu genuen. Etorbidearen perpendikularrean patioa zeukan bar bateko terrazan jarri ginen, udazkeneko eguzki printza ahultzen hasiez gozatzeko. Coca-Cola Zero bana hartu zuten. Garagardoa nik. Agurtzanek deia jaso zuen mugikorrean. Katxalyn guregana zetorren. Agurtzaneri galdetu nion ea bere mugikorrak hasieratik funtzionatzen zion, alegia bidaiaren hasieratik. Baietz esan zidan. Nirea motxilatik atera nuen eta piztu. Funtzionatzen zuen. Emazteari sms bat bidali nion, dena ondo zihoala esanez eta telefonoa bazebilela. Bidaltzeko botoiari sakatzean konturatu nintzen Donostian gaueko hamarrak izango zirela. Ez zen beranduegi mezua bidaltzeko.

        Katxalyn atsedena hartuta zetorren, siestaren onura aurpegian. Ederra zegoen, saiorako jantzita. Hau da, oraindik ederrago. Hain ederra ze ez nekien nola begiratu hertsagarria edo pisua bihurtu gabe. Begirada neutro bat aurkitzen saiatu nintzen, trisomiko baten aurrean egokitzean hartzen dugunaren antzekoa. Horrez gain, tarteka, begiak beste zerbaitetan finkatzen ahalegintzen nintzen, bere hazpegi harmoniatsu eta gorputz ikusgarriaren erakarpenari erresistituz. Batere ez begiratzea ere baneukan. Baina hori sakrifizio handiegia zatekeen, sufrimendu iturria, eta, funtsean, naturari egindako iraina. Berak harridura apur batekin begiratzen ninduela ohartu nintzen bat-batean. «Non utzi dituzu katedratikoak?» galdetu zidan, zirika. «Arinegi doaz ni bezalako zahar batentzat» erantzun nuen, borroka dialektikorako prest. «Zer moduz dago hemengo garagardoa?». «Tira...». «Nahi al duzue beste edari bat?» galdetu zigun denoi jarraian. Agurtzanek eta Kermanek ez zuten ezer nahi. Bigarren garagardoa eskatu nuen, ez bakarrik uztearren. Berak Coca-Cola Zero bat. Saioaren nondik norakoez eguerdian adostutakoa aipatu genion. «Hortaz, ni hasiko naiz?» ondorioztatu zuen, pozik. Altxatzeko ordua iritsi zitzaigunean gure azken bi edariak ordaindu nahi izan nituen, baina ez zidan utzi. «Nirea da plazera, gizona» bota zidan.

 

 

Laurak Bat euskal etxea zen, esapidearen zentzu literalean. Euskal estiloko etxea, alegia, zurezko egitura, armarri eta guzti. Bertako jendeak harrera beroa egin zigun. Adinean sartuak ziren gehienak, euskara zekiten askok, kurioski gurea baino egiazkoagoa zirudien euskara, ederragoa behintzat, hitz batean esateko: euskara batua baino lehenagokoa. Bisita eginarazi ziguten lehenik, eta aurkezpen zeremoniatsua izan zen denona. Argentinar estilora: hitzez oparo, diruz urri. Politikariek erabili ohi duten moduko atril bat zeukaten jarria aretoaren erdia estaltzen zuen oholtza finkoaren erdian. Ikurrina margotu bat zen atzealdeko pareta osoa. Pixkanaka, jende gazteagoa ere hurbildu zen, laneguna amaituta. Baita argentinar ez-euskaldun batzuk ere, gerora jakingo nuenez. Literaturzaleak.

        Zutabeen garai mingotsenera itzuli ninduen Katxalynek saioari hasiera emanez irakurri zuen ipuinak. Sentsazioa, gainera, are mingarriagoa izan zen gaztelaniaz irakurri baitzuen bere ipuina, adostu moduan. Militante gazte baten atzetik desesperaturik dabilen buruzagi abertzale heldu eta masokista bat zuen hizpide. Eta beste inor ohartu ez bazen ere —kontakizuna euskal politikagintzaren munduan kokatzeko lana hartu baitzuen—, nik ondoegi nekien nori zuzenduta zeuden gezi pozoitu haiek. Tarteka burua atriletik altxatu eta niri begira geratzen zen, irribarretsu. Orduan, irakurketak lehortutako bere ezpain pulpatsuei miazkada batez distira itzuli eta jarraitu egiten zuen.

        Ipuineko politikari adinduak inpotentzia erabatekotik ikusten zuen nola bere erretorika supituki zaharkituta geratzen zen, neska militante ezezagun hark hitza mitin batean lehenengoz hartzen zuen egunean. Eta okerrena zen berak ematen ziola hitza begiz joa zuen neskari, pentsatuz erabaki eskuzabal horren bitartez beregana zezakeela. Hortik aurrera, buruzagi politikoaren gainbehera patetikoaren kontakizuna bihurtzen zen Katxalynen testua. Gizona erdibiturik zegoen: alde batetik, neskari alderdiko promozio bideak ixteko gogo mendekatzailea hauspotzen zion deabrutxoa, bestetik, sedukzio ahaleginari eusteko aholkatzen zion bigarren deabrutxoa. Eta neskak irabazten zuen, nola ez, isileko gerla hura, maisuki erabiltzen jakinen baitzuen balizko harreman sexualaren promesa nahi zuen oro lortzeko gizonarengandik, umiliazioraino.

        Laurak Bat zentroko jendeak txalotu egin zuen ipuina, baina ez gustatu zitzaiolako, baizik eta Katxalynen figura gazte eta limurtzaileak emozio fisikoa eragin zielako han bildutako gizon zaharrei. Ondo nekien hala zena, pertsonarik egokiena bainintzen zirrara hori identifikatzeko. Inoiz Euskal Herriko lurra zapaldu ez zutenei ere herrimina sentiarazi zien Katxalynek. Irakurketa bukatu bezain laster, nola erleek erregina inguratu zuten, «bárbaro!»-ka.

        Niri ipuina bera ere gustatu zitzaidan, norberaren zigorra maitatzea baldin badago. Ez nuen txalotu, ordea, nire gogoeten zurrunbiloan sartu baininduen irakurketak. Jendaurrean biluztu nindutelako sentsazioa neukan eta ez nintzen ausartzen gure delegazio txikiko beste kideei begiratzera, beraiek ere gauza bera ulertu zutela konprobatzeko beldurrez.

        Dena zeukan ipuinak, hots, idazle gisa bilatzen nuen oro. Pertsonaia sinesgarriak, Katxalynek hain berea zuen idazkera ironiko bezain arin hura, probokazioa, eta batez ere tentsioa... Eta, gainera, onartu beharra neukan euskal mundu politikoa erabiltzea ideia aparta zela, modu horretako drama sexuala girotzeko. Ez zen inoiz ikuspegi horretatik tratatua izan gaia. Damuarazi ninduen. Aurretik ideia neroni bururatu ez zitzaidalako.

        Txaloak bildu eta nire ondora etorri zen Katxalyn, Olabarria bere hitzaldia emateko altxatu zenean. Beste toki batean ere eser zitekeen. Agurtzaneren ondoan, esaterako, bi aulki libre zituen, baina nire ondora etorri zen. Delegazioko guztiek zoriondu zuten. «Oso ondo», «Earra, hi», «Hau ez dago argitaratuta, ezta?», «Pikantea, neska, zu bezala». Zerbait esan beharra neukan. Esatea zegokidan. Jendetasunez, besterik ez bazen. Horretarako etorria zatekeen nire albora, erramu koroa niregandik jasotzera. Ez nekien, baina, zer esan. Nola esan. Eta, oroz gainetik, zenbat esan... «Enhorabuena. Fue un agasajo para mis oídos escucharla a vos» hartu zidan aurrea atzeko lerroan zegoen euskaldun-argentinar agure batek. «El placer fue mío, señor» erantzun zion Katxalynek. Hari ere.

        «Dedikatzea baino ez zitzaizun falta» esateko gogo bortitzak hartu ninduen bat-batean, baina lapsus nabarmenegia zatekeen eta definitiboki jokoz kanpo utziko nindukeen halako portaerak. Horren ordez, «Zer, gustatu da, ezta?» hotz bezain narritagarria atera zitzaidan. Oheratu arte eduki nuen buruan bueltaka nire iruzkin hori. Ezin nuen trenkatu egoki jokatu nuen ala ez. Egoki moralki —berriro ere haginak sartu baitzizkidan suge hark, eta min egiteko asmoz gainera—, eta egoki taktikoki —bere eraso horien bitartez beste zerbait adierazi nahi zidalako itxaropena ez bainuen erabat galdua.

