Amets bizia
Amets bizia
1986, nobela
142 orrialde
84-398-5748-9
Eukene Martin Sampedro
1948, Bilbo
 
1985, nobela
Amets bizia
1986, nobela
142 orrialde
84-398-5748-9
aurkibidea
 

Zenbat denboratan dihardut erizainaren maskaraz? Auskalo! Ez dakit noiz hasi, noiz bukatuko dudan ere. Baina ogibide onest eta hijieniko hau utzi behar dudala ziur dut.

Ezin ditut gehiago lankide horiek jasan. Semaforo-brusetan zorroraturik, barregura txinatarra han hemenka, jauzi laburretazko ibilkera ixila, jaki-jolasean diharduten umeak bailiran.

Ezin ditut kontsultadira datozen munstroak berriro ikusi. Gizon zahar burusoil sifilitikoak. Etxekoandre zapuztuak. Erreformategi batetatik ihes eginiko haur zakarrak. Neskazahar erriprimituak. Akasdunak, idiotak, gaixoak, txiroak, zarpailtsuak: giza-aberearen mami bitxiduna oro.

Baina hauek guztiauek kontsultara heldu orduko aulki mekanikoan eseri eta beraien aho beltzak agerian uzten dituzte. Ahoak agerian, ea belagileak beraien barne zikinkeriak osatzen dituen. Ahoak agerian, ahotik darizkien pekorotzazko tripak aurpegira jaurtikitzen dizkidate. Ahoak agerian, pekatu ustelduak lurruntzerakoan garbituko bailiran. Apaiz-haginlariak konfesalekuan gorotz kiratsu guztiak parka ahalko bailizkien.

Ezin dut ahotik loratzen den barne kantzerra pairatu. Anfiteatro madarikatua, zeinetan makina bat ikuskari makabro antzeztu bait da, inozenteki desestaltzen didate. Anfiteatro horren harri birrinduak, birkonpondu behar, beste hainbeste hiltze, ezbehar, jarraitzeko asmotan.