Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

SUDUR HANDIKOEN KOMERIAK

 

        Bazen behin, Keniako sabana zabaletan, Tontopof izeneko elefante bat, izenak adierazten duenez adimenaz soberan ez zebilena.

        Egunen batean, elefanteen ohiturei jarraituz haren tronparen laguntzaz belarra jan eta jan ari zela, txingorri-jale hartz bat inguratu zen, hau ere sudurluzea, jakina, eta txingorriek markatutako bideari segika, txurrup-txurrup, hamaiketako ederra egiten ari zena.

        Hura urrundu orduko Tontopofek, bere harridura lau haizetara zabalduz:

        — Hori trebetasuna horrek daukana! Hori egiteko kapaza izan nahi nuke! Ahaleginak egingo ditut, ze arraio!

        Haren saldokideak ziren Patxak, Haunditz eta Dunfo, hau entzunda, agure zuhurren antzera buruak aide batera eta bestera mogituz, Tontopof piska bat argitu nahian hasi ziren:

        — Ez hadi ergel izan! Dela miloika urte belarjaleak gaituk!

        — Ez hadi txoru izan! Daukaan enbor horrekin nola demontre nahi dituk txingorriak harrapatu?

        — Ez hadi tontolapiko izan! Irentsiz gero ere azkure ikaragarri bat izango duk lortuko duana, inongo elikadurarik ez eta bai arazo franko!

        — Isil zaitezte, pakidermoa alenok! Nere trebetasunaz Sabanako biztanlegoa txundituta utziko diat!

        Eta hau esanda, dijnitate itxura ikaragarriak hartuz, txingorriak bilatzeari ekin zion.

        Baita azkar aurkitu ere! (Izan ere, Afrika txingorriz josita dagoela zuntzunenak dakien zerbait da) Berehalaxe langile porrokatuek haien ibileran egindako lerro etengabea somatu eta hanken artean hartuta, indar guztiaz zurrupaka hasi zen. Segituan, aspiradore horren ahalmenaz txingorri-metro batzuk egin zituen eta pozaz zoratu beharrean lagunengana itzuli zen.

        — Lortu diat, lortu diat! Afrikako elefanterik azkarrena nauk!

        Lagunek behiek trenari bezala begiratu zioten, molestatu besterik egiten ez duen zerbaiti bezala, alegia.

        — Hi erotuta al hago? Ergelkeria hori egiteagatik hire burua azkarrenatzat hartzen al duk? Babu arraioa!

        Tontopofek inbidia zer den ia ba al zekien galdetu behar zion, baina orduantxe gudaroste txiki baina ekinkor bat martxan jarri zitzaion barrenetan.

        — Uuuii, egon, egon, a, ez zekiat zer gertatzen zaidan, oooh, hau ondoeza sentitzen dudana! —Hau esan eta loteria ateratakoaren antzera saltoka hasi zen, txilipurdika larretik, aurpegia more-more jartzen zitzaion bitartean.

        — Amatxo maitea! Kilimanjaroko Birjina! Hau mina! Hau lehertu beharra! Hau azukre ikaragarria!

        Gainontzekoek paso egin zuten Tontopofen arazoetaz baina Dunfo errukitu egin zen:

        — Noski! Hire urdaia ez zegok txingorriak dijeritzeko egina eta hor ari zaizkik jo ta fuego!

        Ez dago etsai txikirik, Tontopof honez gero etsi-etsi eginda zegoen, Masaitarrei ikasitako tako guztiak errezitatu zituen, baina sufrimenduak tinko zirauen.

        — Ezin diat jasan! Hil egingo nauk!

        Dunfok orduan pelikula hartan Charlton Hestonek egindakoa gogoratu zuen, Marabunta, txingorri-oldar ikaragarria, nola menperatu zuen, hain zuzen ere. (Dunfo oso zinezale zen, batez ere Buster Keaton atsegin zitzaion).

        — Ura edan ezak, ito itzak maizterrak!

        Hau entzunda, aintzirara zeuden bi kilometroak hamazazpi segundotan korritu eta Tanganikaren ur lokaztuetan murgildu zen, hipopotamoak dexente harrituz. Kontatzen dutenez, geroztik txingorri bat ikusi orduko harrapaladan ospa egin edo zuhaitzetara igotzen zen, «urrundu, urrundu, nazkagarri hori!» ozenki oihukatuz.