 

 

Oro har, gure saioa nahiko ondo joan zen. Luzeegi, aukeran. Katedradunak «pasatu» egin ziren beraien hitzaldiekin. Ordu erdi luze bakoitzak. Agurtzane eta Kerman poliki aritu ziren, beraien mailan. Hasiberrienean, esan nahi dut. Agurtzaneren ipuina, alabaina, kurioso samarra izan zen. Harreman safiko bat kontatzen zuela iruditu zitzaidan, baina ez nengoen seguru. Euskaraz irakurri zuen eta narrazioko izenordainak ez ziren, hortaz, lagungarri anbiguotasuna argitzeko. Kerman bere amonaz aritu zen, emozioa sortu nahi bide zuen testu batekin. Galarretaren bidai kontakizunak ez zuen interes handiegirik piztu. Poztu nintzen. Saharako tuaregen artean egindako egonaldia zuen kontagai. Han aurkitu omen zuen «gure mendebaldeko munduan galdua dugun egiazkotasuna». «Bejondeiala, eta gelditu han, izan hadi txit egiazkoa, gure partez» pentsatu nuen neure artean. Eta nirea, bada, pasiorik gabe joan zen, baina ondo hartu zutelakoan nago. Olabarriak nire izenari dagokion ponparekin aurkeztu ninduen, eta biolentzia politikoaren zeharkako salaketa zen aspaldi samarreko kontakizun argitaragabe bat irakurri nien, ordenagailuko disko gogorraren zokoren batetik erreskatatua. Laurak Bat zentroko gizon trajedunak niregana hurbildu ziren bukaeran, zoriontzeko eta bat egiteko terrorismoaren gaitzespenarekin. «Ése no es el camino». Bekaizti ikusi nuen nola jende gazteagoa, baita han zegoen kazetari bakarra, Katxalynengana joaten ziren. Ulertu ahal izan nuenez, gazte horiek aldizkari literario bateko erredaktoreak ziren, ez zuten euskal jatorririk, eta elkarrizketa bat egin nahi zioten. Argazkiak ateratzen ibili ziren han bertan. Ez nuen jakiterik izan, belarria luzatu arren, aurretik Katxalynen berri zuten edo saioa entzun ostean aukeratu zuten beraien elkarrizketarako.

        Afarian nigandik urruti jarri zen Katxalyn, Tudela bere babeslearen alboan. Agurtzane eta Kerman «fan»ek eutsi behar izan zioten, hartara, nire aldarte eroriari. Atera zizkiguten milanesek ez zidaten lagundu, bestalde, animoa altxatzen. Hotelera sartzean, berandu izanik ere, telebista piztu nuen, nire ideia ilunei izkin egitearren. Der blaue Engel UFA estudioetako klasikoa ematen ari ziren, eta Katxalynen aurpegia ipini nuen Marlene Dietrichenaren tokian, masturbatzen nintzen bitartean. Aingeru urdinaz zoroki maitemintzen den literatura irakasle zaharraren tokian nor ikusi nuen esatea soberan dago.

 

 

Hurrengo eguneko txango turistikoari uko egin nion. Gaizki lo eginda nengoen, oheratu aurretik masturbatzeak, lasaitu beharrean, urduritu ninduelako. Edo jet-lag-a zen, besterik gabe. Gosarira azaldu eta han bilduak zeuden taldekideei —batzuk oraindik lo bide baitzeuden— esan nien ni gabe joan zitezkeela. Taldea bitan banatu zen. Katedradunek Ateneo liburu-denda ezagunera joateko asmoa zuten eta ondoren shopping pixka bat egitera, Florida kalera edo Pacífico galerietara. Euroa indartsu zegoen eta profitatu behar omen zen, dixit Olabarriak. «Eurorik izanez gero, noski» lerratu zidan belarrira Kermanek. Agurtzanek adierazi zigun gainontzekoek itsasontzia hartu eta Uruguaiko Colonia hiritxora joatea erabaki zutela, egunpasa. Gaueko afarirako denok batzea adostu genuen. Jendea agurtu, egun ona opa eta gelara itzultzeko asmoz altxatu nintzenean, Agurtzanek gelditu ninduen: «Ander, galdera bat. Atzo irakurri zenuen testua aipa dezaket? Berriarako gure egonaldiaren kronika bat idazten ari naiz eta jakin nahi nuen ea aipa dezakedan zure atzoko ipuina. Badakit argitaragabea dela eta, horregatik...». «Noski aipa dezakezula. Ondo jartzekotan, hori bai». «Oso ona iruditu zitzaidan». «Lasai, txantxetan ari nintzen. Besterik?». «Ez. Beno, bai. Zera, nahi bazenu etor zintezke gurekin Coloniara». «Ez, ez. Eskerrik asko, Agurtzane. Hemen geratuko naiz. Ez kezkatu».

        Pena ematen nion. Neska jatorra zen Agurtzane. Formal samarra, baina jatorra.

        Gelara sartu eta berriro puska bat lo egiten saiatu nintzen. Alferrik. Hoteleko mugimendua handia zen ordu horretan. Dutxatu eta janztea erabaki nuen, kanpora joateko. Paseatuko nintzen, eguraldiak uzten bazidan, goibel baitzegoen zerua. Beharbada zinemara joango nintzen. Ondo hartzen ninduen loak zineman, eskuarki. Errezepziora iritsi eta, bertan zegoen bezeroentzako ordenagailua libre zegoela ikusita, aurrean eseri nintzen. Buenos Aireseko jatetxe asiatikoen bila hasi nintzen. Edo italiarrak. Edo errusiarrak. Berdin zitzaidan. Kontua zen milanesarik zerbitzatzen ez zuten toki bat aurkitzea. Papertxo batean markatu nituen zenbait helbide. Ordenagailuaren mahaitxoan Colon antzokiaren prospektu bat ikusi nuen, beste batzuen artean. Bisita nezakeela bururatu zitzaidan. Eta emaztea ekarri zidan horrek gogora, operazalea baitzen. Emazteari sorpresa egitea erabaki nuen, telefonoz deituz, nahiz eta ez izan adostutako eguna. Normalean e-maila igortzea zegokidan egun hartan. Nik neuk jarriak ziren arauak. Baina pozik jarriko zen, ziur. Eta, edozelan ere, banuen beharra berarekin hitz egiteko, nahiko apal sentitzen bainintzen. Mugikorra jakaren sakelatik atera eta zenbakia markatzeari ekin nion. Ez zuen erantzuten. Mugikorraren ordularia begiratu eta Donostian arratsaldeko laurak zirela ikusi nuen. Lanera itzulia zatekeen. Erantzungailua. Mezu bat utziko nion. «Kaixo maitea, zer moduz hor? Badakit ez dela adosturiko eguna, baina bat-batean zure ahotsa entzuteko gogoa izan dut...». Esaldia burutu gabe eten nuen. Katxalyn neukan nire aurrean, ordenagailua hatz erakusleaz seinalatzen zidala. «Deituko dizut geroago» laburtu nuen mezua, nire ahotsak eduki zezakeen kutsu intimoa ezabatuz. «Hartu, hartu. Bukatu dut» esanez laga nion tokia Katxalyni. «Zer, esnatu berria?» galdetu nion, zerbait gehitzearren. «Keba. Footing egitera joan gara goizean goiz, Galarretarekin, ondoko parkera» erantzun zidan. Ez nuen jakiterik izan adarra jotzen ari zitzaidan. «Beno ba, ondo ibili Colonian» itxi nuen elkarrizketa, berari plazer hori ez uztearren. «Ez goaz Agurtzane eta Kermanekin» zehaztu zidan, e-mail bat idazten ziharduen bitartean, begiak pantailari itsatsita. «A, ez?» harritu nintzen. «Evita Peron ehortzia dagoen kanposantura joateko asmoa daukagu Galarretak eta biok. Ederra omen da, badakizu, Père Lachaise argentinarra. Eta gero hortik bazkalduko dugu. Nahi duzu gurekin etorri?». «Beno...» hasperena atera zitzaidan. Benetako proposamena zirudien, ez adeitasunezko esaldi bat. Ez nuen ulertzen, baina, zergatik egiten zidan. Dutxa izoztua eta dutxa beroaren alternantzia etengabea. Bazirudien hori zela nirekiko estrategia. Estrategiarik baldin bazuen. Ezetz esan beharko niokeen. «Zergatik ez. Baina ez dakit, ez nuke neure burua inposatu nahi...». «Ixo, gizona. Proposatzen badizut...».

        Ez zen plan ona. Nekatuta nengoen eta Galarreta ez nuen maite. Antipatia zidan berak ere. Deklaratua eta aspaldidanikoa. Esan dudanez, zimurtzen hasitako «beti errebelde» horietakoa zen, abenturazalearen hiru eguneko sasi bizar kalkulatuegia zeraman beti, «gazte» janzten zen... Eta, oroz gainetik, gaizki idazten zuen. Nahiko saltzen zuen arren, bere mailan. Klasikoegitzat nindukan berak, akademikotzat. Ez bide nintzen aski «alternatiboa» bere gusturako. «Idazle dezimononiko»tzat jo ninduen orain dela hamarkada pare bat ia, Susa aldizkarian atera zuen erreseina batean. Afera da ezin eraman zezakeela ni goragoko kategorian egotea, alegia, benetan profesionaltzea lortu duten euskal idazleen klub hertsian. Ez nion ikusten emakume gazteak maitemintzeko adina kalitaterik —espero nuen Katxalynek gustu hobea izatea—, ezta asmorik ere, itxuraz. Nahiz eta, egia esan, Katxalynengatik ez bazen, ez nuen ulertzen zergatik zihoan Galarreta halako toki bat bisitatzera. Katxalyni behintzat bazirudien ondo zetorkiola Galarreta ondoan edukitzea.

        Hilerriak bazuen bere xarma, baita Recoleta auzoak ere. Toki lasaia zen eta ez zigun euririk egin. Hilobia bera sinplea zen, nahiz ez xumea. Duarte familiaren izena zeraman marmol eta brontzezko etxetxo bat zen, ateduna. «Ba al zenekiten Evita gure Oteizarekin oheratu zela, oraindik Peron deitzen ez zenean?» irakatsi zigun Galarretak. Gogoratu nintzen aurreko urtean Evitaren euskarazko biografiatxo bat argitaratu zuela. Enkarguzko lanak ziren, idaztetik bizitzeko onartu beharrekoak, azaldu zigun aitortu beharraz lotsaturik.

        Jatetxe baten bila hasi ginenean, argentinarra ez zen zerbait bilatzea iradoki nuen, beste behin. Galarretari berdin zitzaion eta Katxalyn bat zetorren nirekin. Baina auzo hartan ia dena zen milanesaduna. Azkenean, ikusirik ni nintzela bakarra beste janari mota bat aurkitzearren urrutirago joateko prest zegoena, bada, amore eman behar izan nuen. Eta jan gabe geratu nintzen, alegia okelarik jan gabe, ondo nekien arren maniatikotzat hartuko nindutela. Entsalada bat hartu nuen, eta zuzenean postrera igaro nintzen, fruta mazedonia. Mahaira ekarri zuten ogi guztia lapurtu nuen, hori bai. Itxura oso tristea izan behar nuen, ezen, kafea hartzen ari ginela, Katxalynek esan baitzidan, bere eskua nirearen gainean utziz: «Nekatuta, ezta? Zoaz lasai hotelera, nahi baduzu. Afalorduan batuko gara denok». Kontsolatu nahi ninduen, indarge ikusten ninduelako. Bizkarra zuzendu, sorbaldak atzera bota, burua altxatu eta nekea ukatu nuen. «Ez da nekea, asperdura baizik». Lehorregi erantzun nion beldurrez, segituan gehitu nuen: «Hemengo janariarekin nago gogaituta». Terraza batean geunden eta Galarretak bere hanka luzeak zabalduta zeuzkan, cow-boyen antzera, orduantxe agertu zen eguzki errainuaz narrastiaren antzera gozatu nahi bailuen. Zigarro bat piztu eta Katxalyni ere beste bat luzatu zion. «Zuk ez duzu nahi izango, ezta?» bota zidan, hamar segundo geroago. «Hotelera joango naiz. Izan ere, biharko ipuina bukatzeke daukat» asmatu nuen gezurra, erretirada mozorrotzearren.

        Kostatu zitzaidan autobus bat aurkitzea. Hogei minutu igaro nituen auzoan itzulika, alderrai, zehazki non nengoen jakitera iritsi gabe, nekatuta. «Cuadra» batetik bestera bidaltzen ninduten bidea galdetzen nien porteñoek. Langarra hasi zuen eta ez neukan aterkirik. Hotelera mela-mela eginda iritsi nintzen, eta hozturik. Eskertu nuen gelako berogailua piztuta egotea. Emaztea deitzea ahantzi zitzaidala ohartu nintzen, baina ez nuen adorerik. Eta, dena den, berandu zatekeen Donostian, beranduegi deitzeko. Bustiak nituen jantziak erantzi, erradiadoreen gainean jarri eta loak hartu ninduen, irekitzeko indarrik izan ez nuen hoteleko ohearen gainean.

        Esnatu nintzenerako arratseko bederatziak ziren. Zortzi eta erdietarako finkatua genuen afaltzera joateko hitzordua. Armairuan aurkitu nituen lehen arropekin jantzi eta errezepziora jo nuen. Han zeuden denak, Tudela izan ezik. Ez nenbilen, agi zenez, oso atzeraturik. Tudela hortik gutxira elkartu zitzaigun.

        Azkenean, jatetxe ez argentinar batean jatea lortu genuen. Mexikarra zen. Baina, ondo begiratuta, egon bazeuden kartan betiko milanesak, guakamole, tako eta antzekoen artean disimulaturik. Behingoz, gustura jan nuen gastronomikoki hain maila apalekoa iruditzen zaidan janari mexikarra. Baneukan premia aldatzeko. Umoretsu egon nintzen, gozatu nuen, lehenengoz abiatu ginenetik, konpainia onean egotea eta etxetik urrun. Ustekabeko lo kuluxkaren ondotik sasoian nengoen, goiz bati dagokion energiaz kargaturik. Beste guztiak, aitzitik, neka-neka eginda zeuden, lotara lehenbailehen joateko irrikaz. Inork ez zuen nahi izan nirekin arratsa luzatzea. Biharamunean egun luzea izango genuen, Buenos Airesetik autoz ordubetera zegoen La Plata hirira joatekoak baikinen bi egunerako. Hango unibertsitatean hitzordua zuten gure katedradunek, bertako ikasleei hitzaldi bana egin eta hurrengo urterako kongresu baten antolakuntza negoziatzeko. Hotelera sartu beste aukerarik ez nuen izan, hortaz, afalostean. Errezepzioko ordenagailuan egon nintzen nabegatzen eta e-mailak ezker-eskuin bidaltzen. Emazteari ezin nionez deitu ordu horretan, bada, mezu luze bat idatzi nion.

        Ez nintzen logale, baina, zer egin ez nekienez, gelara igo nintzen. Nire gelako atea irekitzen ari nintzela, Katxalyn ikusi nuen, Agurtzaneren gelatik ateratzen. Bere gelara iristeko nire aurretik igaro behar zuen. Oinutsik zetorren eta pijaman, hau da, gaurko neska gazteen pijaman: short estu bat zeraman behealdean eta bularraldea doi-doi estutzen zion tirantedun elastiko zuria goialdean. Odola berotu zitzaidan lipar batean. Ilea harrotu zitzaidan, literalki. Urteak ziren nire gorputzak ez zuela horrela erreakzionatzen. Harrituta nengoen. Itxarotea erabaki nuen. Indarberrituta sentitzen nintzen eta, abagunea ikusiz, egoera baliatu nuen: «Eskerrik asko goizeko txangoagatik... Egia esan, jet-lagarengatik porru eginda nengoen, baina ederki pasa dut» aitortu nion, ahapeka ia. «Ez horregatik» erantzun zidan, ozen, aharrausi eginez. «Gonbidapen bat zor dizut» ausartu nintzen. «Ez zaude zorretan, gizona. Gure literaturaren historia puska batekiko adeitasuna gutxienekoa da. Gabon». Eta bigarren aharrausi bat egin zuen urruntzen zen bitartean. Dutxa hotza.

        Short estuek ikusten uzten zuten bere ipurmasail perfektuen dantzarena izan zen nire gelara eraman nuen eguneko azken irudia. Ahoa eskuaz estaltzeko lanik hartu gabe egin zituen aharrausi horiek, egiazkoak ziruditen arren, narritatu ninduten, zera esan nahi baitzuten, bost axola nintzaiola. Bere hitzek ere ez zuten besterik adierazten, hotzean aztertuz gero. Amorratzen nengoen. Oroitu nintzen Recoletan geundenean nola utzi zuen bere eskua nirearen gainean. Armairuko ispiluaren aurrean paratu nintzen, galtzetan baina soin-hutsik. Oraindik ere lerdena nintzen arren, arnasa moztu eta tripa sartu behar izan nuen soslai onargarria lortzeko. Beso, abdomen nahiz bularretako giharrak batera uzkurtu nituen hurrena, eskuak izterren parean elkartu eta besoez pintza bat osatzen nuela, kulturisten antzera. Behialako muskulazio saioen arrastoek hor zirauten. Baina horixe ziren, arrastoak. Laurogeiko hamarkadan, gimnasioak modan jarri zirenean, astean bitan joan ohi ginen emaztea eta biok. Bereziki harro egoten nintzen nire bular giharrez. Egia esan, ez zuten bolumenik batere galdu. Bai ordea tentsioa. Horregatik, indar egiteari uzten nion unean berean nire bularrek itxura femeninoa hartzen zuten, beheranzko joera nasaia. Titiak neuzkan. Haatik, ez nengoen txatarreriarako. Irritsek bizi ninduten oraindik. Nire baitako gizontasuna hiltzen ziharduen Katxalynek, gupidagabe, eta arrazoirik gabe. Aurpegia gorritzen hasia zitzaidala ispiluan ikusita, kolpez hustu nituen birikak. Tripak kanporanzko joera nasaia berreskuratu zuen. «Urdanga» atera zitzaidan. Eta masturbatzeari ekin nion, begiak itxiz bere ipurmasailen dantza hobeto bisualizatzearren.

        Baina laster utzi nuen ekina. Lanen zorroan nituen orri zuriak hartu eta idazten hasi nintzen. Aspaldiko partez ideia on bat bururatu zitzaidan. Idatziko nuen ipuin berriaren bukaera etorri zitzaidan. Gainerakoa asmatzea baino ez zitzaidan falta, eta ez zen zailegia izango, hain bukaera bikaina edukita.

 

 

Gauaren zati luzeena igaro nuen idazten, kafearen beharrik gabe, amorruaren laguntza hutsaz. Egunabarrak idazten harrapatu ninduen. Ordulariari begiratu eta ohartu nintzen ordu bat bakarrik geratzen zitzaidala gosaldu aurretik. Uste baino luzeagoa ateratzen ari zitzaidan ipuina. Saiatu nintzen lo apur bat egiten, baina ipuinaren egiturari buruzko kezkak eta ideia berriak dantzan zebilzkidan buruan. Azkenean lorik batere egin gabe azaldu nintzen gosarira. Berriz ere kale egingo niela adierazi nien taldekoei. Alegia, ez nindoala La Platara. Barkatzeko, ipuin berri batekin lanean ari nintzela, eta ostegun gaueko irakurraldian aurkezteko asmoa neukala. Esan zidaten pozten zirela inspirazioa berraurkitu bide nuelako. Zoro baten itxura izan behar zuen nireak, ikusita nola begiratzen zidaten. Ohartu nintzen jertsea alderantziz jarrita neramala, Benetton logotipoa bizkarraldean. Abiatu ziren. Lotara joan nintzen.

        Ordu batak aldera jaiki nintzen. Egun ederra zen. Airea epel zetorren itsasaldetik, ipar-ekialdetik beraz, ondorioztatu nuen. Hotelaren ondoko supermerkatu batean edateko jogurta, lau sagar, almendrak, ogia, eta izokin keztatu xaflak erosi nituen. Gelara itzuli, CNN aurrean jan eta asteartea zela jakin nuen. Erreskate plan eskergak iragartzen ari zen George Walker Bush. Finantza erakundeek diru injekzio ikaragarriak behar omen zituzten krisitik irteteko. Hortaz, ia bi egun neuzkan ipuina bukatzeko. Kalkulatu nuen Centro Vasco Euskaltzaleak-en emango genuen saiorako lehen bertsio irakurgarria bukatua izango nuela. Testuaren orrazketa, berriz, bidaiaren ondoren egingo nuen, presarik gabe.

        Biharamun gauean itzuli ziren taldekideak La Platatik eta ondoko eguneko gosarian baino ez nintzen elkartu beraiekin, ostegun goizean beraz, berriro lotara sartu aurretik.

 

 

Saio aurretiko azken arratsaldea lasai joan zen. Edo ni nintzen, hobeto esatearren, lasai nengoena. Goizeko loaldiak berritu ninduen. Baina, batez ere, azken hirurogeita hamabi orduetan burututako lan eskergak urte osoan ez idazteagatik pilatutako kontzientzia txarraren bihotzerrea kendu zidan. Ez neukan tentsiometrorik, baina apustu egingo nukeen apaldu zitzaidala tentsioa, pastillarik hartu gabe hiru egun, osoak, neramatzan arren. Aspaldiko partez idazle sentitu nintzen berriro. Katxalynek sartu ninduen zulotik ateratzeko modua aurkitu nuen azkenean. Ipuin berriarekin, gainera, ezohikoa zitzaidan idazteko modu bat esperimentatu nuen, estilo desberdin bati hasiera eman nion, neure burua berrasmatu nuen. Baten bat bere aulkitik erorarazteko moduko testua zelakoan, irrikaz nengoen taldekideen aurrean irakurtzeko. Katxalynen aurrean bereziki.

        Argentinako lehendakaritzaren egoitza den Casa Rosadaren inguruak bisitatu genituen. Puerto Deportivoa, Catedral Metropolitana neoklasiko ikusgarria. Hiriko metro linea zaharrenean itzuli ginen gero hotelera, garaiko zurezko bagoi batean. Arropaz aldatu, gure testuak hartu eta abiatu ginen.

        Centro Vasco Euskaltzaleak ez zegoen hoteletik urruti. Autobusez iristea zegoen, aldaketa bakarra eginda. Halere, taxia hobetsi genuen. Merkea zen guretzat, eta uste baino justuago genbiltzan denboraz. Euskaldunak ote ginen galdetu zigun gidariak. Berak ere euskaldun jatorria omen zuen. Guztiz sentimentala jarri zen Kermanek Ataun aipatu zionean. Bere birraitona ataundarra zen. Ez nekien, jada, zer pentsatu, ordura arte hartu genituen taxista guztiek zutelako familia euskalduna. Bezeroari gehiago ordainarazteko jukutria ote zen? Eusketxe-Casa de la Cultura Vasca jartzen zuen eraikin baten aurrean gelditu ziren gure bi taxiak. Ezetz esan genion gure txoferrari, Centro Vasco Euskaltzaleak zela gurea. Baina hark, larritu gabe, hau zela esan zigun, «México 1880, ¿viste?». «Zer dio honek? Iraultza mexikarraz berba egin nahi du, ala?» urduritu zen Kerman. Baina, Olabarria bigarren taxitik jaisten ikusi genuenean, dirua atera eta ordaindu egin genion gidariari.

        México, kalearen izena zen, eta 1880, berriz, zenbakia. Luzeak ziren hemengo kaleak. Eta Elkarte mordoxka baten egoitza zen eraikin hura, besteak beste Eusketxe deitzen zuten Casa de la Cultura Vascarena eta Centro Vasco Euskaltzaleak-ena. Giro gaztea topatu genuen, Laurak Bat zentrokoa baino ezkertiarragoa, nolabait definitzearren. Ibarretxeren autodeterminazio eskubideari buruzko kontsultaren aldeko afixak zituen eraikinak kanpoko erakusleihoan, eta euskara ikasten ziharduen bertan jendeak, serioski, zirudienez. Hortik, apika, irakurketen erdia euskaraz egiteko eskakizuna.

        Olabarriaren hitzaldiarekin hasi zen saioa. Gaztelaniaz jardun zuen, sarrera hitzak kenduta, euskal narratiba garaikidearen lorpenez. Gure sari nazionalak, gure autore itzuliak, gure best sellerrak, gure sistema literarioaren garapen azkarra... Lehen lerroan eserita geunden delegaziokoen arteko begirada nahiz irribarre gurutzatuek bertakoek ikusi ahal izan ez zuten iruzkin isila osatu zuten. Rabinoak elkarri begira bezala geunden, barrutik irriz. Ez zegoen Olabarria bezalakorik euskal literatura munduan saltzeko. Tudelak hartu zuen segida. Bere aspaldiko tesi gaiaz aritu zen —ohiturazko eleberria— pilotu automatikoa jarrita eta kontestura zertxobait bat egokituz: emigrazioa eta indianoaren irudiaren ikuspegitik heldu zion gaiari. Gero, Kerman eta Agurtzane aritu ziren, euskaraz. Harrera beroa izan zuten, nahiz ez dakidan zenbateraino ulertu zituzten entzuleek. Egia da Kermanen testuak errazak zirela, iluntasunik gabeak, xumeki idatziak. Horrek ere lagunduko zuen. Bere herriko gauzez mintzo zen, bere familiaz, bere sentimenduez. Ez nuen oso ondo ulertzen zertarako idazten zuen, zer interes izan zezakeen, baina bazirudien gustagarria egiten zela. Beste behin ere, oraingoan inolako anbiguotasunik gabe, Agurtzanek emakumeen arteko harreman bat izan zuen hizpide bere irakurketan. Ez zirudien taldeko besteak harriturik zeudenik. Ni nintzen, antza, bere lesbianismoa deskubritzen zuen bakarra. Pausa bat eskaini ziguten ondoren. Eusketxeko gazte ilehori eta bizarluze cool batek kanta pare bat bota zuen, gitarra lagun zuela eta euskara txukun batean, neo-Iparragirre kanutozalea bailitzan. Euskal dantzarik ez ziguten inposatu, pintxo txit goxoak eta ardo balekoa atera zizkiguten, eta berriro ekin genion saioari.

        Katxalyn mikrofono aurrean paratu zenean, eskuak izerditzen sentitu nituen. Jipoiaren beldurra zen. Zenbait egunez ahaztea lortu nuen beldurra. Ezagunegia nuen beldurra. Gaztelaniaz hasi zen eta adi zituen denak. Nola ez. Bataz besteko edertasun maila aise gainditzen zuen neska izateaz gain, karisma zeukan deabru hark.

        Bere irakurketaren azken hitzeraino beldurraren menean egon nintzen, esaldi sastakaien peskiza ikaratian. Baina ez. Ez ziren etorri esaldi horiek. Ez naiz ondo gogoratzen zertaz ziharduen ipuinak, baina ez zegoen inolako erasorik nire aurka, ez literalki ulerturik ipuina, ezta alegorikoki ere. Txalo zaparrada luzea bildu zuen Katxalynek eta bere jarlekura itzuli zen, nigandik urrun, lerroaren beste muturrean. Lasaitua hartu nuen, oraindik sinesgogor nengoen arren. Baina laster atsekabe txiki bezain mikatzak gaina hartu zion lasaituari. Gutxietsia sentitu nintzen. Inoratua. Eta okerragoa zen sentipen hura. Nire jipoi dosiaren faltan ikusi nuen neure burua, ustekabean. Laster nire txanda zetorren eta horrek bakarrik kontsolatzen ninduen.

