"Songs from Ithaka"
    Itxaro Borda


    (narrazioa)
    44 orrialde

Zuretzat espreski idatzi eta inprimatutako liburuak dira hauek.
amukoak bildumako liburuak doan jasoko dituzu
Susaren web guneko dendan erositako liburuekin batera.
Ondoko testua liburuko pasartea da.

 

  — Sokrates, ohartarazi zion deblauki, hil zinen egun hartan, kontatu zenizkien ipuinekin plazer hartuko zenuen.

        — Ez nuen nahi zango puntetarik bihotzaren barneraino hormatuko ninduen herioaz pentsa zezaten. Negar egin duzu oraino, ez?

        — Malerusa sentitzen naiz. Erraten didate ez nukeela triste izan behar. Baina pasatu ditudan hogei urteak kontsideratzen ditudanean, konturatzen naiz nehork ez nauela maitatu.

        — Egoera makurtu duzu zuhaurk ere. Harpetik jalgi zara. Munduaren mugak eta minak ezagutzeko gogoa omen zenuen. Ikasi duzu, urguiluaren ordain, ziklopeak, lestrigonak, lotofagoak, kikonesak, sirenak, Karibda eta Zila ez zirela gezurrezko asmakizunak.

        — Hobe liteke naski deus ez baneki. Itsua banintza.

        — Homero bezala?

        — Bai. Eta kanta baneza ikus ez dezakedan ordoki eta hitz mehatxatuaren herstura sakona.

        — Ematen du, artekatu zuen Sokratesek isilune baten ondotik, harpearen gozotasun urrunduaren nostalgia daukazula.

        — Ez. Ele-kide ments gelditu arren ez natzaio itzuliko.

        — Hauxe kasko gogorra! Zer da desiratzen duzuna orduan?

        — Ez dakit. Ez nintzake bestela, Tiresiasek zaindu ifernu honen hegian zurekin egongo, erantzun zion. Amodio malko batekin edo itzala bezain iheskor litekeen adiskidantza apurrarekin aski nuke menturaz.

        — Jadanik ez dakizu hitz egiten.

        — Ezpainak zornetegi dauzkat, ahoskatu zion. Eki zuriak larrua erretzen dit eta aspaldion ez dut izaki bizidunik gurutzatu.

        — Gutxienez zeure burua pati ezazu, erran zuen Sokrates asper egotxiak. Ahalezkoaren aurkako gerla suntsikorra daramazu golkoan. Ez hauta bakearen eta gerlaren artean. Ez du garrantzirik.

        — Dena galdu dut.

        — Beti zinkurinaz. Egizu soleituko zaituen zerbait.

        — Ithakara joan naiteke?

        — Demagun, xuxurlatu zuen Sokratesek, ozeanoaren hagunetan desagertuz.

        Ioniar itsasoko goiz zohardien leinuru arrosa otoizten zuen.

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus