Toyota
Toyota ezagutu dut gaur. Garraio lanak rallyetako gidariaren moduan bizi ditu, Paris-Dakar laisterketaren eroak bizi du. Badaki Totoyak, ez du inongo zalantzarik, "basamortuko harea oldarka harrotuz, beldurgarrizko amorruan, Jacky Ickx eta Paul Belmondo eta Henri Pescaroloren aurretik" helduko dela hona, "Al Dakarru nazkagarri honetara neure Toyota zintzoan, zanpatzaile, Paristik honainoko lider" "Toyota hori zoratua dago" jakin dut gero Maktar izeneko baten ahotik. Maktarrek zerbitzaria izan nahi du Parisko jatetxeetan, larru beltzean eskularru zuriak ditu amets. "Bat eginen dute nire hortzekin, nire begiekin, Parisen luzituko ditudan atorra eta mitxirrika zuriekin". Maktarrek ere Paristar izan nahi du Senegalen. "Toyotak letra larriak besterik ez daki irakurtzen, Sanbak ez daki batere eta nik ere ez. Maktarrek begietan dauka oroimena, eta nik belarrietan". Xeik izeneko ahotsa da hori, Bermeoko arrantzale baten morroi dabilen portukumearena. Itsasontzien artean, arrantzaleen lagun, Toyota eta Mektar baino gertuago dago Xeik Paristik. "Xeik hori gizajo hutsa da...", idatz zezakeen Koldo Izagirrek, "orain Sanbaren ahoan...". Baina ez. Ez dio soka horretan jarraitzeko baimenik eman bere buruari.
Izagirre Ez da beltza, ez da senegaldarra Al Dakarruko mutiko txiroen istorioak kontatzen dituen ahotsa, Afrika inoiz zapaldu ez duen hori, zuri hori. Ez diot izenik ezagutzen. Ordurarteko haria hautsiaz agertzen da narrazioan, oraingoz izenik ez duen narrazioan. Fikzioa hausten du ahots horrek, fikzioa beharrezkoa baina ezinezkoa dela esanaz egin ere, eta beste fikzio maila batera iraganaz. Fikzioa egiteko fikzioa ukatu behar du idazleak, adiskide izateko gorrotatu egin behar du pertsonaiak, "lintxatu den beltz bakoitzaren adiskidea izan bainintzen ni, beltza lintxatu duten zurien lagun hau, nire adiskide minena lintxatu duten zurien umea naizen hau".
Susa.com Toyota, Maktar, Xeik eta Sanba eta Sanbarena egin zezakeen kontalaria Koldo Izagirrek asmatuak dira. Bere azken nobelaren lehen atalean ezagutu ditut, lehen atalaren lehen idazketa definitiboan. Sortzen ari dira ahotsok oraindik. Nobela idazteko dago oraindik, idazteko trantzean dabil Koldo Izagirre. Liburua argitara eman baino lehen, itxia, burutua, bukatua, betirakotua, sarean jarri du Koldok, eremurik zabalenean zabalik, bukatu gabetan. Ordenagailuaren pantailatik idazlearen mahaia zelatatu ahal izango dugu. Hurrengo atalak, bukatu ahala emango dizkigu Izagirrek irakurtzera, banan-bana, web orri batean: www.susa-literatura.eus. Aipatu dut lehenago ere webgune hori, hurrengo egunetan ere albiste izango dena. Susa (eta antzeko argitaletxeak, hain premiazkoak zaizkigunak) ez dira saltzeko bizi, bizitzeko saltzen dute. Literatura maitatu egiten dutenez, dohan emateko joera dute. Irakurleon plazerrerako. Zelatarien atseginerako. Koldo Izagirreren literatura miresten dugunon zori onerako.
2001-03-18 (El Diario Vasco-n argitartua)
|