"Beagle itzul zuan, Martin"
    Iñigo Aranbarri


    (narrazioa)
    32 orrialde

Zuretzat espreski idatzi eta inprimatutako liburuak dira hauek.
amukoak bildumako liburuak doan jasoko dituzu
Susaren web guneko dendan erositako liburuekin batera.
Ondoko testua liburuko pasartea da.

 

  Hara, hemengo poeta batek, Ovidio Martinsek, halako giza zientifikotasun batez erantzuten ziok Cabo Verde ikusita burura datorkian aurreneko galderari, alegia, nola litekeen harri arte honetan bizi, zer jan ez badago. Erantzuna muturren aurrean genian bai Darwinek eta baita nik ere, baina Poek zioen bezala, begien bistan duana duk gaitzena ikusten: "as cabras ensiraram-nos a comer pedras / para nâo perecernos".

        Ahuntzek erakutsi ziguten harriak jaten, hil ez gaitezen... Baina ahuntzentzat ere, harria azkena duk, eta ahal badute, plastikoak jaten aurkituko dituk ezein bazterretan, edota independentzia ostean txinatarrek eraikitako parlamentuko loreak ebasten hesi bestaldetik, libre. Gizakiek, aldiz, harriak amaitu zaizkienetan, kanporako bidea hartu behar izan ditek hemen. Lehenengoak, aspaldi, oso aspaldi partitu zituan Estatu Batuetako ontzi baleazaleetan. Brava-koak izan zituan joaten aurrenak. Fogo eta Sao Nicolau-koak ondoren, haien orpoz orpo. Eroaldi hartan, hamazortzi mila lagun inguru sartu zituan New Bedford-eko atetik american way of live-n. Ametsari laguntzeko, ozeanoaren bestaldera eraman zituzten ontziek ere, halakoxe izenak zitiztean: Morning Star, Sunbeam, Josephine, Adelia Chase... Gero, sikateek eta goseak hegoaldera bidean jarri zitean caboverdetarra, Sao Tome eta Printzera batez ere, banana plantazioetara, baina izan zituan administrazio kolonialarekin, portugesekin Angolara joan zirenak ere. Beste askok, irlatasunak itota, kontinentearen bila jo zitean, eta Senegalgo kostan, Dakarren-eta aurki ditzakek gaur egun. Europara beranduago helduko zituan. Metropoliak ez zitian 60ko hamarkadara arte hartu, bertako beharginak Frantzia, Suitza edota Alemaniarako fabriketara jo eta Portugal bera langile beharrean izan zen arte...

        Ikusten duk, Beagle-ko marinelak, behargin portugesak, jateko harririk ez duten caboverdetarrak... hi ez ezik, etxetik kanpo zabilek hemen mundu guztia. Eta hala ere, urteek aurrera egin ahala, etxea beti duk zain, ostera noiz hartuko. Han duk hire aulkia, Martin, han hire mahaia eta hire ohea. Hire oinak —sustrai zaharrok— lur hartakoak dituk, askotan ohol eginda baino itzuliko ez haizela begitantzen zaian arren. Darwin Gamboako hondartzara heldu zen sasoian, Praian bazegoen etxetik kanpo zebilen beste euskaldun bat. Rodrigo Bernardo Artiaga zian izena, eta esklabo jabe moduan agertzen duk garaiko paperetan. Joaquim Pereira Marinho Gobernadore Nagusiaren Conselhoko kide hautatu zitean, eta kargu huraxe zian 1835eko abenduan jaun zuriek, esklaboak denak hiltzeko konspiratzen ari zirela jakin eta matxinatuen kontra odol eta gar ekin ziotenean.

        Ez iezadak galdetu nondarra zen, enteratu beharko diagu gure herriko infamiaren historia hori egiteko, baina Praiako telefono zerrendan begiratuz gero, ez Artiaga, baina baduk, oraino ere, Arteaga bat izen portugesen artean. Ez diat honi deitu eta beste Artiaga anker haren oinordekoa den galdetzeko kuraiarik batu, baina polita duk kontua, bertakoa ez zen jabe zuri bat izan zuan bertakoak ez ziren esklaboen zigor, ezen, hemen, inor ez zuan, berez, bertako norbait kanpoko bazen. Cabo Verdek badik hori.

 

 

© Iñigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus