Mulato zurbil eta mestizo ilun baten galderak
—Jon Alonso—

 

        —1. Edozein kolonizazioren azpian dagoen gehiagotasun-ideiak nazka ematen dit. Baina dudak ere badauzkat; esaterako, Kongo eta Ipar Euskal Herriko kolonizazioak elkarren pare jartzeko kolonizazio-prozesuak al dira? Elkarren pare jarriko genituzke Kongo eta Nafarroako kolonizazio-prozesuak, esaterako?

        —2. Kolonizatua kolonizatzailea ere bada —edo kolonizatzailearen laguna—, menperatua, neurri batean, menperatzailea ere den moduan. Nori kolonizatze-menperatze piramideko zer toki egokitu zaion. Guztiz afera korapilotsu, kontraesankor eta analizatzen zaila da. Bestalde, kolonizazioaren mekanismoak —militar, kultural, erlijioso, politiko, ekonomiko eta are psikologikoak— ugari ez ezik, nahikoa ezberdinak ere badira. Denak berdin hartu behar al ditugu? Bertrand de Turckheim eta matematika wolofez erakusten duena berdin hartu behar al ditugu? Galdera honen barruko beste azpigaldera bat: euskara maileguz bete duen prozesua, zer da, kulturala, edo kolonizazio-prozesua, edo kultural-kolonizatzailea, edo hiruak? Askeago ginateke euskarak Oteitzak bereiztu zituen lau edo bost euskal erro autentiko horiek baizik edukiko ez balitu?

        —3. Alderdi politikoek inmigrazioaren gaia gaizki eta berandu bereganatu izanaren, ONGen eta abarren presioari esker nire herriko hirigintza zinegotzia eskuin muturrekoa eta beltza —kostako da, baina iritisko da, ikusiko duzue— denean, zer egin behar dut?

        —4. Zergatik deitu diote "nobela" saiakera —edo, besterik gabe, "testu"— eder, jori, mamidun eta erakargarri honi?

        —AZKEN OHARRA: saihestezina izango da, noski, eta zuek ere ohartu zarete, jakina, baina kapitulutik kapitulura doan denbora tarteak irakurketa zaildu egiten du (agian hemendik aurrera, testua askoz definituagoa denez, ez du hainbeste inportako)

 

2001-07-02