        Galarretaren irakurketa ona izan zen. Ez da gozoa onartzea, baina ona izan zen. Hark ere, nire moduan, Laurak Bat-eko saioan erdipurdi aritu ostean, tiroa zuzendu nahi izan bide zuen. Bidai kontakizunena utzi eta bere behialako olerkigintzaz akordatu zen. Eta ez zen poeta txarra. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zituen, tarteka itzulpena eginez, bestetzuetan lan hori hartu gabe. Gauza berriak ere sartu zituela zin egingo nuke. Eta osotasunak bazuen halako xarma berezi bat, sintzeritate bat. Eusketxeko gazteei izugarri gustatu zitzaien, txistuka eta oihuka agurtu baitzuten performancea, hura rock kontzertua bailitzan. Galarretaren look narrats-zainduak bazukeen zeresanik, noski, harreraren beroan, baina ez zen hori bakarrik izan, aitor dezadan.

        Ez zizkidan gauzak erraz jarri Galarretaren arrakastak. Ni nintzen azkena eta aurrean neukan jende gaztea poltsikoratzea erronka handia zen. Baina prest nentorren. Munizioz kargatuta.

        Eztanda egiteko prest zegoen artefaktua nekarren. Katxalyni zuzendutako bonba. Hiru egunez, hoteleko gelatik ia irteteke, muntatu berri nuen mekanismo narratibo bat zen, bukaeran pum egiten zuena. Eta eztanda horri su artifizialek jarraituko zioten, denak ooo luze bat egitera behartuz. Edo hala uste nuen.

        Euskaraz aritu nintzen. Haatik, testuak ez zeukan zailtasun linguistikorik. Nire ohiko estiloa —esaldi korapilatsu sasi-proustianoz hornitua— baztertu eta esaldi labur bezain zorrotzak zizelatu nituen. Testuak gure bidaia zuen inspirazio iturri, eta apenas hartu nuen jatorri hori mozorrotzeko eskrupulurik. Idazle talde baten gorabeherak nituen aipagai, tournée literario batean idazleen artean gertatzen edo gertatzen ez ziren talka eta igurtziak, herrak eta irritsak. Tartean idazle beterano bat zegoen, Rafa, eta idazle gazte bat, Matxalen. Bien arteko harremana zen ipuinaren muina, nahiz bidenabar euskal literaturaren mixeriak azaleratzeko ere baliatzen nuen abagunea. Viagra hartzen hasitako idazlea zen Rafa, idazle handia, nahiz ez zen bere belaunaldiko mediatizatuena, eta bere gainbehera biologikoarekin obsesionaturik bizi zen. Matxalen kosta lain kosta arrakasta lortu nahi zuen idazle hasiberria zen, bere erakargarritasuna oso modu zinikoan erabiltzen zuena literatur sisteman gora egiteko. Bien artean harreman sado-masokista bat ernetzen zen, non gizonak gaztetasun berri bat bilatzen zuen Matxalenen bitartez eta neskak, berriz, idazle handiaren prestigioaz baliatzea bere irudia eraikitzeko. Sexu harremanaren promesa erabiliko zuen Matxalenek Estatu Batuetara egindako bidaian, Rafarengandik laudorio publikoak eskuratu eta editore amerikar baten argitalpen promesa erdiesteko. Baina idazle handiari zorra ordaintzeko unean Matxalenek barre egingo zion aurpegira, Viagrarengatiko erekzio alferrikako bezain amaigabearekin utziz Rafa, hoteleko gelan. Taldeko idazle gazte batekin oheratuko zen Matxalen gau hartan, eta bidaide guztiei jakinaraziko zien biharamunean.

        Ipuinaren puntu horretara iristean, ura edateko gelditu nintzen. Arnasa hartu eta gelari behakoa eman nion. Jendea adi neukan. Baita gazte argentinarrak ere. Neo-Iparragirrea bera ere kontzentraturik nekusan. Edo, apika, euskara ulertzeko egiten ari ziren indarra zen bertakoen aurpegietan nekusana. Katxalyni begiratzeko tentazioa izan nuen. Ordurako ohartua zatekeen bere ipuinaren remake bat zela nirea, erantzun bat. Baina eutsi egin nion. Lehen lerroko taldekideetako bakarrari begiratu nion, Agurtzaneri, nire fan-a, bidaia horretako itsasargia. Deseroso zirudien.

        Boiseko unibertsitatean irakurraldia egin ondoren, ipuineko idazle taldeak Renora jotzen zuen, bidaiako azken saioa egiteko. Rafak testu berri bat irakurtzen zuen saio horretan, bidaian idatzitakoa. Testu hura mendeku bat zen, baita Matxalenekin noizbait zerbait gertatzeko ametsari egindako azken agurra. Hotelean, kabletik pasatzen ari ziren American beauty filma ikusten ari zela, bururatu zitzaion Rafari istorioaren ideia. Kevin Spaceyk interpretatzen zuen pertsonaiarekin erabat identifikatuta sentitu zen Rafa idazlea eta Matxalenen bertsio ilehoria ikusi zuen neska perbertsoaren paperean. Matxalenen antza zuen pertsonaia baten deskribapen sarkastiko eta iraingarria burutzen zuen Rafak bere testuan.

        Harrigarriro, baina, Matxalenek azken saioaren gauean Rafaren gelara jotzen zuen hotelean. Aitortzen zion gustatu zitzaiola publikoki iraindua izatea, ohartu zela beharbada, inkontzienteki, horren bila ibili zela, horregatik izan zela hain krudela Rafarekin, bere erreakzio bortitza itxaroten zuelako, desiratzen zuelako umilia zezan. Rafak, orduan, ikusten zuen nola eskaintzen zitzaion Matxalen, arima eta gorputz, gehiago eskatuz, irainduz larrua jo ziezaion eskatuz. Eta, mirakulua, «Viagraren laguntzarik gabe hanpatu zitzaion zakila. Irmo zeukan aginte makila, aterik pisuenak kolpeka botatzeko prest».

        Nire bihotz taupadak entzun nituen irakurketaren une horretan eta horrek gelditu egin ninduen une batez. Mikrofonotik entzun ote zitezkeen galdetu nion neure buruari, kezkaturik. Txarra iruditzen zitzaidan, supituki, idatzi nuena. Zabor hutsa. Erridikulua. Edo geniala. Ez nekien. Arnasa lasaitzen ahalegindu nintzen orduan, behiala emazteak eramaten ninduen yoga klaseetan ikasi moduan, tripatik hartuz. Alferrik zen. Azeleratua nengoen. Jarraitzea zen hoberena. Hurbil nuen bukaera.

        Matxalen bortizki biluzten hasi zen Rafa. Jertsea erauzi eta ohe gainera bultzatu zuen. Ahuspez jarri eta gona kendu zion hurrena, gogor tiratuz. «Urdanga!» egiten zion oihu behin eta berriro. «Esan ezazu ni naizela inoiz irakurri duzun autore hoberena, oihukatu! Ozenago!» agintzen zion. «Nire testuek alua umeltzen dizutela esan!» exijitzen zion. Eta Matxalenek hori eta gehiago esaten zuen, oihuka, benetan beroturik. Eskuez bularrak inguratu, ferekatzera bailihoan, eta bularretakoak erditik hausten zizkion Rafak. «Rafa, Rafa, Rafaaa... Nobel saria merezi duzu, larru jole onenaren Nobel saria!» esaten zion Matxalenek orduan. «Noski merezi dudala, urdanga analfabetoa!» egiten zuen orro Rafak, kuleroa ere urratzen zion bitartean.

        Azken arnasa hartu nuen, esaldiko azken paragrafoari ekin aurretik:

        Matxalenen pubis ilegabea ikusi zuen orduan Rafak. Pelatua zeukan. Interneteko porno aktoresen moduan. Eta zakila erori egin zitzaion. Ez zituen maite alu soilduak. Ez zen, ez, alferrik beste belaunaldi batekoa. Berriro janzteko esan zion Matxaleni eta bidali egin zuen gelatik.

