Dialektika nobelari aplikatua
Aurreko mezuaren lehen erdia galdu egin zen hor nonbait, badirudi sareak ez dituela arrain guztiak harrapatzen. Ez dut zaharrak berritzen ibili nahi ordea, beude arrain haiek nonbaiteko linboan, eta ekin diezaiodan oraingoari. 2. kapitulua hemen dugu. Zorionekoak gu! Ohi duen bezala, ustekabean harrapatu gaitu berriro Izagirrek. Nobela dialogikoaz hitz egin zuen aspaldi Sarrionandiak. Kirtena, behar duen legez, berak izan arren oraturik, komentaristokiko elkarrizketa antzeko bat sumatzen da idazketan, eta horrek halako harrotasuntxo bat ematen digu, geroko maisu-lan bateko sorreran kide izan garela edo. Dialogikotasun horretaz aparte, marxismoa modaz pasata badago ere, dialektika puru eta indartsua darabil Izagirrek, 2. kapitulu horretan nabarmen, senegaldarra/milizianoa/idazlea harremanetan batez ere. Joko ederra eman dezake dialektikak, baina badu bere arriskua ere: nobela osoan horrela etengabean jardunez gero nekagarri gerta ote litekeen; ez asperduraz baina tentsioaren tentsioz. Zati gozoren bat oparitu beharko liguke egileak tarteka. Opari eta abarrez ari garela, miliziano horrek ez al dizue Agirre'tar Nikola Metxa gogorarazi bere zenbait alderditan? Ez dakit Izagirrek jakinaren gainean egin duen ala oharkabekoa den antza, aita beraren seme bi diren aldetik. Bide batez, pertsonaia guztiak (idazle-narratzailea salbu, normala denez) izen eta guzti aurkeztu zaizkigunez, beharbada ondo legoke miliziano-marinel zurrutero-kaskailu honi ere deituraren bat ematea (ez egiteko arrazoiak eduki ditzakeen arren egileak ezkutuan. 3. kapituluan jakinen?) Eta besterik ez, gaurkoz.
2001-04-17
|