 

 

Alkoholezko errekastoak dira nire zainak. Argi more eta gorrien joan-jinak saguzar anfetaminatuen hegaldia dirudi. Eta zeinen ondo mugitzen duen gorputza Katxalynek. Ziur nengoen. Banekien dantzari aparta zela. Ni ez nago dantza pistan. Ezta beharrik ere. Banketa bigun batean nago, hanka bat luze eginda banketaren gainean eta gaueko laugarren gin-tonicari eusten dion besoa Kermanen sorbalda gainean bermaturik. Hogei urte ditut berriro. Ezin dugu hitz egin, dezibelioz puztuta baitago lokala. Berdin dio, oihuka dihardugu, onomatopeiak onomatopeiei josiz. Agurtzane ere dantzan ari da, ez Katxalyn bezain ongi, baina poz berberaz. Euren adinari dagokion gorputzaren berezko pozaz. Galarretak badaki mugitzen, kabroi halakoa. Tipo jatorra da azkenean. Sutsuki zoriondu nau orain dela lau ordu, nire irakurketa bukatu dudanean. «Putamadrekoa, hi» izan da bere analisi literarioa. Ezin zaio askoz gehiago eskatu. Kerman ere etorri zait zoriontzera, baina ez dut uste entusiasmaturik dagoenik nire ipuinarekin. Nire ipuina ez bide da konpatiblea bere olerkari sentiberatasunarekin. Triste samarra da mutikoa. Agurtzane ere ez dut oso liluratua ikusi ipuinarekin. Nire ipuina ez bide da konpatiblea bere feminismoarekin. Apika beraiek eginda zeukaten nire irudia apurtu egin diet. Idazle handiaren papera jokatzeari utzi diodalako, inolako aurreseinalerik gabe. Olabarria eta Tudela deseroso ikusi ditut, baina Centro Vasco Euskaltzaleak-eko arduradunen ondoan zeudenez, ez da harritzekoa. Eusketxeko neo-Iparragirreak bere gitarra gainean autografoa jartzeko eskatu dit. Niri bost, halere, hauek guztiek pentsatzen dutena. Katxalyn zen inporta zitzaidan bakarra. Eta malezia ikusi dut bere begietan. Eta irribarrea ezpainetan. Ez dit deus ere esan. Baina hemen nago. Eta horrek dena esan nahi du. Palermo Viejo auzoko gauean, katedradunengandik urrun, gazteen tribuarekin, euretako bat bihurturik. Bataila bat irabazi dut. Klasikoen hilkutxatik ateratzea lortu dut.

        «Hik ez al duk dantzatu behar?» animatu dut Kerman. Bosgarren Cosmopolitana du, nire burmuin blaituek ez banaute traizionatzen, eta ez bide du nahikoa gorputza askatzeko. Are, gero eta urduriago sumatzen dut gizajoa. A ze fans-ak nireak! Total loosers. Ondo nago. Oso ondo. Bero-bero. Bizirik. Eta ez dakit haluzinazioak diren, baina iruditzen zait Katxalyn niretzat ari dela dantzan. Tarteka begiratzen dit, ez luzaz, baina arestian ikusi diodan malezia berarekin, irribarre berberarekin. Uste dut. Ziur ez zuela pentsatzen gai nintzenik horrelako gauzak idazteko. Hori behintzat zor diot: oroitarazi dit zergatik hasi nintzen idazten. Jendea harritzeko, harrapatzeko, botere hori izateko irakurlearengan. Hitzen boterea. Hitzak arantzak dira, esaldiak muturrekoak, literatura mehatxu bat. Urtetako lozorrotik aterarazi nau. Kobazulotik atera da hartza. Eta gose da.

        «Zigarro bat erretzera noa» azaldu da Katxalyn mahaira. Banketaren muturrean utzitako bere txamarraren sakelatik paketea eta txiskeroa atera ditu. Ez da baieztapen soila izan, gonbidapen inplizitua baizik. Eta ezin esan izan dio hori Kermani. Gizajoa, eusten ez badiot eroriko den beldur naiz. Niri zuzendutako esaldia izan da. Altxatu naiz. Ez dudala erretzen gogoratu zait... Baina gaztetan erretzen nuen, zer arraio. Kanpora jarraitu diot.

        Airea hozkirria da, ortzia izartsua. Placita Julio Cortazarren gaude. Borobila da. Jatetxeak eta ostatuak, ez dago han besterik. Eta gazteak. Trumilka.

        Zigarroa luzatu dit. Hartu dut. Piztu dit. Atxiki luzea. Oso aspaldiko lehena. Eztularen bulkada. Eutsi diot nola edo hala.

        Nor hasiko da hitz egiten? Ez dut gauza arruntik esan nahi. Esaldi asko probatzen ari naiz neure baitan. Ez naute konbentzitzen. Ez bide dauka berak ere presa handirik. Zigarroa gozatzen ari da. Besterik gabe.

        «Sartu barrura!» oihu egin digu Agurtzanek klubaren atetik. Madarikatu dut nire fana. «Oraintxe, ze ateak ixtera doaz. Ordaindu egin beharko duzue sartzeko, ez bazarete etortzen». Zigarroa ezin izan dut amaitu eta lotsa ematen dit horrela botatzeak. Konturatuko da ez dudala erretzeko ohiturarik. Hiru atxiki eman dizkiot jarraian, ahalik eta luzeenak, laster kontsumitzearren.

        Berriro sartu gara. Agurtzanek azaldu digu, «Hau karaoke bihurtuko da orain, eta sarrera kobratu egiten dute hemendik aurrera». Jendearen berbak nabarmentzen dira musikarik gabe geraturiko lokalean. Mahaitxoak paratzen dihardute zerbitzariek orain arte dantza pista izan den eremuan. Jende mordoa dago atarian, karaoke saiorako sartu nahian. Eztabaida daukagu. Galarretak beste leku batera joan nahi du. Katxalyni nagikeria ematen dio mugitzeak. Agurtzane han gelditzearen aldekoa da eta, ez hori bakarrik, abesteko asmoa du. Niri gustatzen zait karaokearen ideia. Ez naiz inoiz halako batean izan. Eta beste abantaila bat ere ikusten diot kontuari: gure arteko adin tartea ez da hain nabarmena suertatuko dantzarik ez dagoen toki batean. Kermanek ez du iritzirik. Geratuko gara.

        Shakirarena omen den kanta batekin hasi da karaokea. Aurkezleak eta guzti ditu saioak. Bi argentinar dira, gorbata eta trajedun gaztetxoak. Uniformea ironikoa da, jakina. Baina darabilten hizkeragatik eta umore motagatik, ezagun dute familia onekoak direna, burgeskumeak, errebeldealdia bizitzen. Bosgarren gin-tonica eskatu diot denon eskariak zerrendatzen ari den Galarretari. Ez dakit gorputzak nola erantzungo didan. Ohitura galdua daukat. Baina buruak baietz esaten dit. Izena eman dut gero kantatzeko. Zoratuta nago. Ez dut inoiz kantatu jendaurrean. Agurtzanek eta Katxalynek elkarrekin abestuko dute, eta Kermanek ere izena eman du!

        Kanta gehienak ez ditut ezagutzen. Euskal kanta berriaren ugatzetatik edoskiz hazi nintzen 70 urrunetan, Rock Radical Vasco-ak zaharregi harrapatu ninduen gutxigatik, eta klasikora zein jazzera pasatua naiz aspalditik. Agurtzane guztiz urduri dakusat, saltoka ia banketan, laster txanda datorkielako. Katxalyn gerritik hartuta dauka. Gomutan hartu dut nire gazte denborako koadrilako giroa. Gu ere elkar ukituz ibiltzen ginen uneoro, neskekin uzkur, baina mutilen artean promiskuitate handiaz. Txaplakoak, bostekoak, lepo estutzeak, boxeo saio alegiazkoak. Kontua elkar ukitzea zen, taldeko partaide ginela sentiarazten gintuen horrek. Neska koadriletan, aldiz, beste kode batzuen bitartez adierazten zuten elkartasuna. Ferekak, ile orrazketak, dantza, esku-jokoak... Agurtzane eta Katxalyni begira ohartzen naiz ez direla gauzak hainbeste aldatu. Neskek neskekin komunera joaten jarraitzen dute.

        Igo dira taula gainera. Abestu dute maitasun kanta lelo bat, espainola edo hegoamerikarra, ez dakit. Licor del polo, Kermanek esan didanez. Hortzorea bezala. Edo Jarabe del polo esan al dit? Koreografia antzeko bat egiten dute, eskuaz borobilak eginez airean. Eta gero elkarri begira kantatzen dute errepika, bekokia bekokiaren aurka. Agurtzanek hamabost urteko nerabea dirudi, txiribita ireki berria, ihintzaz bustia oraindik. Bere depre airea haizatu zaio, behingoz. Katxalynek ez, ez dirudi nerabea. Bere-berea duen malezia definigaitz horrek beste maila batean jartzen du. Desiragarria egiten duen maila. «Gustatzen zaizu?» galdetu dit, Kermanek.

        Ez dakit zer erantzun. Ezustean harrapatu nau galderak. Baina ez nago erabat ziur galderaren zentzuaz. Musikaz ari ote zait galdetzen, abestiaz alegia, edo besteaz? Galarretak eragotzi dit pauso hutsa ematea: «Hiri ez zaik gustatzen akaso? Muzin egingo hioke halako mokaduari, eskura jarriz gero?». Orain Kerman da mutu geratu dena, bera ere ezustean harrapaturik, harrigarriki deseroso.

        Neskak badatoz guregana, oholtzatik jaitsita, eta horrek libratu du Kerman Galarretari erantzutetik. Bere Coca-Cola Zeroa luzatu diot Katxalyni. Begi keinu bat egin didala iruditu zait. Baina ez nago ziur. Itzalargitan dakusat. Urdanga. Nirekin jolasean jarraitzen du. Ez du alkoholik edan arrats osoan. Egia esan ez dut ikusi ezer edaten bidaiaren hasieratik. Tabakoa du bizio bakar, antza. Baina bere buruaren kontrola galaraziko liokeen substantziez ez da fio. Edo behintzat hala interpretatzen dut nik bere jokamoldea. Dominatzaile sena duen jende gehiena halakoxea da. Alkohola menperatuen droga da. Ez ninduke harrituko, ordea, lerro zuri bat sudurreratzen ikusiko banu geroxeago, komunetara daraman pasabide ilunean.

        Hasi da Kermanen kanta. Gauza arraro bat. Galarretak ez du ezagutzen. Katxalynek argitu dit: «Hercules and love affaire». Txineraz esan balit berdin izango zatekeen. Oso disco sonatzen du. Oso... gay. Eta ahots hori. Noski. Babo alaena ni. Kermanen deserosotasuna arestian, Galarretak Katxalynengatik galdetu dionean. Bere jarrera barrenkoia, bere aldarte malenkoniatsua, edaten dituen emakumeentzako cocktail horiek. Hezur-haragizko estereotipoa. Eta ni ohartu gabe. Hortaz, nire fan guztiak homosexualak dira. Hau da hau. Blind da abesten ari dena, Katxalynek bere ezpainak nire belarrira arrimatuz zehazten didanez. Eta plazer ikara batek kordokarazi nau, haren gorputzaren eremu magnetikoan sartu naizenean. Blind. Itsua, ingelesez. Ni izan naizen moduan.

        «Begiraiok, motel» bota dit orduan Galarretak. «Zer?». «Begiraiok gizajoari kantatzen duen bitartean, bihotza puskatuta zeukak». Kermanen begiak bilatu ditut baina urrutiegi daude ezer ikusteko. Galarretaren begiak, aldiz, bustiak daude. Garagardoak gainezka egiten bide dio begietatik. «Kermanen bihotza puzzle desegin bat da» jarraitzen du Galarretak, mozkorraldia eta inspirazio poetikoa nahasiz. Besoaz sorbaldak inguratzen dizkit, konpasioa adierazi nahi balit bezala. Espero dut besteek ez dituztela aditu Galarretaren komentarioak. Lotsatuta sentitzen naiz. Irainduta nire gizontasunean, nahiz irrazionala izan, nahiz ez nukeen behar. Katxalynen begiei ironia txinpartak darizkie, ala beste zerbait.

        Bukatu du Kermanek. Denek inguratu eta zoriondu dute. Ondo kantatu du. Sentimenduz. Katxalynek atzetik bere besoez inguratu du, arreba nagusiak neba txikia hartuko lukeen moduan.

        «Iepa» da atera zaidan hitz bakarra. Eta bizkarrean txaplakoa egiten diot, bere Cosmopolitana luzatuz. Ez dakit zer esan. Nire hitzen zain dagoela iruditzen zait. Denak daudela nire hitzen zain. Beharbada ez da hala. Nire irudimena baino ez da. Halere, zerbait esatera kondenatua sentitzen naiz. «Laster nire txanda izango da» diot. Eta komunera noa.

        Komunetik bueltan, gin-tonica kolpez bukatu eta bokalizazio bat egin dut, ozen, txantxa giroa berreskuratze aldera. Aurretik gertaturikoa ezabatu nahiz. Izan ere, Kermanen istorioa interferentzia galanta da nire Katxalynekiko asmoetan. «Aupa Caruso!» bota dit Galarreta hordituak. Estimatzen dut une horretan bere gizontasun sinplea. Astazakil bat da, hippy hatxebero zaharmindu bat, idazle petrala baino petralagoa, baina badu zerbait lasaigarria hura ondoan edukitzeak. Prebisiblea da.

        «Erakutsi nor den hemen nagusia, Rafa, adi daukazu Matxalen» murmurikatu dit Katxalynek, edalontzi hustua eskutik kendu eta oholtzarantz bultzatzen nauela. Bidearen erdia egin eta jiratu naiz. Atzeraka nabil orain eta begietara begiratzen diot, urrundu bitartean, baina ez naiz ausartzen esatera beretzat abestuko dudala. Amets zoroenek setiatzen dute nire arrazoiaren gotorlekua. Gogor nago.

        Oholtza gainetik desberdin ikusten da tokia. Zeinen gazteak diren denak... bertigoa sentitzen dut. Zorionez, musika hasten da. Jazz orkestraren doinu leunak hedatzen dira, aurreko kanta guztien arrunkeria lurperatuz. Klarineteak lehenik, bateria arin baten laguntzaz, eta Frankie handiaren izpiritua nire gorputzera sartu da, zuzenean zerutik erorita, oinaztargia bailitzan: I've got you under my skin... Ez dakit Sinatraren izpiritua den edo gin-tonica, baina eroso darabilt ahotsa, crooner petoa dirudit. Letra ezagutu ez arren, aurrera egiten dut, lotsarik gabe, simili-ingelesez, nire aurrean dudan hitzen paperari begiratu gabe. Errepika perfektu atera zait, eta darraion faltsetea Bono-ren bertsioko marikoikeria bat dela oroitzerako, atzean dago jada, eta ez zait gaizkiegi atera. Ez dit ezerk erresistitzen. Azken aurreko crescendoa izugarria da, eta amaierako pianissimoak atea zabaltzen die gau osoko txalo beroenei. Aurkezle gorbatadunen zorionak ere irabazi ditut, saioko bakarrak, eta banoa, garaile, nire lagunengana, nire Katxalynengana.

        «Un aplauso para nuestro veterano» entzun dut bozgorailutik, gure mahaira iristen ari naizela. Putasemea. Hi ere zahartuko haiz, eta uste baino lehen, gaitzesan dut neure kolkoan. Denek zoriondu naute, Kermanek izan ezik. Galarreta nire adiskide onena bihurtu bide da. Bere garagardoa luzatu dit, egarri izango naizelakoan.

        Bukatu da karaokea. Ixtera doaz. Kaleratu gara. Hotelera sartu ala ez da galdera. Bihar arratsaldean daukagu itzulerako hegazkina. Goizeko hirurak dira. Hotza egiten du. Argazki bat atera nahi digu Agurtzanek. Hor dabilen gazte bati eman dio aparailua eta klixe bat ateratzeko eskatu dio. Han paratu gara denok, Julio Cortazar plazatxoaren ertz batean, patata ahoan.

        Bagoaz hotelera.

 

 

Nire gelan nengoen. Hortzak garbitzen. Goizeko laurak ziren. Dutxa bat hartu berria nintzen, iritsi bezain laster. Bizarra ere egin beharko nukeen, baina ez zidan astirik ematen, eta neure burua salatuko nukeen halako gehiegikeriarekin. Katxalynen atea jotzeko asmoa neukan. Gau osoan zehar keinuak egin zizkidan. Edo hala iruditu zitzaidan behintzat. Hala interpretatu nituen hainbat gertaeratxo. Mugikorrak sms baten iritsiera gaztigatu zidan. Katxalynen mezu bat zela otu zitzaidan eta segundo batzuez ez nuen irakurri nahi izan, zorte txarrik ez erakartzeko. Galarretarena zen. «Hi haiz hi crooner-a» zioen. Emaztearen sms bat ere bazegoen, orain dela ordu mordoxka bat, iluntzeko bederatzi eta erdietan iritsia. Kalkulua egin nuen. Donostiatik gaueko ordu bat eta erdietan bidaliko zuen. Hortaz, itzarrita egon zen, niri mezua bidaltzearren. Nire irakurketa nola joan zen jakin gura zuen. Errudun sentitu nintzen. Bi egun eta erdi neramatzan mezu bakar bat ere bidali gabe. Erabat ahantzi zitzaidan emaztea ipuin berriaren idazketarekin. Berriz ere kalkulua egin nuen. Goizeko zortziak ziratekeen orain etxean. Dei niezaiokeen. Gosaltzen egongo zen.

        Baina ez neukan astirik. Huraxe nuen azken aukera. Eta gainera orduan deitu edo sms bat igorriko banio, jakingo zukeen esna nengoela, hau da, kanpoan ibilia nintzela ordura arte. Mugikorra gau-mahaitxoan pausatu eta gelako atea ireki nuen. Pasilloa hutsik zegoen, larrialdietarako ihesbidea seinalatzen zuen ikur orlegiak soilik argiturik. Ilunabar horretan isiltasuna ozena egin zitzaidan. Arestiko irakurketan bezala, nire bihotzaren taupadak senti nitzakeen, oraingoan kaskezurraren atzealdean, bonboa bailitzan.

        Katxalynen ate aurrean dardarka sentitu nintzen. Odola buruan bildurik, izoztuta neuzkan gorputzaren muturrak. Alkoholaren eragina gutxituz zihoakidan, eta berarekin batera kemena. Haatik, zerbaitek bultzatzen ninduen atea jotzera. Beharbada, azken aukera serioa zelako kontzientziak. Hiltzeko orduan gogoratzea merezi duten une horietako bat bizitzeko azken aukera, esan nahi dut.

        Atea azkazalaz igurtzi nuen. Barruan pauso batzuk entzun nituela iruditu zitzaidan. Kolpetxo bat jo nuen hurrena, hatz erakuslea kakotuz. Ez zen ezer entzuten. Makurtu, beheko zirrituari begiratu eta barrua argiturik zegoela konprobatu nuen. «Katxalyn» esan nuen, erdi ahapeka, erdi ozen. Beste une luze bat igaro zen.

        Etsi nuen. Edo, etsipena iristeko presaz, nire gelara jo nuen, beldurrak ausardiari gaina harturik.

        Eta berriro itzuli nintzen, hortik minutu pare batera, nire gelako atea ixtea lortu gabe. Ezin nuen aukera pasatzen utzi. Damutuko zitzaidan ez banintzen saiatzen.

        Hiru kolpe gogor jo nituen atean, arnasari eusten niola.

        Atea ireki zidan. «Zer da, Ander?». Ate erdi irekitik Katxalynen ohean sartuta ikusi nuen Kerman, soin hutsik, zigarroa erretzen. Katxalyn kulerotan zegoen, gainean jarri berria zukeen jertse batekin. «Barkatu». Hitzik ez nuen aurkitzen nire presentzia justifikatzeko. «Zera, zalantza bat neukan. Baina, noski, berandu da. Bihar hobe...», eta alde egin nuen.

 

 

Emazteak ez dit inoiz barkatu karaokearena. Edo, hobeto esatearren, itzulerako egunean mugikorraren erantzungailuan utzi nion mezua da barkatu ez didana. Azaltzen nion nola irakurketa arrakastatsuaren ondoren denok afaltzera joan ginen, Eusketxekoekin, milanesak ematen zituzten jatetxe batera, eta nola luzatu zen afaria, guretzat antolatu zuten tango emanaldi kaskar bat zela medio. Esaten nion, baita ere, bere sms-a irakurtzerako beranduegi zela etxera deitu ahal izateko.

        Ordea, emazteak, Agurtzaneren Berriako kronika irakurtzeaz gain —zeinetan gure egonaldiaren bertsio ofizial gatzik gabea eskaintzen baitzen—, Katxalynen bloga ere egunero-egunero bisitatu zuen egonaldiak iraun zuen bitartean. Izan ere, Agurtzanek blog horren berri eman baitzuen bere kronikaren lehen igorketan. Eta Katxalynen kontakizuna, jakina, ez zen gatzik gabea.

        Oso laster joan zen dena. Beti entzun izan dut dibortzioak luzeak, papereriaz trabatuak eta mingarriak izan ohi direla. Bada, gure kasuan (nire esaten ohitu beharko naiz) ez zen hala gertatu. Argentinatik sartu nintzen egunean, emazteak harrera normala egin zidan. Hondarribiko aireportura azaldu eta etxera eraman ninduen. Bidaiaz galdera arruntak egin zizkidan —azken aukera bat eman nahian— eta nire erantzun gezurtiak estoikoki entzun zituen. Alegia, ez nintzen ezertaz ohartu. Etxera iritsitakoan siesta egiten utzi zidan. Lo igaro nituen orduak hainbat enkargu egiteko baliatu zituen. Besteak beste, farmaziara joan zen nire tentsioaren pastillak berritzera, itzulerako hegaldian palpitazioak pairatu bainituen. Esnatu nintzenean, ohearen ertzean eseri, Lisinoprila eman eta bere erabakia bi esalditan iragarri zidan: «Ander, egia gorde egin didazu. Hala ere, ez dut uste horregatik bakarrik dibortziatuko naizenik». Bigarren esaldia zen mingarriena, jakina, eta zalantza zapore iraunkorra utzi zidan ahoan. Ni mintzeko esan ote zuen «horregatik bakarrik» ez ninduela uzten, edo aspalditik atsekabeturik neukala eta kontratuarekiko zintzotasunez baino ez zela geratu ordura arte nirekin adierazi nahi izan zidan, benetan?

        Nolanahi den, gehien harritu ninduena min edo tristura handirik ez sentitzea izan zen. Lehen egunetan, ondoko asteetan, zerumugari so egon nintzen, uhin depresiboa noiz etorriko zain. Baina ez zen etorri. Tentsioak ere ez zidan beste sustorik eman.

        Emaztea beti asko maite izan dut, baina ez dit minik egin banantzeak. Oraindik ere ez dut ulertzen zergatik. Haurrik ez zegoelako tartean? Ez dakit. Ez dut uste «horregatik bakarrik» denik, bere formula mailegatzearren.

 

 

Katxalynen blogaren irakurle leialenetakoa naiz. Argentinako bidaiaren egonaldiaren kronika eredugarria iruditzen zait. Zenbat aldiz ez ote dut irakurri, irribarrea ezpainetan? Zenbat aldiz ez ote ditut begiratu berak mugikorraz filmatu eta Youtubera igotako karaoke saioko bideoak? Neure burua pertsonaia bihurturik ikustea, Katxalynen neurriko idazle baten lumapean, esperientzia berri bezain betegarria izan da niretzat. Zeinen ondo harrapatu dituen nire jokamoldeak, itxura, maniak, soslai psikologikoa. Galarreta armairutik atera duen modua krudel samarra iruditu zait, baina horrelakoa da Katxalyn, inork baino hobeto dakit nik. Kontua da, berari esker oso popularra bihurtu naizela denbora gutxian, idazleen gremioko pertsonaia popularrenetakoa, baita gazteen artean ere. Nire liburuak irakurri ez dituztenek ere ezagutzen naute orain. Eta nire liburuen salmentek nabarmen egin dute gora azken urtean. Harriturik komentatu zidan fenomenoa nire argitaldariak, urteroko autore eskubideen txekea eskura emateko Bulebarreko Barandiaranen elkartu ginenean. «Oraintxe idatzi behar huke eleberri bat, edo ipuin liburu bat, nahi duana. Burdina bero dagoeno jo beharra zagok. Hire izena bolo-bolo zabilek denon ahotan. Orain argitaratuko bahu erraz salduko genikek».

        Galarretari gutun bat idatzi diot, adiskidantza eskainiz. Zintzoa da nire proposamena. Ukitu egin nau nitaz maiteminduta egon dela jakiteak. Hemendik aurrera hobeto idatziko duela esaten diot gutunean, outing bortxatuaren zauria itxiko zaionean. Telefonoz erantzun dit, suposa dezakedan lotsa izugarria gaindituz. Beste Galarreta bat ezagutzen ari naiz. Maiz ikusten dugu elkar.

        Eta idazketari lotu natzaio. Baina ez eleberri bat egiteko. Ezta ipuin liburua ere. Lehenik Katxalyni idatzi diot. Hain irakurria den bere blogean mezu bat utziz. Bertan neure buruaz barre egin dut, Katxalynek egindako nire erretratua are gehiago kargatuz.

        Gero neure bloga sortu dut. Irakurtzen ari zareten hauxe.

        Blog honen izenburuak zer esan nahi duen galdetu didazue, irakurle maiteak, zuen mezuen bitartez, behin baino gehiagotan. Bada, orain aseko dut zuen jakin-mina.

        Dakizuenez, neure blogak beste izen bat izan zuen hasieran. A.-ren dibortzioa eta zuen dibertsioa deitu izan da. Eta nire dibortzioa kontatzeko asmoz sortu nuen. Etor zekidakeen uhin depresiboari aurre egiteko, partez, baina, batez ere, sentitzen nuelako zuengan interesa piztu zezakeela. Izan ere, Katxalynek bere blogaren bitartez eman zidan ospeari esker, banekien jende askok izango zuela horrelako zerbait irakurtzeko jakin-mina. Gero, noski, nire talentuaren baitan zegoen irakurlea fidelizatzea ala ez. Bloga sortu, lehen kronika eskegi —emaztea eta bion ezkontzako argazki txuri-beltzezkoa eta guzti— eta Katxalyni beste mezu bat bidali nion. Mesede gisa eskatzen nion nire blog sortu berriaren esteka jar zezan bere blogean. Eta jarri zuen, segituan jarri ere. Arrakasta berehalakoa izan zen, ondo dakizuenez (hau irakurtzen ari bazarete).

        Katxalynek nire blogean iruzkin bat utziko zuela espero izan nuen, alferrik. Baina, horren ordez, hortik astebetera gutun bat helarazi zidan etxera, postaz. Barruan ile moltso bat aurkitu nuen. Ile labur samarrak, beltz-beltzak, kirikolatuak. Usaindu nituen. Pubiseko ileak ziren. Katxalynek bere pubiseko ile moltsoa bidali zidan. Eta mezu batez horniturik: «Zaharrak gustuko banitu ehizatuko zintuzket. GRRRR!... Eskerrik asko dibertsioarengatik». Estimatu nuen, zinez, antzinako moduan paperean eta eskuz idatzi izana mezua. Nik ere eskuz idatzitako mezua igorri nion: «Nirea da plazera, emakumea».

        Ile moltsoa nire ohe gainean daukat, paretan eskegitako marko batean sartuta, eta honako leloarekin: «Scalp. Basque writers tribe. 2009».

 

                        Posted by Ander G. :: 10:16 PM :: 17 comments:

                        http://K.ren beheko moltsoa.blogspot.com/

 

 

 

© Ur Apalategi

 


www.susa-literatura.eus